Iazko urritik eraiki dituzte hainbat kokaleku jatorri magrebtarreko ia 100 lagunek. Poliziak duela hainbat aste jaso zuen haiek basotik botatzeko agindua.
Duela egun gutxi jakinarazi dute Berango (Bizkaia) eta Getxo (Bizkaia) arteko eremu basotsu bat hustu dutela, BI-637 autobiaren ondoan. Izan ere, 2023ko urritik, bertan sortutako zenbait kokalekutan bizi izan dira ia 100 pertsona migrante. Jatorri magrebtarrekoak dira denak, itxura denez.
Badirudi polizia-indarrek duela aste gutxi jaso zutela aipatutako pertsonak egonleku horietatik kanporatzeko agindua. Kanpin-dendak izan dituzte bizitokitzat, lursail pribatu batean jarrita. Zenbait hedabideren arabera, partzela horren jabea izan da Poliziari abisua eman diona eta pertsona migranteak botatzeko eskaera egin duena.
Polizia-indarrek egonleku prekario horietatik bota dituzten arren, inork ez die kanporatutako lagun guztiei bizitoki-alternatibarik bermatu, antza. Deia egunkariak berak aitortu du, esaterako, "saturazioa" nagusi dela "Uribe Kosta eta Getxo inguruko laguntza-baliabideetan", eta horrek "galarazi" egiten duela, "momentuz", "bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden pertsona horiei estaldura handiagoa eman ahal izatea".