Hizkuntza gutxituen irakaskuntza eraginkorrago bihurtzeko gomendio sorta aurkeztu diote Frantziako Hezkuntza ministroari

  • Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituak babesteko eta sustatzeko xedez idatzitako Molac Legea-k lau urteko ibilbidea bete duen honetan aurkeztu nahi izan diote beraien balorapena Max Brisson eta Karine Daniel senatariek  –bata Euskal Herrikoa, bestea Bretainiakoa– Hezkuntza ministro Edouard Geffray-ri. Hizkuntza gutxituen irakaskuntza hobetzeko 23 gomendio dakartza dokumentuak.


2026ko urtarrilaren 8an - 13:11
Azken eguneraketa: 15:48
Max Brisson senataria, Lapurdikoa, Frantziako Senatuan hitza hartzen ari.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Frantziako Hezkuntza sisteman hizkuntza gutxituen presentzia bermatzeko eta garatzeko asmoz, 23 gomendioz osatutako txostena aurkeztu diote Max Brisson (Errepublikanoak, eskuina) eta Karine Daniel (Alderdi Sozialista) senatariek Frantziako Hezkuntza ministro Edouard Geffray-ri. Astearte honetan batu dira ministroarekin eta eskura eman diote txostena. 2021ean bozkaturiko Molac Legea-k lau urte bete dituen honetan balorapen gazi gozoa eginik osatu nahi izan dute gomendio sorta hori. Hain justu, ofizialtasunik gabe aitzina egin nahian dabiltzan hizkuntza horien egoera ez doa hobetuz eta horretaz kezkatuta, hiru helbururi tiraka osatu dute dokumentua: Hizkuntza gutxituen irakaspena areagotzea; eskola-ibilbidean hizkuntza horiei balio gehiago ematea eta transmisio maila duten irakasle gehiago formatzea. Hezkuntzan jarri dute begirada, Frantziako Estatuaren menpe diren hizkuntza gutxitu gehienen kasuan "familia bidezko transmisioa ia desagertuta" izanda, izatekotan eskolei esker bermatuko zaielako etorkizuna.

Duela lau urte, tokiko hizkuntza horien "babesa eta promozioa" xede zuen Molac Legea bozkatu izanak ezustekoa eta poza eragin zuen kinka larrian diren hizkuntza horien defendatzaileen artean. "Parisko teknokraziaren parean, demokraziaren eta lurraldeen garaipena da lege hau", adierazi zion ARGIAri Paul Molacek berak, bozketaren biharamunetan. Baina, laster aurka jo zuen Konstituzio Kontseiluak, eta ebazpen horri segi aurkeztu zuen 2021eko abenduaren 14ko Eskualdeko Hizkuntzen eta Kulturen Irakaskuntzari Buruzko Zirkularra gobernuak. Dokumentu administratibo horrek ikastetxeen esku uzten du ikasitako hizkuntza bakoitzari eskainitako denbora, eta dio "posible" dela "murgiltze metodoa" erabiltzea, baldin eta frantsesaren eta hizkuntza gutxituaren "maila bereko ezagutza" bermatzen bada. Arazoa da, bidean "traba andana" kausitzen direla oraindik ere. Horien berri dakar txostenak: sail elebidunak irekitzeko zailtasunak, Frantziako Estatuak tokiko instituzioekin pasatako hitzarmenak izenpetu edota berritu ez izana, baliabide eta aurrekontu murrizketak ala beste.

Dela murgiltze ereduan zein sail elebidunean, ikasleen kopurua emendatu bada ere, bilakaera hori ez da nahikoa: "Hezkuntza-garapenaren erritmoa ez da nahikoa hiztun kopuruaren gutxitzea konpentsatzeko". Datu ofizialek gordetzen duten irakaskuntza maila zehazgabea dela ohartarazten dute ere txostengileek; izan murgitze sistema zein oren bakar batzuk astean, zehaztapenik ez da ematen ordu kopuruei dagokioenez. Gainera, lehen mailatik kolegiora eta ondotik, lizeora pasatzerakoan, aldi oro ikasle kopuru "galtze inportante" bat gertatzen da.

Bost lan-ardatz

Egoeraren larritasuna ikusita, "ahal bezain laster" gauzatu beharreko bost lan-ardatz aurkezten ditu Brissonek eta Danielek landutako txostenak:

- Tokiko hizkuntza gutxituen alde doan Estatu mailako politika publiko bat lantzea. 

- Tokiko hizkuntzetan bideraturiko "benetako irakaskuntza-eskaintza garatzea" irakaskuntza publikoan. 

- Diruz sostengatzea eta bermatzea pribatuaren eta elkarte bidezko irakaskuntza sailak –euskaren kasuan, ikastolen sarea, demagun–. 

- Hizkuntza gutxitua menperatzen duten irakasle kopuruaren emendioaren alde neurriak hartzea. 

- Hizkuntza gutxituak hobeki baloratzea, besteak beste, azterketak tokiko hizkuntza horietan pasatzea aukera bermatuta.


 


 


 


Hizkuntza politika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin