argia.eus
INPRIMATU
Julio Villar, bidaia bizimodu
"Idaztea jokoa da, bizitzea aldiz betebeharra"
  • Donostiako Bulebarrean hartu dugu hitzordua Julio Villarrekin (Donostia, 1943). Mendizalea, eskalatzailea, marinela, abenturazalea...: “Ez naiz abenturazalea, pertsona normala naiz, beste edozein jende bezala”. Eh, Petrel! Cuaderno de un navegante solitario eta Viaje a pie / Mar de nubes liburuen egilea da: “Ez naiz idazlea ere, bistan da, baina idazten disfrutatzen dut”, esan digu udaberriko egun zoragarri batean.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko abuztuaren 16a
"Ez naiz abenturazalea, pertsona normala naiz, beste edozein jende bezala. 'Abenturazaleak' dira Namibiatik gora oinez datozen horiek, bidean hiltzen dituztenak, bortxatuak izaten direnak" (Argazkia: Dani Blanco).

Hiriko harrabotsetatik aldendu gara, portu aldeko etxeen artetik, Urgull mendian goiti. Santa Clara irlatxoaren parean eseri gara. Putzua urdinkara dago. Itsasoaz harantzago, mendi apalak altxatzen dira. Eguzkiak leku goxoa zabaldu digu zuhaitzen artean. Gizon adeitsua dugu solaskide.

Gipuzkoako mendi horien eta itsasoaren magalaren artean jaio zinen.

Bai. Mendi horiei begira bizi nintzen, baita haiek eskalatzen hasi ere. Hemezortzi urterekin mendiak, paretak eta euren ertzak besterik ez nituen buruan. Hernaniko Santa Barbara eta Atxarte eskalatu ondoren, Pirinio eta Alpeetara joaten hasi ginen. Garai paregabeak ziren, tira, nik horrela gogoratzen ditut...

Oroitzapen ederrak...

Askotan kontatu ditut [isilunea, irribarretsu], ez zait gustatzen gauza bera errepikatzea. Jendea hurbiltzen da niregana iraganeko kontuen bila eta uko egiten diot kontatzeari, errepikatzearen errepikatzeaz, urrutiko historiak erdi-gezur erdi-egia bihurtzen baitira.

Beno... Cresta del diablo delakoa egitera joan nintzen, bakarrik, udazkena zen, elurte tipia bota-berria zuen. Pirinioetan azken makia zebilela zioten, mendia Guardia Zibilak zelatatuta zegoen; ezkutu antzean igo nintzen Piedrafitako aterperaino. Eskalada bakarka egin nuen, baina ez nintzen ausartu jaisten, guardia zibilak han zeudelako, maki haren zain. Akabatu behar zutela zabaldu zen inguruan. Beraz, Valon herrira joan nintzen, Frantzia aldera. Hurrengo batean Les Drus-en mendebaldea egin nuen eta muga menditik pasa behar izan nuen kontrolak zeudelako. Soldaduska adinean nengoenez, pasaporterik ez neukan. Eskerrak lagun bat nuela bestaldean. Chamonixera joan, bertako mendebaldea egin, bestaldera jaitsi eta menditik itzuli nintzen.

“Julio, zenbat lan ematen dizun lan egin gabe bizitzeak”, esan omen zizun amak.

Ez dut inoiz bizitza “lanean” irabaztearen kontzientziarik izan. Bizitza aurrera atera dut gustatu zaidana egiten. Ameriketara, Indonesiara edo Ozeano Barera itsasontziak eramaten, edo mendira joaten [azken hamarkadatan egiten duena]. Garai batean, Ameriketatik barku bat ekarri behar zela: “Nork ekarriko du? “Bada, Juliok!”.

Zer deritzozu lanari?

[ez zaio egokia erantzutea] Lana denok edukitzea desio dut. Nik ere lan egiten dut. Suerte izan dut, maite dudana egiten dudalako.

