Kapitalak erabakitzen du zer turismo mota sustatu, zein leku promozionatu, zenbat baliabide eta erraztasun eskaini... Baina turismo jarduera, beharbada beste sektore ekonomikoek baino gehiago, erabat baldintzatzen dute kanpoko faktoreek, hala nola osasun izurriteek edo gerrek. 2020an bezala, aurtengo auzietako bat da. Eta industria mugitu da. Esaterako, legezko zein legez kanpoko apartamentu turistikoen merkatua kontrolatzen duen Airbnb multinazionalak “gertuko turismoa” sustatzeko kanpaina abiatu du. Baina ez zuri eta ez beltz, dena ez da gertura mugatu; Asiako leku txiroetara egindako bidaiak ere biderkatu dira.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
“Kontua ez da ahalik eta urrutien joatea, ahalik eta gertuen iristea baizik”. Kontzeptualki nor ez dago ados esaldi populista horrekin? Bada, horixe da turismoaren sektorean zaku gehien mugitzen dituen Airbnb konpainiaren aurtengo leloetako bat.
Minutu bateko iragarkian landa eremuko etxe bat ageri zaigu, harrizkoa, basoaren inguruan eta herrigunetik aldenduta dagoena. Neska gazte kuadrilla bat helduko da oporretan, motxila handi banarekin soinean, “abenturazale” itxurarekin eta ez mozkorkerian aritzeko tankeran. Etxean dagoen piano zahar bat zabaldu, tekla batzuk jotzen hasi, eta irudi mordo bat agertuko dira segidan: ingurune horretan oinez ibiltzeko paraje ederrak daudela ikusiko da, baketsua dela eta lasaitasuna arnasten dela, izarrak ikusten direla gauean, jolas eta joko tradizionaletan aritzen dela herriko jendea –petankan, kartetan–, eta oso jatorrak direla, errepidean animaliak agertzen direla eta errespetatu behar direla... Ondo pasatzen dela herrian, alegia. Oporretan joateko leku ederrak direla. Eta herriek gogorarazten digutela “bizitza honen esentzia”, hirietako bizimodu frenetikoen kontrapuntua, hau da, goiko esaldia: “Kontua ez da ahalik eta urrutien joatea, ahalik eta gertuen iristea baizik”. Esan gabe doa lehen etxe horretan familia bat bizi zela, ziurrenik lurrarekin lan egiten zuena, komunitatea osatzen eta indartzen zuena...
Aurten, Airbnb-k iragarki bat baino gehiago egin ditu herri txikietako turismoa bultzatzeko. Beharbada zurgarriagoa eta buruan hobeto iltzatzen den horietakoa da “Bon dia” (katalanez “Egun on”) esaten ikasten duen haur espainiarraren anuntzioa; familia batek herri txiki batean alokatu du etxea, eta jendartean integratzea-edo xede dutenez, bizilagunei “Bon dia” esan behar zaiela irakasten dio gurasoak haurrari, keinu polita delako Airbnb-ren ustez. Edo hori delako estrategikoa, funtsean, putre inmobiliarioa den Airbnb-ren politikarentzat: kostaldeko edota gentrifikatutako guneak saldu beharrean, nahikoa eta gehiegi saldu baitute dagoeneko, herri txikiak saltzea, “autentikotasuna” erakusleihora eramanda. Orain arte ustiatu ez dena ustiatzeko, eta azken finean, nahiko hutsak dauden eremuak are gehiago husteko.
Herri txikietako turismoa sustatuta, orain arte ustiatu ez dena ustiatzea du helburu industriak; azken finean, nahiko hutsak dauden eremuak are gehiago husteko
Espainiako Estatuan 40 milioi euroko inbertsioa egin du Airbnb-k “landa eremuko turismoa” sustatzeko. Portugalen ere ildo beretik ari da lanean, eta Italian ere bai. Italian, aurtengo kanpainako iragarkietan Le vacanze, per davvero (“Oporrak, benetakoak”) leloa darabilte. Eta ez da Mediterraneoa ageri, ez hondartzarik, ez leku idiliko tipikorik; landa-eremuko ingurune bat ageri da iragarkian, oiloekin eta haien kukurrukuarekin, mendialdean. Azken urteotako estrategia argia horixe da; aldaketa esanguratsua Italiako turismo iragarkientzat.
