argia.eus
INPRIMATU
Ia 1.000 ikasle Ipar Kataluniako katalanezko eskoletan
  • 930 ikasle k hasi dute 2014-2015 ikasturtea katalanezko murgiltze eredua egiten duten Bressola eskoletan, Ipar Katalunian. Iaz baino 120 ikasle gehiago dira eta asko plazarik gabe geratu dira.

ARGIA @argia 2014ko irailaren 26a
Perpinyàko bressola eskolako irakasle-ikasleak. Argazkia: blocks.fub.edu

Eva Bertrana Bressolako zuzendariak El Punt Avui egunkariari adierazi dionez, murgiltze ereduan ikasteko eskaera asko izateak esan nahi du Ipar Katalunian katalanaren normalizazio bidean “irabazten ari garela”, baina bestetik, triste daude haurrak katalanez eskolaratu nahi dituzten Ipar Kataluniako guraso guztiek horretarako aukerarik ez dutelako.

Eskariari erantzun nahian hiru eskola handitu dituzte, Soler-ekoa, Perpinyàko Vernet-ekoa eta Nyils-ekoa. Ama eskolak eta Lehen Hezkuntzakoak dira horiek. 2015-2016 ikasturterako Perpinyàko institutua handitzea edo berria eraikitzea nahi dute. Epe luzera berriz, lizeoa eraikitzeko ilusioa dute, 2 urte dituztenetik katalanez ikasten ari diren haurrek eskola garai osoa katalanez egitea nahi baitute.

Ondoko bideoan Soler bressola eskolako irakasle eta ikasleak ageri dira katalanaren aldeko muxuz beteriko ekitaldian.