Alpeetan eskalatzen ari zinela istripu larria izan zenuen. Ondoren, Mistral barku txikian mundura atera zinen.  

Nabigatzen hasi aurretik Alpeetara joan ohi nintzen, hango bizitza gustatzen zitzaidan, bizitza bohemioa, mendiko mandio edo kanpin denda batean lo egitea, lagunak izatea, amoranteren bat… Zenbaitetan, bat-batean, lagunen bat hiltzen zen eta muturreko egoera bizi genuen. Ni istripu larri batetik atera nintzen, paretan zintzilik geratu nintzen bi egunez, torlojuak eta dena daramatzat gorputzean.

Mistral-en egindako bidaiaren ondoren ikasi zenuen itsasgintzan, munduaren itzulia egindakoan.

Ez nuen hainbeste ikasi. Badut ardura eta prudentziaren zentzua nonbait. Deus ez nekienez, tentu handiz abiatu nintzen. Ez dut behin ere haga apurtu, belaontziaren oihalak urratu edo barkua galdu itsasoan.

Etxera itzuli zinen. Frankismoaren azken garaia zen. Zure belaunaldiko lagun oso hurbilekoak borroka antifrankistan eta Euskal Herriaren alde murgilduta zeuden. Zu ez zinen “uhin” berean.  

Ez nengoen, ez. Garai hartan urte asko [lauzpabost urte] nabigatzetik nentorrelako, ehunka gau eta egun bakarrik itsasoan eta munduan ibiltzetik. Itzuli nintzenean jendartea borborka zegoen. Nire buruari esaten nion: “Zerbait egin beharko ote duk!”. Baina egoerak ez ninduen motibatzen besteak adina. Une batez “ezer ez egitearen kontzientzia hartu nuen”. Nintzen bezala izateko eta egiten nuena egiteko nire arrazoiak nituen. Egoera politikoaren gainetik, niretzat, natura eta mendiak zeuden. Kontzientzia politikoa geroago heldu zitzaidan.  

Everesterako Tximist Espedizioan izan zinen, lehendabiziko saioan. Eliteko mendizaleetako bat izan zinen.

Elite diozu? Lau lagun ginen, lau zen elitea. Maila ona genuen, hori bai, onenekin eskalatzeko parada izan genuelako, munduko onenekin. Chamonix-Mont Blancen, besteak beste. Gure ereduak ziren, eta ez ginen eurak baino askoz gutxiago ere. Gaztetxotan argazkiak nituen logelan, Lavaredoren iparra, Druren paretak, Eiger… “Egunen batean igoko naiz horietatik” esaten nuen. Geroago igo nintzen, ez nituen denak igo, noski.

“Babesle batekin edo bandera baten pean ibiltzea ez ditut gogoko.
Ni hilko al naiz, ez dakit zer 'marka' edo 'ikur' soinean ditudala?”

1980. urtean, Tximist Espedizioaren bigarren irtenaldian ez zinen egon. Martin Zabaletak Everesteko gailurra zapaldu zuenekoan. Zergatik?

Esan dezagun ez nintzela interesatua... Nabigatzen ibili ondoren txipa aldatu nuen, espedizio jendetsuak ez nituen gustuko, ziur aski halako kontuak galdu nituen. Everestera igo izana, besteak beste. Hala ere, euskal goi-mendizaleak miresten ditut, ordukoak eta gero etorri direnak. Inurrategitarrak, adibide bat jartzearren, mendiko jaunak dira, benetan. Babesleek lagunduta ibilita ere duintasuna gorde dute, jakin izan dute mendian nabigatzen. Badira ere hainbeste izatera heldu ez direnak, baina kategoria handikoak dira horiek ere. Nik, aldiz, babesle batekin edo bandera baten pean ibiltzea, bada, ez ditut gogoko. Hilko al naiz, ez dakit zer “marka” edo “ikur” soinean ditudala?

Ez da zure bidea izan.