Urruneko leku idilikoak ez dira beti hain eder, batez ere geopolitikak mundua astintzen duenean. Iragan otsailean, Ekialde Hurbila misil truke handi batean murgildu zenean, hegaldi asko bertan behera gelditu ziren. Irandik gertu samar dauden zenbait estatu artifizial eta itxuraz liluragarriak benetan larritu ziren, sagutegi bihurtu zirelako; eta munduko bolan are ekialderago zeudenak, hala nola Thailandian eta Balin, Europa Mendebalde honetara itzuli ezinik gelditu ziren derrepentean, hegazkin-aldaketa gehienak Ekialde Hurbilean egiten baitira normalean –bikoitza pagatuta, jakina, bizkor etxeratu ahal izan zuten–. Kaos hori guztia turismoarentzat zera da, gutxi gorabehera duela hamabost urte Udaberri Arabiarrean gertatu zena: orduko hartan Tunisia eta Egipto gisako helmugak izorratu zitzaizkion industriari, eta lobbyek beste leku batzuk topatu eta ustiatu behar izan zituzten –Egipto, gerora, itzuli da karteldegira–.
Gatazka geopolitikoek mundua astintzen dutenean, eta egungo egoeran, gainera, kerosenoaren prezioa horrenbeste garestitzen denean, hegazkin txartelen prezioak igotzen direnenean –ez badira garestitzen, gobernuen dirulaguntzegatik da–, turismoaren industriak ez du beste aukerarik egoerara egokitzea baino. “Gertuko turismoa” egitea da aukeretako bat. Badira horretarako faktore gehiago: masifikatutako lekuetara bidaiatzea gero eta desatseginagoa bihurtu da, “autentikotasunak” badirudi puntu gehiago ematen dituela Instagrameko bizimodu idilikoen rankingean... eta urtez urte nabarmenago, klima aldaketak eragiten du. Gauzak argi: gero eta zailagoa da Mediterraneoan uda pasatzea. Bero jasangaitza egunean zehar, eta giroak ez du freskatzen gauean; ezin disfrutatu, eta ezin deskantsatu. Hortaz, landa-eremura eta mendialdera bidaiatzea “egingarriagoa” –eta ziurrenik merkeagoa– dela ari da esaten turismo industria.
Iparralderantz eta mendialderantz joate hori ez du soilik larrialdi klimatikoak eragin. Turismoa bere burua jaten duen animalia da. Hainbeste turistifikatzen ditu lekuak, non turistentzat ere ez den dagoeneko erakargarri sumatzen. Paradoxikoki, “turismoak orain arte ukitu ez duena” da turistari saltzen zaiona.
Iparraldeko eta mendialdeko turismoa bultzatzeko badira hainbat faktore; azken urteotan are nabarmenago, klima aldaketak ageriko eragina du
Edonola ere, artikuluaren tesiari kontrapuntu gisa: segitzen da urruneko bidaiak egiten, eta segituko da ahal denean. Baina, eta tesiaren defentsan, litekeena da industria badaezpada prest egotea “gertuko turismorako”.
Segitzen da urrunera bidaiatzen. Klima larrialdiak gizartean kezka eragiten duela esaten da, baina eguneroko praktikan, eta turismoari loturiko jardueretan batez ere, norbere poltsikoak pisu gehiago du balantzan. Paradoxikoa da kontua: honezkero nor ez da egon Thailandian, Balin, Filipinetan? Edo nork ez du inguruan hango parajeetan egon denik?
Mendebalde honetan prezioak garestitu ahala, “konpentsagarriago” bihurtu da Asiako leku txiroetara bidaiatzea. Atera kontuak: mila euro edo gehiago pagatu behar dira kostaldean ostatu bat aste osorako alokatzeko, hemendik Thailandiara joan-etorria egiteko tiket batek balio duena baino gehiago, eta ez bi tiketek balio dutena baino askoz gutxiago. Edo beharbada antzerako. Baina behin helmugara iritsita, askoz ere merkeagoa da dena. Eta pentsaera kapitalistetan hori profitatzeak sortzen duen irrikak ez du izenik. Aprobetxatu behar da.
