Asteartean Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen Hondarribian (Gipuzkoa), Santiago Bidea bakarka egiten ari ziren emakumezkoei sexu erasoak egitea leporatuta. Gutxienez zazpi kasu atzeman dituzte.
Aste honetan Ertzaintzak 76 urteko gizon bat atxilotu du Hondarribian (Gipuzkoa), Santiago Bidea egiten ari ziren emakumeei sexu erasoak egitea leporatuta. Poliziak azaldu duenez, gizonak bidea bakarka egiten ari ziren emakumeak gelditu eta, haiekin hitz egin eta gero, besarkada bat eskatzen dien. Besarkatu bitartean baimenik gabe musu ematen eta ukituak egiten hasten zen.
Pasa den astean jaso zuen Poliziak salaketa. Emakume batek salatu zuen Santiago Bidea egiten ari zela, Hondarribian gizonezko batekin aurkitu, berarekin hitz egin eta gero, gizonezkoa musukatzen hasi zitzaiola. Emakumezkoak ihes egitea lortu zuen. Ikerketa abiatu zuten eta gutxienez beste zazpi kasu gertatu dira ekainetik hona, nahiz eta testigantza batzuek esan urtebete daramala gizonezkoak hori egiten. Polizia erasoak gertatu ziren lekura bertaratu zen, eta gizonezkoa denbora batez zelatatu ondoren, han bertan atxilotu zuten.
Udalak "irmoki" gaitzetsi du
Hondarribiko Udalak sexu erasoen aurrean "gaitzespen irmoa" adierazi du eta "elkartasuna, babesa eta hurbiltasuna" helarazi dizkie "jokabide horiek pairatu dituzten emakume guztiei". Era berean, esan du, emakumeek "nahiz izanez gero", udalaren arreta baliabideen eskura jar ditzakeela, "behar duten laguntza eta babesa jaso dezaten".
Nabarmendu du horrelako erasoek emakumeen "oinarrizko eskubideak urratzen" dituztela, eta indarkeria matxistaren "adierazpena" direla. "Inork ez du baimenik beste pertsona baten gorputza ukitzeko, besarkatzeko, musukatzeko edo bestelako jokabiderik izateko haren baimenik gabe".
Udalak gogorarazi du emakumeen aurkako indarkeria ez dela gertakari "isolatuen ondorioa", baizik eta "desberdintasun estrukturaletan sustraitutako arazo sozial larria". Horregatik, "ezinbestekotzat" du prebentzioan, berdintasunean eta erakundeen arteko lankidetzan lanean jarraitzea, adierazi duenez.