Hondakinik onena sortu ez dena: Zero Zabor

  • Zero Waste kontzeptua indartzen ari da urteotan hirietako hondakinekin administrazioek darabilten kudeaketaz kritiko diren mugimenduen artean. Errausketaren kritikatik harago, hondakinak ahal bezainbeste urritzeko produkzio-salmenta-kontsumo osoa berrantolatzen saiatzen dira.

2010ko otsailaren 21a

Hernanin Zero Zabor talde txiki bat da, Euskal Herrian hondakinez eta klase guztietako kutsadurez kezkatzen diren elkarte ugarien artean bat gehiago. Aldiz, Zero Waste (Zero Zabor edo Zero Hondakin ingelesez) kontzeptua oinarri nagusitzat hartu dutenak ugaritu egin dira mundu osoan urteotan.

Joan den azaroan egin zuen 6. biltzarra Filipinetan, Puerto Princesa hirian, Zero Waste International Alliance-k. Hartan parte hartu zuten hizlarien eta elkarteen jatorriei erreparatu besterik ez dago ohartzeko elkargune horrek goiburutzat hartu duen Working toward a World withouth waste (Zaborrik gabeko mundu baten alde lanean) bazter guztietatik kutsatu dela.

Europatik Filipinetara hurbildu zirenen artean italiarrak nabarmendu ziren. Errauste planten kontrako borrokatik abiatu eta Atez Ateko (A-A) bilketa sisteman aitzindariak izan diren italiarrek lan handia egin dute alor honetan. Ez dago Googleri Rifiuti Zero galdetu besterik horretaz ohartzeko. Euskal Herrian Zero Wasteren lehen berriak Txingudiko errauste plantaren kontrako ekintzen inguruan zabaldu ziren duela pare bat urte, eta orain A-A Gipuzkoako Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen antolatzearekin ari da berriro aipatzen.

Zero Wasteren historia eginez gero azken 40 urteotan hiri hondakinen inguruan herrialderik garatuenetan landutako alternatiben haria jarrai daiteke. Ingelesezko Wikipediaren arabera, kontzeptua lehenbizikoz Paul Palmer kimikari kaliforniarrak erabili zuen: 1970eko hamarkadan Zero Waste Systems enpresa antolatu zuen orduan sortu berria zen elektronikaren industriako hondakinak birziklatzeko.

Ideia negozioetan sortu zela ez da ahaztu behar. Gaur egun oraindik Zero Waste aldarrikatzen dute ekologismotik edo kutsaduraren kritika erradikaletik urrun dauden konpainia handi batzuek. Lurreko zabortegiak ziren orduko buru argien kezka iturria. Beranduago, bigarren aro batean, ahalik eta hondakin gehien birziklatzea aipatzen zen.

2000. urte inguruan indarra hartzen hasi ziren Zero Zabor ideia modu zorrotzagoan aztertzen zutenak. Edozein produktu ekoiztu, garraiatu, saldu eta kontsumitzerakoan sortzen diren hondakin guztiak hartu nahi zituzten kontutan, bakar batzuk birziklatze soiletik askoz harago.

...Getting to Zero Waste (Zero Zaborreruntz) liburuan Paul Palmerrek dio teoria horren inguruan biltzen direla ingurumenaren arazo guztiak, klimaren aldaketa bezala uraren eta airearen pozoitze kimikoa, itsasoko arrainen urritzea eta abar. “Jende gehienak okerreko galderari erantzuten dio hondakinen kontuan. Galdetzen du ‘zer egin behar dut hondakina usatu ahal izateko?’. Baina galdera ona da: ‘Zer aldatu behar dut zaborrik ez sortzeko?”.

Zakarretarako ezer ez

Azken urteotan Zero Zabor ideiaren inguruko jende erreferentzialak Paul Connett eta Annie Leonard dira.

Leonarden Story of Stuff (Gauzen istorioa) filma klasiko bat da gaur egun. Ingelesez sortua baina beste hizkuntza askotara itzulia (gaztelaniaz badira bi bertsio Interneten, onena doinu ertamerikarra duena) herrialde aberatsetan bizi dugun kontsumismoak azpian dauzkan egiak azaleratzen ditu, egunero darabiltzagun gauzen sorrera eta ibilbidean argi eginez.

