Ikasle antolakundeak eta Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak iazko azaroan "euskararen aldeko" ekintza baten harira deitu dituzte deklaratzera. Bi eragileek salatu dute epaia euskararen aurkako oldarraldiaren "beste aurpegi bat" dela, eta instituzio publiko zein agintari politikoei exijitu diete dagokien erantzukizuna bere gain hartzeko.
Ibaetako (Donostia) Ikama eta Donostiako EHE eragileak Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzara jo zuten iazko azaroaren 20an, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeari gutun ofizial bat erregistratzeko asmoz: haien arabera, gutun horren bidez "euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak" eskatu nahi zizkioten, euskararen kontrako oldarraldiaren harira.
Jaurlaritzaren egoitzan, ordea, bi eragileetako kideei ateak itxi zizkieten gutuna erregistratu aurretik: gainera, lekura Ertzaintza bertaratu eta Ikamako sei kide identifikatu zituen. Horren harira deitu dituzte deklaratzera epailearen aurrean ikasle antolakundeko sei gazteak. "Gure kideen aurka prozesu penala abiarazi izana euskararen aurkako oldarraldiaren beste aurpegi bat da", salatu dute epaitegien aurrean ostegun honetan eginiko elkarretaratzean.
Instituzioei deia
Auzipetuek "ez deklaratzeko eskubidea" baliatu dute; eta, beraz, fiskaltzak egindako zigor eskaeren eta epaiketaren egunaren zain geratu dira. Ikamak eta EHEk gaitzetsi dute epaitegiek "militante euskaltzaleak zein euskararen aldeko ekimenak kriminalizatu eta zigortzen" dituztela, eta adierazi dute horrek guztiak ez duela geldituko haien jarduna.
Instituzio publikoei eta agintari politikoei ere dei egin diete "dagokien erantzukizuna" bere gain hartzeko: "Bada garaia euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko eta Euskal Herriaren berreuskalduntzerako neurriak hartzeko".