argia.eus
INPRIMATU
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen ‘Bar Gloria’
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.

Gorka Pe├▒agarikano Goikoetxea 2024ko apirilaren 23a

Pandemiak eragindako jaitsiera estali ez ezik, gainditu ere egin da pandemia aurreko maila liburuen mailegu sisteman. Eusko Jaurlaritzaren menpeko liburutegien sareak datuak eman berri ditu Liburuaren Nazioarteko Egunaren atarian, eta balorazio baikorra egin du erabilera handitu delako, zerbitzuak funtzio sozialak betetzen dituela seinalatuta. Kurioski, hain justu gehien mailegatu den gaztelaniazko liburu baten idazlea, duela ez hainbeste, polemika iturri izan zen liburuak dohainik mailegatzeak "kaltea" ekartzen duela esaten zuelako.

Gaur egun, liburutegien sarea 198 udalerritan kokatutako 297 liburutegik osatzen dute, eta ia 6,9 milioi liburu-ale dauzkate mailegagarri.

Euskaraz, liburu fisikoen artean gehien mailegatu dena Nerea Ibarzabalen Bar Gloria izan da. Rakel, Ana eta Miguelen bizipenak jasotzen ditu eleberriak, zeinak egoera ekonomiko hobeagoa lortzeko esperantzan bizitokia atzean utzi eta Gipuzkoako herri industrial batean finkatu diren familietako seme-alabak diren. Irakurgai daukazue ARGIAko 2.812 alean Amaia Lekunberrik egin zion elkarrizketa.

Gehien mailegatutako euskarazko liburuen artean bigarrena, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala izan da –Danele Sarriugartek elkarrizketa mardula egin zion ARGIAren 2.769. alean–. Eta hirugarrena, berriz, Arantza Urretabizkaiaren Azken etxea, 11 Akademiak saritua.

Liburu elektronikoek ere, gora

Fisikoen aldean, eta norbaitek inoiz zalantzarik egingo bazuen ere, oraindik atzean daude liburu elektronikoak. Iaz guztira egin ziren 2,7 milioi maileguetatik, 2,6 milioi liburu fisikoetan egin ziren, eta beste 122.000 inguru liburu elektronikoetan. Izena eman behar da eLiburutegia atarian –dagoeneko 65.000 pasatxo daude; urte bakarrean ia 7.000 gehiago–.

Euskaraz gehien mailegatutako liburu elektronikoen artean daude Bar Gloria eta Eraikuntzarako materiala, eta bi horiez gain, laukotea osatzeko, Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan eta Jon Arretxeren 19 kamera argitalpenak ere ageri dira mailegatuenen artean.

Liburuaren Eguna ARGIAn

Beste urte batzuetan bezala, ARGIAk keinu bat egingo dio apirilaren 23 honetako Liburuaren Nazioarteko Egunari, eta orain arte kaleratutako liburu guztiek %10eko beherapena izango dute ARGIAren azokan.

Irakurleak bertan topatuko ditu dagoeneko bigarren argitaraldia duen Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburua (Josebe Blanco), Ño! komikia (Eli Pagola, Miren Artetxe eta Maitane Gartziandia), Planeta Prekarioan (Pello Zubiria) edota hirugarren argitaraldia duen Bidean (Koldo Rabadan).

Jakina, Bizi Baratzeko liburu ezagunenei ere eskaintza bera aplikatuko zaie, Jakoba Errekondoren zein Garbiñe Larrearen liburuei.