Neure bidea izan zen eta eboluzionatzen joan naiz. Pasioz eskalatzea gustatzen zitzaidan garaitik, bidez bide  joan eta oinez bidaiatzera iritsi naiz. Zuk badakizu nola nabilen gaur egun.

Bidaia bizitza modua bihurtu zenuen.

Bai. Nolabait. Ez zait gustatzen gauzei lotzea, gauza asko edukitzea. Libre antzean ibiltzea gustatzen zait, motxila txiki batekin joatea, bagaje txikia den bizitza legez. Bizitza ia perfektua nomada izatea litzateke, baina hori ere ez da guztiz posiblea eta erreala. Mundua arerio bihurtu dugu, eta ongi dago kobazulo bat izatea babesteko. Viaje a pie liburuan diodanez, ez naiz gordelekuko animalia, etxeek badute nekatzen nauten zerbait, baina nik badut Tarragonan etxetxo bat, eta neguan bertara ailegatzea, sua piztea eta deusik egin gabe egotea gustatzen zait.

Galdetu al diozu inoiz zure buruari, zergatik zaren, zaren bezalakoa?

Ez. Naizena poliki-poliki egiten joan naiz, txikitan banituen neure kuriositateak. Afrikako lurraldeetan pentsatzen nuen edo laponiarrengan. Bidaiatzea pentsatzen nuen, arima bidaiaria nuen nonbait.   

“Saiatzen naiz turista ez izaten. Dirurik gabe bidaiatzen dut, itzultzeko billeterik gabe joan naiz beti. Turismoak uxatu egiten nau, baina ni ere uneren batean turista naiz. Saihestezina da”

Bidaiaria edo turista, horra dilema.  

Egun denok gara apur bat turista, ni saiatzen naiz turista ez izaten. Izan ere, dirurik gabe bidaiatzen dut, bidaiak iraunarazi ditut, itzultzeko billeterik gabe joan naiz beti. Turismoak uxatu egiten nau, baina ni ere uneren batean turista naiz. Saihestezina da. Turistaren alde txarra da harremana tokian tokiko zerbitzariarekin besterik ez izatea. Ez dituzu herrialdeko jendeak ezagutzen, jende-masa baten barnean zaude beti. Egiten duzu eurek egiten dutena.

Mont Blancen izan zenuen istripu hura gabe, egin izango al zenuen egin duzun bizitza bidaia?

Ziur aski, ez. Eskalatzen segituko nuen, oso gora igoko nintzen edota bertan bukatuko zitzaidan bidaia. Istripua nahiko probidentziala izan zen, “hari esker…” Beno, lehenik bizia salbatu nuen eta gero nabigatzen hasi nintzen. Istripu hark zabaldu zidan itsasoan eta landetan bizi ahal izateko bidea, orain egiten dudana, batere gaizki ez dagoena.

Destinoa idatzia dela diote batzuek.

Ez dut uste, ez dakit ere. Destinoa bizitzaren zoria da. Ez dugu guk hautatzen, baina nork bere barkua gidatzen du. Batzuek bestetzuek baino gehiago, eta ez betiere, bistan da.

Jainkoaren izateaz zer diozu?

Bizitzari buruzko sen erlijiosoa daukat, niretzat sakratuak diren gauzen zentzuaren jabea naiz. Jainkoa izan edo ez izan, ez zait axola. Jainkoa ulertzen ez dugun zerbait da, beraz, ez dugu zertan goi-asmo hori izan behar. Ez dut horrekiko federik, badut fedea naturarekiko, eguzkiarengan, urtaroengan, genetikan… Sinesten dut bizitzan.

"Nire izkribuetan adierazi nahi dudan horren isla badago: hau dena oso polita da, politegia ageri da. Eta esaten diot nire buruari: 'ez al zara burbuila batean bizitzen ari?'”

Zer zentzu du bizitzak zuretzat?

Sentsazioak bilatzen ditut, emozioak,  gauza txikien poesia. Horregatik, idazten dudanean, hitzen bat edo esaldiren bat idazten dut, besterik ez. Orri txuri batean zintzilik edo dantzan uzten ditut hitzak, hori da nire idazmoldea. Hitza, eguneroko bizitzan nola, paperean ere isiltasunez inguratua gustatzen zait. Hori da maite dudan musika, nolabaiteko musika. Viaje a pie osatzeko berrogeita hamar orrialde gehiago “eskatu zidaten”. Paper zuriari begiratzean “hori nagia!” nioen. Hasi nintzen bada, eta azkenean gustua hartu nion. “Orain nola geratu?”,  esan nion nire buruari. Bada, eroso sentitzen hasi nintzen unean geratu nintzen. Mar de nubes sortu nuen edo zitzaidan. Idazten ere disfrutatzen dut.

Ideologikoki kokatzea zaila al zaizu?

Baditut lurrean sustraiak, baina ez hemen bakarrik, denetan baizik, amiñi bat denetan. Oso lurtarra naiz, terricola. Orduan, Euskadi? Bada bai. Badut nahikaria, hona etortzeko joera, hemen egotekoa, baina euskara ez hitz egitea traba egiten zait, ez nuen umetan ikasi eta… Ez jakiteak pena ematen dit, ibilaldi asko egiten dut jende euskaldunarekin, batzuetan euskaraz ez dakien bakarra naiz, edo ia-ia. Nire sortetxean sei haurride izan ginen eta hiru helduenek ez, baina beste hiruek euskaraz egiten dute. Hori da nire asignatura pendiente... Baina honezkero nekez ikasiko dut edo menderatuko; dezente ulertzen dut, hitz askotxo ezagutzen dut, baina mugatua naiz.

Mikel Sarriegik (Astrolabium teatro) Eh Petrel! Conversando con Julio Villar obra taularatu zuen iaz. Zer izan da zuretzat?

Eh Petrel! eta Viaje a pie liburuekin gertatu denak zeharo harritu nau. Eh Petrel-aren 12. edizioa kaleratu da aurten eta 500 ale baino gehiago saldu dira. Nola ote? Koadernotxo batzuk baino ez nituen, haiek batu eta liburua osatu nuen. Bat-batean liburuak hegan egin zuen, txoriaren izenak eramana nonbait. Liburua ia mende erdia betetzear dela, erosten dute oraindik ere, edo oparitzen da. Eta gainera teatro obra bat egin da. Zer gehiago eska daiteke? Egiari zor, Mikel Sarriegirena baino lehen Frantzian egin zuten obra bat Eh Petrel oinarri. Emakume batek egina, doinu femeninoa eman zion obrari. Ez zuen Mikelek egindakoarekin antzik. Eta egin zitekeen bestelako modu batean. Liburu horren dohaina iradokigarria izatea da. Hara, 40 urtez lasai samar bizi izan naiz, eta derrepente jende asko hasi zait “Julio, Julio…”. Zuek “berpiztu nauzue”. Kazetariek, besteak beste.

Astrolabium-en antzezlanak badu bere zailtasuna: zu nolakoa zaren agertzea, alegia. Mendizalea eta marinela zara, ekologista eta abenturazalea ere bai.

Beno... Nire izkribuetan adierazi nahi dudan horren isla badago: hau dena oso polita da, politegia akaso. Eta esaten diot nire buruari “ez al zara burbuila batean bizitzen ari?”. Hau da, zoriontsu bizi nahi duenaren burbuilan. Orduan, obran planteatu ditugu etorkinen edo errefuxiatuen arazoak, lurrarekiko errespetu falta. Batzuetan nik ere dudak ditut, “aizu, ongi da pozik izatea, jatekoa edukitzea, lagunak izatea, baina begira zer gertatzen ari den munduan!”. Ziur aski, ni ez naiz asko konprometitu, baina aditzera eman nahi dut mundu hori ere badela.

