Larunbatean jokatu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, Eibarko (Gipuzkoa) Ipurua kiroldegian. Sarrerak agortuta, jendez lepo izan da kiroldegia, saio bero batean. Sei bertsolariak, puntuazioak puntuazio, eroso eta emankor aritu dira. Nerea Ibarzabal gailendu da 740 punturekin, eta zuzenean sailkatu da Gasteizko finalaurrekora. Gainontzeko bostek puntuazioaren arabera egin beharko dute bigarren itzulirarako bidea.
“Zuek jarraitu bertsota(ra) etortzen / futbolera joan ordez”, horrela agurtu da Asier Azpiroz Ipurua kiroldegitik, Eibarko finalaurrekoko puntuazioa jakin berritan. Izan ere, alboko eraikinean Eibar futbol taldeak partida izan du, euren txistu eta orroak bertso tartean entzuteraino.
642,5 puntu lortu ditu Azpirozek, seigarren postua eskuratuta; bosgarren Nerea Elustondo izan da, 696 punturekin; 701,5 Oihana Iguaranek, 713,5 Miren Artetxek, 722 Alaia Martinek eta 740 Eibarko irabazleak, Nerea Ibarzabalek; zuzenean sailkatu da Gasteizko finalaurrekora. Finalaurrekoen bigarren saioak koska bat egin du gora aurrekoarekin aurreratuta, puntuazioak horren adierazle: puntuazioan saltorik izan ez bada ere, 700 puntuen mugaren gainetik sartu dira lehen lau bertsolariak; Larraun-Lekunberrin (Nafarroa) lehen biak sartu ziren hor.
1.800 bertsozalerekin eta sarrerak agortuta jokatu da Eibarko saioa, giroa nabarmen berotuta. Horixe izan daiteke, hain zuzen ere, larunbateko titularretako bat: publikoak bertsu egin die txalo eta garrasi sei bertsolariei. Beste titular bat da, edo bi, agian, doinutegiari egin dizkioten beste bi ekarpen: Alaia Martinek doinu berria ekarri du, eta doinu horretan kantatu ditu hasierako agurra zein bakarkako bertsoaldia; Valeria Castro abeslariaren Tiene que ser más fácil abestiko doinua hartuta. Nerea Ibarzabalena izan da bigarren doinu berria, bakarkakoan erabili duena.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren fase honek badu berezitasun bat, bakarkako ariketa ez dela saioaren amaieran egiten, azkenaurreko moduan baino. Eta Larraun-Lekunberrikoan bezala, Eibarren ere, bakarkakoen ostean, hamarreko txikian jo du goia saioak, eta orduan berotu da gehien publikoa. Ariketa horretan bertan utzi dituzte perlatxoak Ibarzabalek eta Azpirozek. Adineko bikotearen paperean jarri ditu Igotz Alkorta gai-jartzaileak; neguan leku berora joan nahi du Ibarzabalek, ezetz diotso Azpirozek, bilobak zaindu behar dituztela-eta. Teide (Kanariar Uharteak) ondora joatea proposatu dio Ibarzabalek. Bigarren bertsoan aitortu du Azpirozek bere temaren zioa: “Bokadiloa hartuta / aitona guay ta on / nere seme alabekin / ez bainintzen egon”. Eta Ibarzabalek erantzun: “Goazen ume ta guzti / denak hainbestean / zuek hotel batean / eta ni bestean”.
Bertsoaldi berean, Ibarzabalek azken puntuan aipatu du oporretara joan nahi duela, kolorea hartu eta eder ageri: “Ahal dela hil orduko / egon nahi dut guapa”. Azken puntu horrek, hain zuen, Alaia Martinen bakarkakoari egin dio erreferentzia. Tanatopraxilariaren papera tokatu zaio, tanatorioan hildakoak makilatzen dituenarena, eta eguneko hirugarren gorpua parean egokitu zaiola jarri du gaiak bertsotan. Hortxe esan du Ibarzabalek erabilitako erreferentzia, lehen bertsoa honela bukatuta: “Zeinen dotore zabiltzan / guapa-guapa egon zaitezen (hiru aldiz errepikatuta) / zure hurrengo bizitzan”. Publikoa hunkitu du doinu eta gaiarekin, hurrengo bertsoa bukatu baitu honela: “Ta rimmela korritzen zait (hiru aldiz) / ume bat heltzen denean”. Hirugarrenarekin biribildu du ariketa: “Hainbeste gorpu laztanduz (hiru aldiz) / estimatzen dut bizitza”.
Eguneko bertsoaldirik puntuatuena izan da Ibarzabalen bakarkakoa, 157 punturekin. Honela zioen gaiak: "Egunero ordu erditik gora gidatu behar izaten duzu lanera joateko. Gaur ere bidean zoazela istripu larri bat izan dela ikusi duzu". Ordezko irakasle baten paperetik kantatu du, eta publikoa atoan poltsikoratu du, hezkuntza gaiek euskalgintzan duten zentraltasunaren adibide. Lehen bertsoa honela biribildu du: "Urrutiko herri baten / lan eginez irailetik / autopistak maiz hartzen nau / ni egoera zailetik / istripuai iskin egin /rotonda borobiletik / heriotzak gidatzen du /nire ondoko karriletik". Bertsolari eta idazleak ohikoa duen adjektibo eta deskribapen zerrenda luzeak atondu du bere bakarkakoa –"Ta izara baten azpian / pertsona baten beroa / agian albisteetan / bihurtzear numeroa"–, irakasleen baldintza prekarioak ere aipatu ditu, zerrendaren eta lanaldi ez osoa izatearen presioa aipatuta. Eta, ohi duen legez, bihotzera bota du azken bertsoko amaiera: "Heren triste bat jornadan / ta halere zorte itzela / amari idatzi diot / goiz guztietan bezela / euria ari duen arren / ondo iritsi naizela". Jendeak bero hartu du.
Bertsoak gizarteari kantatzen dio, hor zalantzarik ez; eta balego, Eibarko gaiteriak uxatu ditu denak. Zortziko handiko ariketan gizarteko beste emakume askoren paperean jarri dituzte Martin eta Oihana Iguaran: ama izan nahi ez duten emakumeak dira. "Hementxe gaude zutik ta harro / nahiz baden mila esames / gu emakume osoak gara / haurrak eduki ala ez", hasi da Martin, eta Iguaranek umorez erantzun: "Ta horregatik datoz oraindik / gure hautuak juzgatzen / arroza pasa behar zaidala / datozkit haur bat sustatzen / ta ja ez dakit nola azaldu / ez zait arrosa gustatzen". Indartsu bukatu du azken horrek ofizioa: "Gure hautuak defendatuaz / egiten dugu ahalegin / datozen neska guztientzako / hautu librea izan dedin".
Miren Artetxeren bakarkakoak ere puntu dezente jaso ditu, 149,5; bigarren puntuazio altuena. Euskal selekzioarekin munduko kopan jokatu duen pilotaria izan da. Espero zitekeen poza eta algara plazaratuko zituela, baina zorrotz aritu da, Euskal Herriaren zatiketa administratiboa mahai gainean jarrita, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) adibide jarrita. Bigarren bertsoan txalo zaparrada handia jaso du, honela bukatu baitu: "Ta EAEren garaipena ta / beste guztien porrota / Argentinako final handia / ez zait askorik inporta / nahiz irabazi dudan gaurkoan / ni berez nago lur jota / nere herriaren alde arituz / nire lagunaren kontra".
Iguaran, bakarkako gaian, gai izan da publikoa pizteko. Euskaltzalearen paperean jarrita, bere herrian ikusi duen pintada arrazista eta xenofobo bati kantatu behar izan dio, Etorkin gehiegi euskararentzat dioen pintadari, hain zuzen. Honela hasi du: “Ta euskara hain haundi da / gerturatzeko prest dauden / guztiak kabitzen dira (bis) / ta euskara hain haundi da”. Bigarren bertsoan bota du eguneko harribitxietako bat: “Ze herri hau mugaz gaindi / ta mugatu nahi duena / ez zait herrian kabitzen (bis) / herri hau mugaz gaindi zen” Gero, amaierako agurrean erreferentzia horixe bera erabili du, “denok kabitzen garen herri batzuentzat” aipatuta. Eta ildo horretatik jarraituta amaitu du bakarkakoa: "Ez dugu ezer ospatzeko ta / ez dugu deus irabazi".
Zortziko txikiak ohikoa duen tonu jolastian kantatu dute Nerea Elustondo eta Artetxek; azken hori medikua eta Elustondo pazientea. Hamaikagarrenez, bere buruari gaixotasun bat diagnostikatu dio. “Igual hamalau aldiz / hamabost, barkatu / hiltzera zindoazela / zara presentatu”, hasi zaio Artetxe trufati. Erronkari heldu eta tonu berean erantzunda, osasungintza publikoaren gaiari ere egin dio keinu Elustondok: “Internetek zuk baino / gehio daki pentsa / uste baino okerrago / dago Osakidetza”. Publikoak barrez hartu ditu bi bertsolariak, eta bertsolariek erantzun. Artetxek: “Nerea, emakume / ume gabe gisan / ezin duzu seigarren / mastitisa izan”. “Beste inork hozkatzea / ere posible da (...) / beti baitzabiltzate / greba eta greba”, erantzun, Elustondok.
Azken agurretan ere ekarri dute agenda politikoko beste gai bat, etxebizitzari kantatu baitio Martinek. Gogoan izan ditu Arrigorriagako (Bizkaia) eta Gasteizko etxegabetzeak. Honela bukatu du saioa bigarren sailkatuak: “Pentsa nola dabiltzan (bis) / ezin dutelarik sartu / giltza etxebizitzan / minus ta minus visan / etxebizitzak ezin du / negozio bat izan (bis)”.
Datorren larunbatean, azaroaren 7an, jokatuko da hurrengo finalaurrekoa, Gernika-Lumoko Jai-Alai frontoian (Bizkaia). Sei bertsolari hauek ariko dira bertsotan: Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manteriola eta Joanes Illarregi Marzol.