“Gaur egungo turismoa kolonialismo forma berri bat da”, zioen Asier Basurtok Turismoa. Desazkundera bidaia liburuaren karietara egindako elkarrizketan. Honela segitzen zuen, berak hitzak dira:
Deigarria da nola gu, hemendik, Magrebera eta Afrikara salto batean joan gaitezkeen, gure denbora librean ondo pasatzera, herrialdeak ezagutzera, dena delako helburuarekin; eta etorri gero, lasai-lasai, gure bizitza erosoarekin jarraitzera. Hori egiten dugu hegazkinez. Eta aldiz, handik hona ezin dute etorri ezta itsasoa zeharkatuko balute ere txalupa ziztrin batean. Geure buruari galdera da: zertan ari gara parte hartzen? Hau dena eraikita dago mundu mailako desoreka baten gainean, eta nolabait ere horrekin jokatzen dugu, zeren modan jartzen dira lurralde konkretu batzuk, gu baino askoz ere pobreagoak direnak, gure diruarekin hemen baino askoz ere luxuzkoagoko zerbitzuak kontsumitu ditzakegulako, eta gainera, zerbitzari gisa baliatu ditzakegulako bertako herritarrak. Lurralde hartzaile horietan, era berean, eraikitzen da diskurtso bat diru gehiago dugunonganako dependentzia bat sortzen duena eta azpitik kokatzen duena bertako herritarra.
Postaleko irudi horren atzeko aldea ere bada, sinple esanda, CO2ari dagokionez, berdina dela Euskal Herritik urtean hegazkin bidaia bat egitea Asiara, eta lanera joateko, urte osoan, egunero 40 minutu autoz bidaiatzea. Baita beste hau ere, Sukar Horia taldeko Martí Serrak erreportaje honetan dioena: tokiko herritar batek kontsumitzen duen ur eta energiaren hirukoitza xahutzen duela turista arrunt batek, eta bost edo sei aldiz gehiago luxuzko hoteletan ibiltzen den turistak.
Etxera etorrita, gauza bera. Ez du zentzurik trenez edo autobusez bidaiatzea baino merkeagoa izatea hegazkinez egitea Euskal Herritik Bartzelonarako edo Madrilerako bidea. Laguntza publikoen bidez funtzionatzen dute hegazkin konpainiek, eta horrek sostengatzen du oraindik ere hegaldi merkeen fenomenoa. Eta bistan da horrekin segituko dela, aireportuen handitzea aurreikusita dagoelako.
Daniel Pardo, Zeroport plataforma: "Aireportuen edukiera nola murriztu eta beste mugikortasun molde batzuk nola sortu pentsatzen egon beharko ginateke, baina, tamalez, XX. mendeko hazkunde garaian aplikatzen zen eredua jarraitzen ari gara, errealitateari bizkarra emanda"
Zeroport plataformako kide Daniel Pardori irakurri diogu: “Aireportuen edukiera nola murriztu eta beste mugikortasun molde batzuk nola sortu pentsatzen egon beharko ginateke, baina, tamalez, XX. mendeko hazkunde garaian aplikatzen zen eredua jarraitzen ari gara, errealitateari bizkarra emanda”. Bilbon egin zion elkarrizketa Uxue Gutierrez kazetariak; ordu eta erdi berandu heldu zen hitzordura: “Horrelako atzerapenak etengabe gertatzen dira trenbide sarean. Milioiak AHTak eta aireportuek jasotzen dituzte, turismo-industriak erabiltzen dituzten garraiobideek. Herritarrek, ordea, egunerokoan beste garraiobide batzuk erabiltzen dituzte”.
Errealitatearen parte bat da errealitateari bizkarra emanda bizi garela, eta kontzientziazio ororen gainetik norbere poltsikoaren kapazitateak baldintzatzen duela preziorik merkeenari so bizi denaren etxean. Sugarrak hauspotzen ditu industriak, sorrarazten baititu desirak, Instagrameko argazkiak eta behar faltsuak. Atsedena eta opor-bidaia bereizi ezina existitzen da. Badakigu oporrak egiten munduaren beste puntara bidaiatu gabe, edota etxe inguruan egoten?