Euspel sindikatuak EFE albiste agentziari jakinarazi dio udaltzainari arauzko arma ere kendu diotela. Sindikatuak bere gain hartu du poliziaren defentsa, eta adierazi du gisa horretako gertakarietan hartzen den neurria dela.
Irungo epaitegiak instrukzio judizialari ekin aurretik, Ertzaintzak hartu du Babacar Welle senegaldarraren hilketaren inguruko ikerketa: astelehenean Hondarribian (Gipuzkoa) udaltzain batek hiru tiro jota hil zuen, labana bat eskuan, ertzain bati eraso egiten saiatzean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren bertsioaren arabera. Euspel sindikatua arduratuko da agentearen defentsa juridikoaz.
Sindikatu horretako buru Julio Gonzalezek azaldu dio EFE berri agentziari protokoloa jarraituta hartu dutela udaltzaina kargutik kentzeko erabakia, baita haren arauzko arma kentzekoa ere. Gisa horretako gertakariak izan ondoren poliziei oporrak, baimen egunak edo baja hartzeko aukera ematen zaiela azaldu du, eta arreta psikologikoa eskaini. Sindikatuak, gainera, "babes osoa" adierazi dio udaltzainari: "Lankide baten bizia salbatu du".
Enparanen dimisioa
Ertzaintzaren beste sindikatu batek, Ernek, Igor Enparan Hondarribiako alkatearen dimisioa eskatu du. Welleren hilketaren harira, alkateak adierazi du erakundeek eta gizarteak "huts egin" dutela, gizarte zerbitzuak "aspaldi" ari baitziren gizona artatzen: "Ez gara gai izan, gizarte bezala, pertsona horren egoerara egokitzeko eta baliabide nahikoa emateko".
Ernek adierazi du asteleheneko operazioan parte hartu zuten agenteak "egoera zailean" jarri dituela gertakariak, eta alkatea ezin dela "nahigabea adieraztera mugatu, hark aitortu ostean eragotz zitekeela".