Ideologiaz gaindi dago elkarbizitza


2026ko urtarrilaren 21ean - 10:43
Azken eguneraketa: 15:41
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bizitzan aurrera egin ahala, ikusi, sentitu, entzun edo irakurritakoari buruz hausnartu ostean, pentsamolde bat garatzen joaten gara. Ez beti, etengabeko hausnarketa nekagarria eta kaltegarria baita. Eta beharbada ez denok, hausnartzeko gaitasuna edukita ere, batzuek ez baitute honetarako interesik azaltzen. Une oro norberarengan soilik pentsatzeko joera duten morroiak alde batera utzita, onartu beharra dago sarritan pentsatzeko modua norberaren interesek moldatzen dutela. Izan ere, esango nuke gure ideologiaren arabera bizitzen saiatu beharrean, gehiegitan gure bizi estilo nahia justifikatzen duen ideologia eratzen dugula. Egiari zor, aurreko esaldiko lehenengo kasua gertatuta ere, ia ezinezkoa da gure ideologiaren eta bizitzeko moduaren arteko koherentzia absolutua lortzea, are gehiago, gure pentsaera are idealistagoa den heinean. Gure barneko inkoherentzia hauek onartu beharko genituzke, inperfektuak garela onartu beharko genukeen bezala. Nire ustez, kontua ez da perfektua izaten saiatzea, burua hautsi eta larregi sufritu gabe gure bizitza eta ingurukoena ahalik eta atseginena egiten saiatzea baizik (natura errespetatuz, noski).

Bizi garen bitartean gure pentsaera moldatzen eta eboluazionatzen joan beharko litzake. Bestalde, bakoitzak bizitakoa ezberdina den bezala, hainbat pentsaera mota sortu ahal direla ulertu beharko genuke. Hortaz, norbanakook jasotako hezkuntza, bakoitzaren egoera sozioekonomikoa, edo sentitzeko eta pentsatzeko modu ezberdinak ditugula kontsideratuz, onartu beharko genuke normala dela pertsona bakoitzak pentsaera ezberdina edukitzea. Betidanik esan den bezala, zenbat buru, hainbat aburu.

Espektro hain anitzeko gai honi buruz hausnartzen hasita, ezinezkoa zait kontu honi dagozkion aspektu denak biltzea, ezta forma eta ordena egoki batekin amaiera ematea ere. Hala ere, soilik kontu konkretu batzuk aipatzea gustatuko litzaidake, pintzeladak bailiran.

Esango nuke gure ideologiaren arabera bizitzen saiatu beharrean, gehiegitan gure bizi estilo nahia justifikatzen duen ideologia eratzen dugula

Alde batetik, aipatzekoa iruditzen zait norberaren ideologia defenditzeko dugun joera, maiz besteen pentsaeren gainetik jarrita. Esango nuke jokaera hori gure ziurtasun falta dela eta izaten dela gure postura indartzeko besteei eraso eginez egindakoa (gure interesak defendatzeko ez denean). Bestalde, ikustekoa da askotan beste ikuspuntu edo bizimoduak nola gutxiesten ditugun. Kristautasuna bezala beste erlijio hegemonikoak eragin dituzten kalteengatik gorrotatzen baditut ere, ateoon begietan sinestunak sentitzen diren pertsonak gutxiestea ez zait ondo iruditzen. Ateoak izateagatik berauek baino hobeagoak izango bagina bezala. Erlijio hegemoniko hauek ezartzen dituzten diskurtsoak sinistea, pasatako garai batean mundua ulertzeko modu bat zela uste badut ere, ez dago pertsona hauek baino intelektualagoak garela pentsatzeko arrazoirik. Azken finean, bere bizitza eta ingurukoena ahalik eta atseginena egiten duen hura, berdin zait zein balio edo printzipiotan oinarritzen den. Ezagutu ditut ingurukoen pentsaerak eta bizimoduak errespetatzen dituzten sinestunak, eta jaungoikoak berak baino jokabide autoritarioagoa duten ateoak. Modu berean, ezagutu ditut ezkertiarrak kontsideratu gabe ere, ezagun edo ezezagunekin kolaboratzeko prest dauden pertsonak, eta ezkertiarretan ezkertiarrenak kontsideratuz ere, jokamolde berekoi eta zapaltzaileak erakusten dituztenak.

Ez nago ezkerra kritikatzeko eta eskuina zuritzeko asmotan, eskuineko pentsaera eta praktikak gaitzesten ditudanez, baina ezkerreko zirkulu askotan izaten diren jokaerak errebisatzeko modukoak direla esango nuke. Korporatibismoa alde batera utziz, gure talde ideologikoetan dauden intrantsigente, harroputz, totalitario, eta erasotzaileak dagokien lekuan jarri beharko genituzke. Gure bizitza kontrolatzen saiatzen diren estatuak zapalkuntzan oinarritzen diren bezala, guk ere eguneroko bizitzan jokabide hauek praktikan jartzen ditugu. Jokamolde hauek identifikatu eta erauztea ezinbestekoa da.

Laburbilduz, ingurukoen pentsaera eta jokaera interesatuak ez baldin badira, eta noski, inoren askatasuna urratzen ez badute, nahiz eta gurearekiko ezberdinak izan, elkar ulertzen saiatu beharko genuke. Horretaz gain, beraiekin elkarbizitza egiteko esfortzu bat egin beharko genuke, norbanakoaren pentsaera delakoa izanda ere, batzuetan gure alde egiten dugun bezala, besteetan guretik emanez ere. Eta denaren gainetik, hainbeste dogma errepikatu beharrean, elkarbizitza honetan landu beharreko printzipioak zehaztu beharko genituzke; norbere burua, elkarrenganako eta naturarekiko estimua, maitasuna, zintzotasuna edota errespetua, esaterako.

Haritz Arabaolaza

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Irakurleen gutunak Iritzia
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.