Polizia indarren eta eskuin muturreko taldeen 81 biktima aitortu zituen Nafarroako Gobernuaren Erreparazio Batzordeak iazko urtean. Aitortza hori jendarteratzeko ariketa kolektiboa izan da asteazken honetan Iruñeko Baluarte jauregitik bideraturikoa. "Auzolan demokratiko bat" eramanda, biktimek jasandako mina "sendatzea" dutela helburu zehaztu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Memoria, Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak.
Aretoan, segurtasun indarren eta eskuin muturreko taldeen biktima batzuk eta haien senideak elkartu dira, baita erakundeetako eta elkarteetako ordezkariak ere. Hain justu, 81 biktima aitortu zituen 2025ean Nafarroako Gobernuaren Erreparazio Batzordeak, eta aitortza hori jendarteratzeko ariketa egin dute asteazken honetan Iruñeko Baluarte jauregitik.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Memoria, Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak Nafarroan "demokrazia sendoa eta elkarbizitza iraunkorra eraikitzeko egia partekatua" osatzeko bidean emandako urratsak azpimarratu ditu bere hitzartzean. Errandakoari segi, "auzolan demokratiko bat" eramanda, biktimek jasandako mina "sendatzea" dute helburu: "Prozesua oso luzea izan da, oztopoz betea eta, neurri batean, osatu gabea zuetako askorentzat. Baina, zalantzarik gabe, prozesu sendagarria gertatzen ari da gertatu zena urte askotan ezkutatzen duen gizarte batentzat, neurri batean ere justifikatzen ez zuenean. Gure lurraldean desoroimen lan aktibo oso garrantzitsua egin delako". Hain justu, biktimen aitortza jendarteratzeko ariketa izan da apirilaren 15ean Iruñeko Baluarte jauregian egindakoa, eta gisa horretako hirugarren ekitaldia izan da.
Erreparazio Batzordearen txostenean oinarrituta, Nafarroako Gobernuak 122 errekonozimendu jakinarazi ditu orotara. Bestalde, ehun eskaera inguru izapidetze-fase desberdinetan daude.
Kolektiboki ere komunitate gisa oroitzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du Ollok: "Ezin dugu ahaztu 'izan zena', gertatu zitzaizuen zerbait, egin zizuetena, eta inoiz gertatu behar ez zuena. Baina hor dago. Oroitzapen indibidualetan beti eta orain gure gizartearen memoria kolektiboan, Gobernuak eta lehenik Nafarroako Parlamentuak horren alde eman den urrats honek lege- eta erakunde-arloan dakarren babesarekin".
Aitorturiko biktimen eremutik, Txaro Echechipia artazuarrak hartu du hitza. 24 urterekin bizitutako atxiloketa eta torturak aipagai izan ditu diskurtsoan, gaur egun oraindik sentitzen duena kontatuta: "Auto handiak nahiago izaten ditut, andere bat naizen itxura izateko polizien aurrean. Irratian ere gaztelerazko sintonia jartzen dut haien aurrean. Haientzat, zapaldu daitekeen txindurri bat naiz".
Aitortzaren bidean egindako aitzinamendua azpimarratu du Ollok, biktimei zein Erreparazio Batzordeari eskerrak emanez eta gizarte zibilaren eta erakundeen arteko elkarlanaren balioa goraipatuz: "Duela hamar urte pentsaezina iruditzen zitzaigun".
Istanbulgo Protokoloan oinarrituta, Bake eta Bizikidetza zuzendari Martin Zabalzak azaldu du nolakoa izaten den Erreparazio Batzordeak biktima bakoitzarekin erabiltzen duen metodologia eta "zorroztasun profesionala" aurkeztu ditu: "Ez da diskrezionalitate administratiboan oinarritutako erabakia, baizik eta koherentzia kliniko eta forentseari lehentasuna ematen dion erantzun tekniko eta zientifikoa, froga-estandar legitimo gisa".