Igogailuko esaldien kontra

  • Leitzan urriaren 1ean jokatu zen Txapelketa Nagusiko kanporaketaren kronika. Sailkapenak hau zioen: Oihana Iguaran (714 puntu), Agin Laburu (686), Iñaki Apalategi (685), Julio Soto (678,5), Unai Agirre (674,5) eta Oihana Bartra (619,5).


2017ko urriaren 06an - 10:56

- Gaur ere bai?

- Gaur ere bai, Ines.

Ia bi urte elkarri kasurik egin gabe. 678 egun, sei urtaro aldaketa –beren Euskadi Sari, antxoaren krisi, Ertz festibal, sagardo denboraldi, Aldapan gora eta enparauekin– elkarren sudurtzarra ikusi gabe, eta orain zer eta asteburu osoa batera igaro behar. Segurako saioa aski ez eta igandean Leitzara abiatu ginen Inesen Renault Expressean.

- Baina oraingoan ez al zitzaioan Minerri tokatzen?

- Asteburu okupatua zinan. Katalunian zabilen historia egiten.

- Ez duk galduko hura. Eskolarteko Txapelketan ateratzen zenetik ezagutzen diat. Bazian bertsotarako gaia.

Mantso bezain seguru iritsi ginen Leitzako udal kiroldegira, ustez final laurden indartsuenetako bat behar zuena entzutera. Aurreikuspenak bete ziren: maila oneko bertsoaldiz jositako saioa osatu zuen seikoteak. Oihana Iguaran ofizioetan sendo eta kartzelakoan distiratsu; Julio Soto egoki, ohi duen gisan han-hemen puntuak pilatuz, eta kartzelakoan bertsoak ondo jantziz; Agin Laburu ere txukun, zortziko txikian eta hamarreko txikian nabarmenduz; Oihana Bartrak, azkena egin arren, utzi zituen ale politak; Unai Agirrek indartsu hasi zuen saioa, eta zortziko txikian eta kartzelan gorabehera batzuk izan arren, zuzen aritu zen; Iñaki Apalategi, azkenik, oso seguru eta bizi denean, kartzelakora iritsi arte. Azken ariketa hori izan zen, oro har, saioko unerik makalena.

“Eta puntu erantzunak, txikito”, eman zidan abisu Inesek, itzulerakoan saioa errepasatzen ari ginela. Bai baitzuen kontu horrekin arantza bat. “Baigorriko kronikan Minerrek aipatzen zian ez dituela puntu erantzunak batere maite. Nik puntu erantzunekin baino, txapelketako puntu erantzunekin diat arazoa. Ze puntu erantzuna, bere horretan, ariketa oso interesgarria iruditzen zaidak: bertsolaria hormaren kontra jartzen dik, erreakzio azkarra exijitzen ziok, di-da, eta presio horretatik ateraldi oso onetarako abagunea pizten duk. Baina nagok ariketak puskaz hobeto funtzionatzen duela txapelketatik kanpoko testuinguruetan, txapelketan baino. Esaidak, zenbat puntu erantzun antologiko gogoratzen dituk azken txapelketetan?”. Ez nion ezer erantzun, ez daukadalako Inesek eta bere espeziekoek daukaten gaitasun harrigarri hori 93an Sebastian Lizasok Belodromoko goizeko saioan zortziko handian botatako hirugarren bertsoa goitik behera gogoratzeko, eta puntu erantzun biziena ere berdin-berdin ahazten zaidalako biharamunean. Baina Inesek konplizetzat hartu zuen nire isilune hura, eta ziurtasunez segi zuen hizketan. “Gaurko puntu erantzunak nahiko balekoak izan dituk, baina inork ez dik distirarik egin. Seguran, berdin. Eta Baigorrin ere antzera. Puntu erantzun gehienak Elkororen sake errestoak bezalakoak dituk: mantso eta arrastaka buena egin nolabait, eta segi pelotan. Eta hori duk auzia, zergatik ateratzen diren hain lanaldi borobil gutxi”.

Ados nengoen. Sentipena neukan, gainera, berez ariketa horretan ongi moldatzen direnek ere ez zutela lanaldi paregaberik egin ohi txapelketan. Formularik ba ote zeukan galdetu nion Inesi. “Nik ez zakiat nola aldatzen den hori, baina bazakiat nola ez den aldatzen: puntutzat gatzik gabeko esaldi eginak jarrita. Urrutira joan gabe, hor daukak Iguarani gaur jarri diotena: mutilak futbolari/ta neskak printzesa. Puntu horretatik bertso gatzgabe bat ez ateratzeko aukera bakarra kontraerasora pasatzea duk, izan gai jartzaileari tentela deituz, izan puntuko ideia bera erridikulizatuz. Baina hori ez zagok edonoren esku, eta hiru segundotan erantzun behar denez, joera izaten duk ideia garatzen saiatzekoa. Bai, puntuko premisaren kontra egiten duk sarri, baina modu arrazoituan, premisari eman behar ez litzaiokeen estatus bat emanez. Eta, noski, hirutik bitan fail. Beraz, garbi esateko: esaldi eginak, ideia jakinak, igogailuko elkarrizketak puntutzat jartzeari stop!”.

Bolanteari sekulako kolpea eman zion emozioak hartuta. “Eta zer proposatzen dun hik, horren ordez?”, galdetu nion, erdi izututa. “Agian duk kontua gai orokorrak ofizioetarako gordetzea eta puntu erantzunak galdera pertsonaletatik abiatzea. Nik zer zakiat. Baina egungo formula birpentsatu beharra zagok. Apustu egingo diagu: ea zenbat puntu erantzun gogoangarri izaten diren txapelketan zehar”.

Eta paper zuri bat luzatu zidan, zenbaki bat apuntatzeko. Ez nintzen zifra batetik igaro.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude