‘Honeyland’ edo tradizioaren gainbehera


2026ko urtarrilaren 27an - 11:59
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Honeyland  (eztiaren lurra)
Tamara Kotevska eta Ljubomir Stefanov (2019)

Zer: Dokumentala
Herrialdea: Ipar Mazedoniako Errepublika
Iraupena: 85 minutu
Non ikusi: Prime Video eta YouTube

----------------------

Erleak hiltzen ari dira, gauza jakina da. Bizi ditugun garaien ondorio, esaten dutenez. Klima aldaketa, habitat galera, erabiltzen ditugun pestizidak, eta abar. Eta erleekin batera erle-biltzaileak –ez erlezainak– ere desagertzen ari dira. Milaka urteko ofizio honetan emakume bakar batek dihardu Europa osoan: Ipar Mazedoniako Hatidze-k.

Dokumentala pretentsio handirik gabe ikusi nuen. Beste hainbestek bezala handikeriaz betetako istorio bat kontatuko zuelakoan nengoen, dokumentalgilearen egoa asetzeko gehiago balioko zukeena baliozko zeozer ikusteko baino. Batzuetan zeinen ona den erratzea.

Honeylandek Hatidzeren egunerokotasunera eramango gaitu: Skopjetik ez oso urrun, aspalditik inor bizi ez den herrixka batean, argindar eta ur barik, bere 85 urteko ama gaixoarekin bizi den azken erle-biltzailearengana. Horrela azalduta bere existentziak gogorra eta tristea badirudi ere, pozik agertuko zaigu Hatidze. Baina dokumentalak gidoia izango balu bezala, bake hori hautsi lezaketen auzoko berriak heltzen dira, bikote bat beraien zazpi haur eta 150 behiekin. Abereen joan-etorriek eta auzokoen iskanbilek kinka larrian jarriko dute Hatidzeren bizimodua.

Sinopsi horrekin, eta hiru urteko filmaketaren ostean, Kotevskak eta Stefanovek –bien lehen lan ezagunean– egoismoa, inbidia, tradizioa, rolak, eta, azken finean, gizakiaren zerizana aztertzen duen obra bat aurkeztuko digute. 

Behin irakurri nuen jendeak baserri mundua idealizatuta duela, esku-lanarekin, esfortzuarekin eta egurra edo burdina bezalako material nobleekin lotzen duela. Baina baserria ez da hori. Edo ez hori bakarrik behintzat. Esku-lanak gutxitzeko ahaleginetan urteak eman ditu baserritarrak, eta plastikoa zura edo metala baino askoz ugariagoa izaten da. Ez dago idiliorik. Ba, antzeko zeozer gogorarazten dit Honeyland-ek.

Galzorian dagoen usadiozko lan baten inguruan mintzatuko zaigu dokumentala. Izan ere, tradizioaz berba egiten dugunean, kanpotik ikusten dugunok askoz pisu eta balio gehiago ematen diogu tradizio horri protagonistak ematen diona baino, batez ere tradizio horrek abnegaziozko bizitza bat badakar. Eta ikuspuntu ia krudel eta hipokrita batetik, ez dugu nahi usadioaren galeraren testigu izan, nahiz eta sekula ez geundeken berarekin segitzeko prest. Nahiago dugu baserritarra idiak buztarrian dituela goldatzen imajinatu traktorean baino. Tradizioaren preso bihurtzen dugu azkena izateko zorte txarra izan duen hori.

Beharbada, Hatidzeri erleak ez zaizkio bereziki gustatzen. Beharbada, bizirauteko aukera bat –edo bakarra– baino ez da. Beharbada, ez du naturarekin konexio mistikorik. Beharbada, ama zaindu behar ez balu ez legoke hor. Beharbada, ez daki Europako azken emakume erle-biltzailea denik. Beharbada, jakinda ere ez lioke axolako.  


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.