Hogei urteko kartzela zigorra ezarri diote Lukas Agirreren hiltzaileari, eta bederatzikoa lagundu zionari

  • Bertze akusatu bati urtebete eta bi hilabeteko zigorra jarri diote, hiltzaileak estaltzeagatik. Bi urte baino gutxiagoko zigorra denez, espetxean sartzea saihestu ahal izanen du.


2026ko uztailaren 1ean - 12:00
Lukas Agirreren hilketa salatzeko elkarretaratzea, 2022ko abenduan. Irutxuloko Hitza
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Lukas Agirre hiltzeaz akusatutako gizonari hogei urteko kartzela zigorra ezarri diote, eta hilketa gertatzeko “beharrezko laguntza” eman zion gizonari, berriz, bederatzi urteko espetxealdia. 24 urteko hernaniarra 2022ko abenduaren 25 goizaldean hil zuten, Donostiako Victoria Cafe diskotekaren kanpoaldean, labana sartuta.

Zigorrak bete ondoren, bertze hamar urtez egonen dira bi akusatuak zaintzapeko askatasunean, eta ezin izanen dira biktimaren familiarekin komunikatu eta 500 metro baino gertuago egon. Kondenatutako bakoitzak, gainera, 200.000 euroko kalte ordaina eman beharko die hildakoaren gurasoei, eta 40.000 eurokoa bi anaiei; guztira, 480.000 euro.

EFE albiste agentziak jakinarazi duenez, kasuko hirugarren akusatuari urtebete eta bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, bertze biak estali zituela ebatzi baitu epaileak. Bi urte baino gutxiagoko zigorra denez, espetxean sartzea saihestu ahal izanen du.

Ekainaren 3an amaitu zen Agirreren hilketaren epaiketa, eta epaileak berretsi egin du zinpeko epaimahaiaren ebazpena. Hirurak jo dituzte erruduntzat: bata hilketaren egile materiala izateagatik, bigarrena beharrezko laguntzaile izateagatik, eta hirugarrena hiltzaileak estaltzeagatik. Hala ere, hiru zigortuei hainbat aringarri aplikatu dizkiete: hirurei aplikatu diete droga kontsumoari dagokion aringarria, eta laguntzaileari baita buru nahasmenduari dagokiona ere.

Fiskalaren bertsioa

Fiskalaren arabera, diskoteka itxita zegoenean gertatu zen erasoa. Biktima kanpoan zegoen lagunekin, eta “liskar” baten ondorioz, tentsioa sortu zen. Akusatuetako bat, “bertan zeudenak izutzeko helburuarekin”, taldera zuzendu zen, eta gazteetako bati hainbat ukabilkada ematen saiatu zen. Jarraian, akusatuetako batek tximeleta itxurako labana eman zion bertzeari. Fiskalaren iritziz, arma utzi zuenak arriskuen “jakinaren gainean” jardun zuen.

Taldeak banandu egin ziren, baina handik gutxira bertze borroka bat hasi zen. Auzipetuetako batek “iskanbila aprobetxatu” zuen biktima erasotzeko, eta labanarekin sastakatzeko. Ondoren, fiskalaren arabera, bi akusatuek batera ihes egin zuten lekutik, eta hirugarren akusatuak “ikerketa zapuzteko” kolaboratu zuen. Zehazki, bi akusatu nagusiek “beren zapatilak trukatu” eta “labana edukiontzi batean ezkutatu” izana isildu izana egotzi diote.

Poliziak 06:20 aldera izan zuen erasoaren berri, eta gaztea Okendo plazan aurkitu zuten, Victoria Cafe diskotekatik gertu. Sastakadak zituen lepoan eta bertze zenbait gorputz ataletan. Larrialdi zerbitzuak hura suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu.

24 urteko akusatu nagusia bere borondatez joan zen Ertzaintzaren komisaria batera, gertakaria gertatu eta ordu batzuetara. Ordurako, Donostiako Udaltzaingoak 26 urteko bertze gizon bat eta 28 urteko emakume bat atxilotuak zituen krimena gertatu zen lekutik gertu, erasoarekin zerikusia zutelakoan.


Irakurri gehiago: Epaiketak Politika Heriotza Gizartea
Epaiketak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...