Idazketaren aurrekariak duela 40.000 urte ingurukoak dira

  • Duela 40.000 urte inguru, sapiensek zeinuak zizelkatzen zituzten tresnetan eta eskulturetan. Orain, analisi konputazional berri baten bidez, baieztatu dute zeinu horien konplexutasuna eta informazio-dentsitatea lehen idatzi protokuneiformek zutenen adinakoa dela. Aurkikuntza esanguratsua da, idazketa protokuneiformea Mesopotamiako tauletan agertzen dena baita, eta duela 5.000 urte inguru erabili zen, hau da, hamarna milaka urte geroago.


2026ko otsailaren 27an - 07:00
Gurtzailea izeneko plaka, duela 38.000 inguru urtekoa. Landesmuseum Württemberg / Hendrik Zwietasch, CC BY 4.0
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek museoetan gordeta dauden 34.000-45.000 urteko 260 objektu aztertu dituzte. Objektuetan 3.000 zeinu inguru agertzen dira: marrak, puntuak, gurutzeak… Objektu haietako bat da, adibidez, Suabiako Juran (Alemania) aurkitutako plaka bat. Gurtzailea izenez ezagutzen da, 37.000 urte ditu, eta mamut baten letaginarekin eginda dago; alde batean, figura antropomorfiko bat dauka zizelkatua, eta, bestea, puntuz eta koskaz beteta dago.

Analisi konputazionala

Analisi konputazionalaren bitartez, ikusi dute zeinuen sekuentziak ez duela zerikusirik gaur egungo idazketa-sistemekin, zeinak hizketa erreproduzitzen duten. Alabaina, gordetzen duten informazio-dentsitatea Mesopotamiako taula protokuneiformeenen parekoa da. Idazketa hartan ere zeinuak errepikatu egiten ziren, Paleolitoko objektuetan errepikatzen ziren antzeko maiztasunarekin. Beste antzekotasun bat ere aipatu dute ikertzaileek: bai Paleolitoko objektuak, bai Mesopotamiako taulak eskuan eramateko moduko neurrikoak ziren.

Ikertzaileak ez dira esanahia argitzeko gai. Hori bai: erabili duten analisian linguistika kuantitatiboa, estatistika eta ikasketa automatikoko algoritmoak erabili dituzte, eta frogatu dute hurrengo zeinua iragarri zezaketela. Ez dute zalantzarik, beraz, kode bat zela, eta haren helburua informazioa transmititzea zela. PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian.


Irakurri gehiago: Historiaurrea Historia
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.