Paul Connet kimika irakaslea da New Yorkeko Saint Lawrence unibertsitatean, baina gaur aurkituko duzu Filipinetako biltzarrean hitzaldi nagusia ematen edo hurrengoan Italian, Rifiuti Zeroren edozein kanpainatan parte hartzen. Bere burua unibertsitariotzat adina mugimendu sozialen laguntzailetzat dauka.

Connettek badu paper bat non bere ideia laburbiltzen duen: Zero Waste: a Key Move towards a Sustainable Society (Zero Zabor: urrats funtsezkoa gizarte iraunkorrerantz). “Zero Zaborrek –dio Connettek– ezetz esaten die errauskailuei, zabortegi erraldoiei, gizarte xahutzaileari... eta baietz gizarte jasangarriari. Idealista dirudi, baina egia bihurtu dezakegu. Ez dugu espero behar zero zaborretara iristea datorren urtean, baina aurreratu dezakegu herri batzuk 2020rako horretatik oso hurbil egongo direla”.

Ingelesez hiru R aipatu izan dira hondakinen aferetan: Reduce, Reuse eta Recicle. Connettek laugarrena erasten die: Responsability. Herritar, udal, industrial, profesional, politikari... denek hartu behar dituzte dagozkien erantzukizunak.

Zero Waste aldarrikapena gehienetan herritarretatik hasi ohi da, sarritan administrazioek eta industria handiak hitzartu dituzten errauste plantei aurre egiteko alternatiba bila hondakinen bilketa selektiboa aldarrikatzen dutenean. Hala ere, Zero Zaborrek eskatzen du industrialak eta saltzaileak inplikatzea gero eta gehiago. Edozein produktuk diseinatu den unetik egon behar du prestatua iraunkortasunerako, produkzio prozesuak garbia izan behar du, garraioak sortzen dituen hondakinak ez dira ahaztu behar, eta produktutik kontsumitu ondoren geratzen denak berrerabiltzeko pentsaturik egon behar du.

Katearen beste muturra, produktuak kontsumitu ondorengoa, komunitateei dagokie egoki kudeatzea. Etxeetan bezala industrian eta komertzioan sortu diren hondar organikoak konpostatzea da arau nagusietako bat, baina ez bakarra. Birziklagarria den oro bereizi behar da azken errefusetik. “Errefusak dira gure akatsak” dio Connettek: errefusen tamainak erakusten du komunitate bat zein urrun edo hurbil dagoen Zero Zaborretik.

Hondakinen murrizten ahalegindu behar dute herriek eta administrazioek. Interneten begira hasiz gero munduan zein taktika erabiltzen diren, dena dago asmatuta, bai herritarren kontsumo ohiturak aldatzeko eta bai saltzaileak behartzeko hondakin gutxiago merkaturatzera. Ezer asmatzen hasi aurretik kopiatzeko adina eredu bada.

Zero Zaborren logikak eskatzen duen beste urratsa da kontsumoko objektuen konponketa eta zaharberritzea sustatzea. Azken finean, gauzen biziraupena luzatzea. Nahiz eta bitxi egiten den hau, normaltasun bakartzat ezarrita dagoenean dena merke erosi, berehala xahutu eta fite zakarretara botatzea.

Paul Connettek aipamen berezia egiten dio eraikuntzari: zaharra osorik eraisteko lan modua aldatu beharra dagoela. Eraikuntzak sekulako hondakin pila sortzen du, gaur ezin erabilizkoa. Destructionen ordez deconstruction behar dela, zaharra desmuntatu eraikuntzako erritmo berean, ahalik eta osagairik gehien berrerabili ahal izateko.

XXI. mendeko ideia nagusietakoa izanen da planeta mugatuko baliabideak ondo probestu beharra.

Argazki oina: Eco-Waste Coalition-ek Interneten lagatako argazki hau joan den azaroan egina dago, Filipinetako Puerto Princesa hirian. Han burutu zuen 6. biltzarra  Zero Zabor kontzeptuaren inguruan mundu osoan mobilizatutako taldeek osatzen duten Zero Waste International Alliance-k. Antolatzaileetan zegoen GAIA ere, etxeetako hondakinak erraustearen kontrako mugimendua, 2007ko irailean Gipuzkoako Hondarribian biltzarra egin zuena. Argazkirako mozorrotu diren militante filipinarren gibelean idatzirik ageri dira Zero Waste programaren osagai nagusiak: (ingelesezko ordena errespetatu gabe) hondakinak murriztu, bereizi, berrerabili, konpondu edo zaharberritu, konpostatu... Zero Waste Pilipinas gunean eskuragai daude han aurkeztutakoak.

Informazio gehiago:

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-11-12 | Txerra Rodriguez
10 "produktu" on

Aurreko batean, erronka, “lagun” batek: gaur eta hemen ari diren euskarazko 10 produktu on ezetz esan! Eta nik baietz, buruari eragin eta zerrenda egin nuen. Berak euskarazko kulturaren ez-modernotasuna aipatzen zidan, aski argudio kosmopaletoa, jakina. Gerora, patxada gehiagorekin aritu eta honako zerrenda hau prestatu dut, baten bati ahoa ixteko balioko duelakoan:


Baratze sarea, etengabe hazten

Baratzea komunitatea da, gune berdea, bertakoa, garaian garaikoa; baratzea aisialdia da, euskara, arnasgunea, beste kontsumo eredu bat… Bost urteko ibilbidearen balantzea egin du Itsaso Olaizolak, Gipuzkoako Baratze Parke Sareko arduradunak, eta horiek denak aipatu ditu herriz herri martxan jarritako baratze parkeen helburu eta ezaugarri gisa.


2018-11-12 | ARGIA
Bikotekideari eta semeari erasotzea leporatuta, gizonezko bat atxilotu dute Santurtzin

Erietxean larri jarraitzen du Lekeition jipoitu zuten gazteak, lehenago labanaz beste bati eraso ondoren.


Basozainen ustez, euren aurkako artzainen salaketak funtsik gabekoak dira

Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalak azken urteetan artzainen eta, EHNE eta Enba sindikatuen aldetik basozainek jaso dituzten kritikei erantzun diete ondoko idazkia medio. Bertan, besteak beste, Gipuzkoako Izarraizko eremuko ahuntzen auzia eta duela gutxi Debagoieneko mendietan txakurrek artaldeei egindako erasoena aipatzen dituzte.


2018-11-12 | I˝igo Igartua
31 hildako eta 200 desagertu baino gehiago dagoeneko, Kalifornia iparraldeko sute bortitzetan

San Frantzisko inguruetan 45.000 hektarea eta 6.450 etxebizitza erre, eta gutxienez 29 hildako utzi dituen “Camp Fire” sutea izan da gogorrena.


2018-11-12 | Zabalik Elkartea
"Nafarroaren atea": eskultura proposamena Donapaleutik

Hona sorpresa, nehork gehiago ia gogoratzen ez duenean, Aiziritze edo Behaskanetik Donapaleun sartzeko inguragunean eskultura berritzaile bat ikusi dugu San Martineko asteburu honetan.


Bi gazte migrante atxilotu dituzte jendarmeek Hazparnen

21 eta 26 urteko bi gazteek igandetik astelehenerako gaua atxilotuta pasa dute Hazparneko jendarmerian, fiskalaren aburuz egoera “irregularrean” egoteagatik. Urtebete daramate etxe batean bizitzen, eta nortasun agiririk ez duten arren, jaiotze-agiriak eta mediku-laguntza baimenak badituzte.


2018-11-12 | Xabier Letona
Bateragune Trial: A chance for Spain to recognise the pain caused

The Strasbourg Human Rights Court has punished Spain for not giving Arnaldo Otegi a fair trial. As a result of the unfair trial the Basque Left leader spent six and a half years in a Spanish prison, as did a further four people on trial in the Bateragune (´Place for Coming Together') case.


2018-11-12 | Ainhoa Bretos
Europako migrazio politikak salatzeko "Herrien besarkada" ekimena aurkeztu dute Artean

Maiatzaren 5ean egingo dute ekimena, sarri “ezkutuan” geratzen den elkartasuna ikusarazteko asmoz. Horretarako elementu sinboliko bat erabiliko dute: besarkada


Azkenak
Eguneraketa berriak daude