Bestalde, ni ez naiz abenturazalea, pertsona normala naiz, beste edozein jende bezala. “Abenturazaleak” dira Namibiatik gora oinez datozen horiek, bidean hiltzen dituztenak, bortxatuak izaten direnak. Europara arribatu eta eremuan entzerratzen edo kanporatzen dituzte Marokora edo beste norabait. Horiek dira abentura eta bentura zaleak. Guk bidaiatzen dugu gogoak ematen digulako, billetea eskuetan bidaiatzen dugu.

Ez zara idaztera edo pentsatzera emandako pertsona, bizitzera baizik.

Idaztea jokoa da, bizitzea berriz betebeharra. Viaje a pie liburuaren Mar de nubes eranskina, egin ohi ditudan marrazkien harian sortu dut. Adimenak ez du lan handirik egin izena jartzeko, gustatu zitzaidan eta kito.

Adimenak edo intelektoak sarritan eroarazten gaitu.

Dudarik gabe.

Bidaiatzen jarraitzen duzu, oinez. Udaberrian hiru bidaia egin dituzu.

Azkena dut presenteena. Horrek bete nau erabat, zazpi egunez ibili gara taldean. Sil ibaitik abiatuta, Lor ibaian gaindi, Ancaresetara iritsi gara bidezidorretatik… Bidaia liluragarri izan da, gaztainondo itzelak aurkitu ditugu, horietako bat besarkatzeko hamar lagun behar izan genuen, hamaika ginen. Gaztainondoa besarkatzen genuela batek argazkia egin zuen. Milurteko arbola. Adineko jende asko gurutzatu dugu, beren etxeetan hartu gaituzte, uxuala eta lukainkak eskaini dizkigute. Batez ere preziatu dugu lurrean lo egin ahal izatea, izarpean, arbolen azpian... Hori pribilegioa da.

Nola sentitzen zara bidaia bakoitzaren ondoren?

Garbi-garbia. Batzuetan ezer gabe itzultzearen sentsazioa dakart.

Zer gordetzen duzu haietaz?

Oroitzapen lauso batzuk.

Pasadizoak.

Bai, baina anekdota kontatzen den zerbait da eta sentimenduak zailak dira adierazten. Arima hornitzen dugu, baina ez dakigu zertaz. Pasadizoak kontu etereoz betetzen dugu sarritan.

Jende andana ibili ohi da zurekin. Maite zaituzte, baita batzuek mitifikatu ere.

Denak dira lagunak. Haiekiko ordain moduko bat daukat. Langa goian jarri ohi dut eta betiere pertsona bera izan behar dut, nahiz eta beti ez izan, bizitzaren zirkunstantziak aldatuz doazelako, mundua ere aldatuz doalako. Mundua ez da lehen zena, aldatu da. Gero eta zailagoa da, baina esentzian norberak bera izaten jarraitu behar du.

Zein da giza harremanen sekretua?

Sekretua zuk ematea da, trukean ezer espero gabe. Ordaina jasoko baituzu, bai edo bai. Ematen duenak beti jasotzen du zerbait, eta ez nahitaez, pertsona berarengandik.

Humanitatea hitzak ba al du zentzurik?

Noski. Planetaren arazoa da, egun asko garela, teknologia izugarri aurreratu dela. Planeta jende bakar batzuen interesen arabera mugitzen da. Izakiaren geroaz galdetzen didazu? Bada, hementxe dago, zu zaude, ni nago, bera dago [Dani argazkilariari begira]. Planeta jende onez beteta dago, baina antza, eta zoritxarrez, jendeok ez dugu aski eragiten. Botereari nondik heldurik ez daukagu. Gertatzen denaren aurrean begiak ixten ditugu edo bizkarra ematen diogu gertatzen denari. Ez dugu ikusi nahi, alabaina, gertatzen ari direnak ikaragarriak dira.

Ankerkeriak izugarriak dira, baina ba al dago izakiongan merezi duen zerbait?

Dudarik gabe. Gure aurrean pasatzen ari den jende hori ziur bikaina dela. Baina batzen garenean, jai daukagu! Elkarrekiko harremana ezinezkoa eta eskas bihurtzen dugu nonbait.