Euskarazko akats ortografikoak zuzentzeaz gain, lexiko zuzen eta eguneratuarekin idazten laguntzen duen tresna sortu du UZEIk, Microsoft Officen erabil daitekeena.
UZEIk adierazi duenez, tresna berriaren oinarri nagusiak Euskaltzaindiaren arauak eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen erabakiak dira.
PCetarako Word testu-editorean eta Microsoft Officeko beste programetan erabil daiteke eta "oso erraz" instalatzen dela diote. Gainera, etengabe eguneratzen denez, bertsio berriak deskargatzen joan ahala eguneratutako proposamenak egingo ditu zuzentzaileak.
Zuzentzaile ortografiko arruntek ez bezala, Hobelexek hobespen lexikoak ere egiten ditu, eta hori testuaren egokitasuna bermatzeko eta euskararen normalizaziorako lagungarria da. Hiztegi pertsonala sortzeko aukera ere badu.
Hobelex doan eskura daiteke UZEIren webgunetik.