argia.eus
INPRIMATU
Ibarretxe: "Zein da euskara edo beste hizkuntza bat ikasteko gakoa? Maitasuna"
ARGIA @argia 2013ko martxoaren 05a
Juan Jose Ibarretxe, artxiboko irudi batean.

Aitortu behar dizuet, ez nuen uste posiblea zenik berrogei eta piku urteekin euskara  ikastea eta are gutxiago euskaraz bizitzea; baina honetan ere ustea ustel, ez da horrela. Ez da egia, beraz, gaztelaniaz esaten den esaera hori: loro viejo no aprende a hablar. Zein ote da, orduan, gakoa euskara edo beste hizkuntza bat ikasteko? Erantzuna, nire ustez, argi eta garbi dago: maitasuna.

Maitasuna da klabea ia gauza guztiak lortzeko bizitza honetan eta nik euskara maite dut.

Niretzat euskarena “bizitza proiektua” izan da, nire bizitzako proiekturik garrantzitsuenetariko bat. Alabekin hainbeste urte gazteleraz mintzatu ondoren orain euskara dugu gure famili hizkuntza. Eta, jakina, gauza bat da edozein elkarrizketa arrunt euskaraz egitea eta beste gauza bat barruko sentimenduak adieraztea. Horrek aldaketa kulturala dakar zure baitan, zure bizitzan, esperientzia hori bizi izan ez duen euskaldun batentzat, pertsona batentzat, ulertzea zaila da. Horregatik ere euskararekiko nire esperientzia zoragarria da, mundiala da.

“Bidaia” benetan polita da euskaraz bizitzea, lan egitea, kirola egitea, atseden hartzea. “Bidaia” polita euskara kaleratzea eta nazioartera zabaltzea, munduko plazan jartzea. Hogei eta hamar urte exekutiboa izan ondoren -arlo pribatuan, nahiz publikoan-, orain Unibertsitatean nago, ezagutza eta jakintzaren arloan, baina nire lanak eta ahaleginak berdina izaten jarraitzen du: geure herria -Euskadi edo Euskal Herria-, geure kultura eta geure hizkuntza, munduko plazan kokatzea. Eta “etxean” -Euskal Herrian-, zein Españan, Europan edo Ameriketan, euskara erabiltzen dut konferentziak emateko, nire lanak aurkezteko. Eta horrekin batera adierazten diot jendeari, guk, euskaldunok geure hizkuntza -munduko hizkuntzarik zaharrenetariko bat- hitz egingo ez bagenu inork ez lukeela egingo eta orduan guztion kultura unibertsala ez litzatekeela aberatsagoa izango, baizik eta pobreagoa.

Euskara da geure hizkuntza eta horrela izango da betiko. Ez da geure hizkuntza bakarra -gaztelera eta frantsesa ere euskaldunon hizkuntzak direlako-, baina geurea da, euskaldun guzti-guztion hizkuntza… denon ondarea eta denon beharra duena. Elkarrekin bizitzeko hizkuntza, elkarri hitz egiteko, elkar ulertzeko hizkuntza. Aurtengo Korrikaren leloak dion moduan: eman euskara elkarri.

Oharra: Aiaraldea.com webgunetik ekarritako testigantza.