Hong Kongeko Wong preso politikoak ez luke izan behar erabili eta botatzeko zerbait

  • Joshua Wong, joan zen hamarkadan Hong Kongeko mobilizazio politikoetan ekintzaile ezagunenetakoa izan zenak, erruduntzat jo zuen bere burua pasa den asteazkenean epailearen aurrean, 2019an atzerrian Hong Kong eta Txinaren aurkako zigorrak eskatzeko konspiratzeagatik.

Joshua Wong ekintzaileak ia bost urte daramatza kartzelan. Honcques Laus CC0 1.0

2026ko irailaren 8an - 13:24
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Segurtasun nazionalaren aurkako delitu horrek, Hong Kongen, hiru eta hamar urte arteko zigorra erakar dezake, arintzat jotzen bada egintza; edo hamar urte eta bizialdi osoko zigorraren artekoa, larritzat joz gero.

Esan gabe doa erruduntasuna onartzean lehen maila horretako epaia jasotzea bilatzen duela Wongek. Nerabezaroan hasi zuen biografia politiko joriarekiko damurik zuzenean adierazi gabe, beste auzi batzuengatik espetxeratuta daramatzan ia bost urteetan, orain 29 urte dituen gazteak erdietsi omen duen “heldutasuna” aintzat hartuta, bere abokatuak zioenez.

Sistemaren baitatik biguntasunaren aldeko keinuak lirudiketenak gora behera, ez dago batere argi, ordea, epaileak hartarako prest agertuko ote diren. Inguruabar hurbilenak aintzat hartuta, besteak beste. Wongek kasu horretan auzikide duen Nathan Law ihesian dagoelako Hong Kongeko auzitegiekiko, 2020az geroztik Erresuma Batuan erbesteratuta eta asilo politikoa lortuta. Eta hamaika sari eta gorazarre jasota Mendebaldean. Halabeharrez edo pikardiaz, Wongen ifrentzua da Law. Gogoan izango dute epaileek, bestalde, gazte mugimendu haren beste aurpegi publikoa izan zen Agnes Chow-ek ere ihes egin zuela Kanadara, behin-behineko askatasuna eman eta pasaportea itzuli ziotela aprobetxatuta.

Beraz, ez litzateke harritzekoa izango Joshua Wongen kasuan, erruduntasun-aitorpenari jaramon gutxi eginda, Hong Kongeko epaileek gogortasunaren aldeko hautua egitea Jimmy Lai prentsa-ugazaba ohiaren kasuan bezala. Eta bien ala bien arriskua da, espetxe-zigor potoloak jaso eta gero, bere garaian animatzaile baino gehiago bultzagile eta, agian, zuzendari izan zituzten mendebaldarrek bazter emanda utz ditzaketela.

Edo are okerragoa izan daitekeena: espetxeratuak ikurtzat eta erabili daitezkeen sinbolotzat hartzea... beraien nahikunde edo gizalegezko komenentzien gainetik. Nahiko argi erakusten du hori Wongen erruduntasun-aitorpenak (bere garaian Laik bere zigorraren aurkako helegiteari uko egin izanak bezala) hemengo batzuengan aurkitu duen ezkortasun ageriko samarrak.

Izan ere, Lai eta Wong kartzelan (luzaroko antza, Trumpek bere tratalari-sena berresteko Xi Jinping-engandik ez badu zerbait lortzen datorren aurrez aurrekoan) dauden bitartean... Chan Tong-kai kalean dago. Zer pentsatua eman behar lieke horrek batzuei. Haren kontura abian jarritako estradizio-legearen proposamena izan zelako Hong Kongeko gatazka soziopolitikoaren aitzakia nagusia.

Batzuek nahiago dute ahaztu, bistan denez. Baina gogoan izango dute Wongek eta Laik.


Irakurri gehiago: Hong Kong Nazioartea Asia Txina
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.