Hizkuntza gutxituak babesteko asmoz, Frantziako Konstituzioa aldatzea proposatu dute Dufau eta Molac diputatuek

  • Hizkuntza gutxituen aitortzaren parean jarritako "blokeoak" gainditzeko asmoz, Frantziako Konstituzioaren 2. eta 34. artikuluak aldatzea proposatzen duen lege proposamena aurkeztu dute astearte honetan Peio Dufau eta Paul Molac diputatuek. Urte bukaera aitzin eztabaidatua izatea dute helburutzat jarrita, eta anartean ahal bezain babes zabala lortzeko lanketa abiaturik dute.


2026ko urriaren 7a - 15:13
Peio Dufau eta Paul Molac diputatuak, Frantziako Legebiltzarrean. Paul Molac
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Frantziako Konstituzioaren 2. eta 34. artikuluak aldatzea proposatzen duen lege proposamena aurkeztu dute astearte honetan Peio Dufau diputatu euskaldunak (EH Bai) eta Paul Molac diputatu bretoiak. Dagoeneko bederatzi talde politikotako 80 parlamentarik sostengatu dute testua, eta ondoko egunetan babes hori zabaltzea dute xede. 2027. urtea aitzin nahi lukete sartu testua Legebiltzarreko gai ordenan.

Ezaguna da Konstituzioko bigarren artikulua, hain justu, hizkuntza gutxituen aitortza saiakera oro artikulu hori jartzen duelako parean Frantziako Estatuak frantsesaren nagusitasuna bermatzeko. Azkenik, hainbat Herriko Etxek euskarari bideraturiko ezagupenaren kontra agertu da tokiko prefeta, beti ere Konstituzioaren artikulu hori lehen lerroan jarririk. Hain justu, 2. artikuluak dio Frantziako Estatuko hizkuntza frantsesa dela. Aurkezturiko proposamenean "eskualdeko hizkuntzen erabilera, sustapena eta babesa errespetatzearen" baldintza gehitu diote bi diputatuek bigarren artikuluari. 34. artikuluak lege esparrua zehazten du eta ondoko paragrafoa gehitu nahi diote: "[Legeak arautzen du] eskualdeko hizkuntzen estatusa, bereziki administrazioan eta zerbitzu publikoetan duen erabilera".

Frantziako Legebiltzarreko Tokiko hizkuntzak eta kulturak lan-taldearen presidentekideak dira Dufau eta Molac 2025az geroztik.

Bidea luzea oraindik

Hilabetean behin oposizioko edo gutxiengoko talde politiko batek bere eguna du parlamentuan, nahi dituen lege proposamen eta erabakiak eztabaidatzeko. Bide hori baliatzekoa dute Dufau eta Molacek. Legebiltzarrean testua pasaz gero, Senatuan eztabaidatuko lukete eta ondotik, Kongresua bildu beharko litzateke, eta orduan parlamentari guzien hiru bostenen babesa lortu beharko luke lege proposamenak. Konstituzio aldaketak aitzina eginen balu, hizkuntza gutxituen aldeko lege bat prestatzea izanen litzateke ondoko urratsa.

Frantziako Parlamentu mailan zabalduko dute lege proposamena eta anartean, herritarrek ere babesa erakusteko aukera izango dute karrikatik. Hain justu, azaroaren 21erako euskararen koofizialtasunaren alde Baionan egitekoa den manifestazioan aldarri hori entzunaraztea ere du asmoa Euskal Konfederazioak.


Euskara Ipar EH-n kanalean gehiago
2026ko urriaren 19
Frantziaren ofentsibak ez du etenik euskararen aurka
Polizia Judizialak EEPko bi ordezkari deklaratzera deitu ditu

2026ko irailaren 28
Ana Bidart (Euskal Haziak elkartea)
“Euskaraz bizitzeko aukerak biderkatu behar dira”

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.