Igandean itsasoratuko da Palestinaren aldeko inoizko flotillarik handiena, 16 euskal herritarrekin

  • Milaka herritarrek eta ehun itsasontzi baino gehiagok osatuko dute Global Sumud Flotilla, Gazako setioa apurtzeko helburuarekin. Lurretik ehunka kamioik Afrikako hainbat herrialde zeharkatuko dituzte, Egipto eta Palestina arteko mugara heltzeko. “Palestina berriz ere nazioarteko fokuan jarri nahi dugu, baina baita inperialismoa eta militarismoa oro har”.


2026ko apirilaren 7an - 07:00
Gazara martxa EH
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Apirilaren 12an 70 itsasontzi baino gehiago irtengo dira Bartzelonako portutik Gaza helburu, eta bertan itsasoratuko dira nazioarteko ekimen desobedientean parte hartuko duten euskal herritarrak. Beste hamaika portutatik ere irtengo dira itsasontziak, eta Marsellatik abiatzekoak zirenak itsasoan dira jada.

Lehenbiziko aldiz Euskal Herriak ordezkaritza propioa izango du, Gazara laguntza humanitario eraman eta blokeoa apurtzeko asmoarekin ez ezik, “gure borrokekin paralelismo sinboliko bat ezartzeko”, ekimeneko kideek martxoaren 27an eman zuten prentsaurrekoan nabarmendu zutenez: “Estatu indarkeria pairatzen duten herrien arteko lankidetzan oinarritutako mundu baten aldeko apustua egiten dugu”.

Lau helburu nagusi

Hauek dira euskal ordezkaritzak bere buruari ezarri dizkion lau helburu nagusiak. Lehenik “blokeoa haustea: Gazaren gaineko itsas setioa fisikoki desafiatzea”. Bigarrenik, Europako erakundeek eta Espainiako Estatuak Palestinaren okupazio politikekin duten “konplizitatea eztabaida publikoaren erdigunean jartzea”. Hirugarrenik, “euskal mugimendu sozialen eta Palestinako askapen mugimenduen arteko aliantza sareak elikatzea”. Laugarrenik eta azkenik, “konplexu militar-industriala salatzea”.

Azken helburu horri lotuta, prentsa agerraldian hainbat euskal enpresen izenak eman zituzten: “Sionismoarekin kolaboratzen duten enpresa eta bankuak salatuko ditugu –CAF, Sidenor, Kutxabank, BBVA, Santander…–, bereziki armamentu eta teknologia militarra ekoiztenduten enpresak azpimarratuz –Ecia Xemein, Sapa, ITP Aero, Sener, Aernnova, MTorres, Aciturri, AEG Power Solutions, Novatronic, Orbital, Tecnalia…–”.

Euskal Herriko delegazioko kide Gurutze Morado Ibargutxik zenbait zehaztapen egin dizkio ARGIAri. Gaur gaurkoz hamasei dira itsasoratuko diren euskal herritarrak: sindikalistak, BDZ mugimenduko kideak, mugimendu okupakoak, irakasleak, osasun langileak, eraikuntza arlokoak... Delegazioa itxita dago printzipioz, baina barku kapitainen eta medikuen beharra dago oraindik ere, eta horietakoren batek interesa balu martxaagazaeh@gmail.com helbidera idaztera animatu ditu Moradok.

Larunbatean, hilak 11, autobusak irtengo dira Donostia, Gasteiz, Bilbo eta Iruñetik Bartzelonara, flotillan itsasoratuko diren aktibistei babesa adieraztera. Gaua polikiroldegi batean emango dute, eta iganderako euskal herritarrak deitu dituzte 11:30tan Colón plazan batzera, portura elkarrekin joateko.

Lurreko martxari dagokionez, Libiatik, Tunezetik eta Aljeriatik irtengo dira karabanak, eta haien asmoa Egipto zeharkatzea da, Egipto eta Gaza arteko muga egiten duen Rafahko igarobidea helburu.

Palestinaren alde, eta inperialismoaren aurka

2025eko irailean abiatu zen Palestinaren aldeko azken nazioarteko ontzidia Gazara. Ekimenak inoizko oihartzun mediatiko handiena erdietsi zuen mundu osoan, eta mobilizazio handiak piztu zituen, tartean Euskal Herrian. Israelgo armadak indarrez gelditu zituen itsasontziak eta atxilotu aktibistak. Ordutik Palestinako genozidioaren presentzia ahuldu egin da, eta gainera gerrari eta inperialismoari loturiko foku berriak sortu dira: Venezuelako presidentea bahitu zuten AEBek, Kuba erabat blokeatu dute... eta egun Iranera eta Libanora ere zabaldu dute gerra zuzena Israelek eta Donald Trumpen administrazioak.

Nola eragin diezaioke horrek guztiak igandean abiatuko den flotilla berriari? Moradoren iritzian ez dago aurrez jakiterik, baina bi azpimarra egin ditu: batetik, eta balizko arriskuen aurrean, “lehentasuna partaideen segurtasuna” izango dela; bestetik, eta berriz ere Israelgo armadak abordatzeak eta atxiloketak burutuko balitu, euskal aktibistek berdin jokatuko dutela: “Erresistentzia baketsua, eta preso hartzekotan gose greba eta Israelgo agintarien aldetik ezer ez onartu”.

Itsasoratu gabe ere nazioarteko ekimena bultzatzera deitu ditu herritarrak euskal delegazioak. Nola? Diru ekarpena egin daiteke (albiste amaierako irudian dago beharrezko informazioa). Edonola ere, Moradoren esanetan garrantzitsuena da behin flotilla martxan jarrita “gertatzen denari adi egotea, eta antolakuntzatik egiten ditugun eskaera edo deialdiei erantzutea”.

 


2026ko urtarrilaren 13
Erresilientzia

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.