Maiatzaren 21ean, munduak kultur eta hizkuntza aniztasuna ospatzen du, baina ospakizunaren atzean zauri asko daude irekita eta alarmak piztuta. UNESCOren arabera, azken ehun urteotan 200 hizkuntza baino gehiago galdu dira betirako, eta krisia azeleratzen ari da: urtero 25 hizkuntza desagertzen dira munduan. Gaur egungo 7.000 hizkuntzatatik %40 arriskuan dago, eta joera aldatzen ez bada, hurrengo mendean %90 desager daiteke. Hizkuntza bat hiltzen denean, ez da soilik hitz multzo bat galtzen, mundu-ikuskera oso bat desagertzen da betirako: maitasuna, euria, askatasuna edo justizia izendatzeko modu bakarra, ordezkatu ezin daitekeena.
Dena homogeneo, bat eta bakar, elebakar nahi dutenen artean, bizirauten duten lengoaia txikiak ere badira oraindik. Gurera ekarriz, Espainiako eta Frantziako inperioen historia anbizio baten kronika dira; gaztelania eta frantsesa hizkuntza txikiak zapalduz altxatu ziren. Ondoren, planeta osora esportatu zuten zapalkuntza, beraien elebakartasuna zibilizazioaren sinonimo balitz bezala inposatuta. Haien glotofagia tokiko gizarte-egiturak deseginez gauzatuz joan da mendez mende.
Nebrijaren maximaren pean, "la lengua fue siempre compañera del imperio" asfixia-politikak artikulatu ziren Nafarroako konkistatik gaur eguneko Ekuador, Ginea edo Filipinetaraino. Decretos de Nueva Planta (1707-1716) zeritzenek irakasleei beren hizkuntzan irakastea debekatu zieten. Inperioaren mapatik ezabatu zituzten Kaliforniako kotximí hizkuntzak eta iberiar penintsulako mozarabiar hizkerak. Mexiko edo Bolivian, Karlos III.aren ilustratuaren zedula suntsitzaileak "extinguir las distintas lenguas y hablar sólo el castellano" agintzen zuen, txiapanekoa bezalako hizkuntzak desagertzera eta kitxua, nahuatl edo asháninka, mendetako bazterketara kondenatuta.
Euskal Herrian nihao, hi, salam, azul, hola eta ehunka agur entzuten dira, mundu bat bizi da hemen, hainbat hizkuntzatan. Kaixo-k elkartuko gaitu. Euskarak zubi-hizkuntza izan beharko du euskararen herrian
Liberté-aren herrialdean, prozesua kirurgikoa izan zen. Villers-Cotterêtseko Ordenantzaren (1539) ondoren, 1789ko Iraultzak etnozidio kulturala erradikalizatu zuen. Jules Ferryren (1881-1882) legeek eskola umiliazio-gune bihurtu zituzten: haur bretoiei eta euskaldunei kartel bat zintzilikatzen zitzaien lepoan frantsesez hitz egiten ez bazuten. Eskola publiko, doako eta laikoa, bai, baina frantses elebakarra inposatuaz soilik.
Estrategia bera kolonietan errepikatu zen: Aljerian arabiera "atzerriko hizkuntza" izendatu zuen Frantziak 1938an; Senegalen, 1922ko dekretu batek frantsesez ez zen edozein irakaskuntza debekatu zuen. Pisu horren pean erori ziren ehunka hizkuntza, eta beste horrenbeste, wolof edo tamazight, adibidez, bazterketara behartu.
Errepublikak, monarkia, diktadurak, bi estatuek ezker-eskuin forma ezberdinak izan dituzten arren, herri txikiak ukatu eta hizkuntzak inposatu dituzte beti, izan euskalduna, kanaky, guaraní, katalana, okzitaniera, serer, amazigh, aymara, edo galego... Eskubide batzuk borrokaz lortu diren arren, hizkuntza-kontrolaren oldarraldiak etengabe iraun du.
XXI. mendean, errepresioak ez ditu beti fusilak erabiltzen, baina toga janzten jarraitzen du. Frantziako Estatuan oinarrizko eskubideak ukatzen jarraitzen dizkiete txikiei: azterketa ofizialak euskaraz egitea berriki debekatu da berriz, eta Molac Legea (2021) –eskualdeetako hizkuntzak babestu nahi zituena– Konstituzio Auzitegiak moztu egin zuen, "Sur la base de l'article 2 de la Constitution qui stipule que la langue de la République est le français".
Espainiako Estatuan, auzitegietatik eraso. Euskaraz genuen egunkari bakarra 2003an itxi zuten, atzo. Udaletan euskara erabiltzeko planen aurkako errekurtso judizialen oldarraldi betean gaude gaur; osasungintzan eta administrazioan euskaraz artatua izateko eskubidea murriztu nahi da, gaztelaniaren "diskriminazioaren" falazia eta langileon eskubideen karta erabiliz inperioko hizkuntzaren nagusitasuna iraunarazteko.
Euskara, beste jatorrizko hizkuntzak bezala, txikia da. Milaka urteko sustraiak ditu. Eusteak meritu ederra izan du, baina eustea ez da nahikoa. Eskubideen gauzatzean oinarritutako etorkizun berria eraiki behar du, gurekin bizi diren beste hizkuntza txikiekin batera. Marko juridiko eta politiko nazional osoa behar du. Nork jartzen du zalantzan Alemanian alemanez ikasi behar dela han bizi nahi baduzu? Zergatik ez Euskal Herrian?
Euskara arlo guztietan normalizatu behar dugu, mediku-kontsultatik unibertsitateraino, lantokitik kiroleraino. Beharrezko bihurtu. Euskaraz bizi, pentsatu, erosi, harremandu, sentitu, komunikatu. Bizi-bizirik, eskura, egoki eta egokituz.
Euskal Herrian nihao, hi, salam, azul, hola eta ehunka agur entzuten dira, mundu bat bizi da hemen, hainbat hizkuntzatan. Kaixo-k elkartuko gaitu. Euskarak zubi-hizkuntza izan beharko du euskararen herrian. Ez handien arauaren pean, txikien aliantzan oinarritua. Hizkuntza txiki bakoitzak bizirik dirauen bitartean, botere homogeneizatzaileak ezingo du irabazi. Horregatik ez gara bakarrik borrokatzen: hizkuntza txikien defentsan elkarrekin, aniztasunetik, mundua aberatsago, askeago eta gizatiarragoa egiten dugu eta ongi etorri esaten dugunean, denon mundura gonbidatzen ditugu. Hizkuntza txikien ekarpen handia.
Julen Orbea Bereikua
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.