ELA, LAB eta Steilas sindikatuek manifestazioa deitu dute larunbat honetarako Bilbon, hilaren 9an, Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde goiburupean. Manifestazioa Jesusen Bihotzetik abiatuko da 17:30etan eta dagoeneko euskalgintzako eragile ugarik sostengua adierazi diote, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluak.
Sindikatu deitzaileen esanetan, “euskarak erabateko ofizialtasuna behar du eta enplegu publikoan euskara zein gaztelaniaren exijentzia parekatu behar dira, euskararik ez dakiten langileei denbora eta baliabideak eskainiz”. Haien ustez, Eusko Legebiltzarrean EAEko egitura politikoa eztabaidatzeko eta Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko prozesuak irekita daude eta, besteak beste horregatik, hau une garrantzitsua da: “Herritar guztien hizkuntza eskubideak parekatuko dituzten lege bermeak eztabaidatu litezke edo gizartean zein administrazio publikoetan azken urte luzeetan egindako ibilbidean atzerapauso nabarmenak ekarriko dituen erabakiak hartu”.
Beste alde batetik, argi ikusten dute azken urteetan euskaldunon oinarrizko hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi antolatua martxan dela: “Eragile sindikal, politiko eta mediatiko batzuk euskararen biziberritzeari trabak ezartzeko presio antolatua eragiten ari dira, eta erantzun antolatua ezinbestekoa da”. Sindikatuen esanetan, “ELA, LAB eta STEILASen eskaera oso sinplea da: euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea gauzatu dadila eta horretarako neurriak hartu daitezela”.
Sindikatuen ustez, bi ikuspegi kontrajartzen ari dira, batetik “euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzen dugunona”, eta bestetik, “administrazioaren euskalduntzea zapuzteko azpijokoan ari direnena, gaztelaniaren nagusitasuna inposatzeko asmoz”. Administrazioan euskararen eta gaztelaniaren parekatzearen alde lanean ari direnei, ordea, kriminalizazio kanpainarekin erantzun dietela uste dute sindikatu deitzaileek, eta horrek helburu argi bat duela: “PSE-EE alderdiarentzat onargarria den lege-proposamenak adostea” eta hori “beto eskubidea onartzea, edota euskaldunon hizkuntza eskubideen zapalkuntza ontzat ematea” litzateke.
Eusko Legebiltzarreko eztabaida
Une honetan Eusko Legebiltzarrean ematen ari den eztabaidaren aurrean, ELAk, LABek eta Steilasek eskatzen diote EAJri bi hizkuntzen parekatzea bultzatzen duen “proposamenarekin bat egiteko, euskara legez babestuko ez duen beste proposamenetik aldenduz”.
Sindikatuok hiru oinarri ezinbesteko ikusten dituzte Enplegu Publikorako Legeak euskaldunon hizkuntza eskubideetan aurrera egiteko: bat, euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea; bi, parekatze horretarako epemuga eta helburuak zehaztea; eta hiru, zehaztutako epemuga horretan euskararik ez dakiten herri-langile guztiei euskalduntzeko aukera, denbora eta baliabideak eskaintzea.
Atxikimendu zabala
Manifestazioak euskalgintzaren munduko atxikimendu ugari jaso ditu, hala nola, Euskalgintzaren Kontseiluarena. Ondoko erakunde eta elkarteek ere manifestaziora joateko dei egin dute: Administrazioan Euskaraz Taldea, osasun eremuko Aintzat, Aldatu Gidoia, Arnas Dezagun, Bilgune Feminista, Ernai, Euskal Herriko Mus Federazioa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaleen Foroa, Ika, IKA, Ikama, Joxemi Zumalabe, Nabarralde, Naziogintza, Ostia Sarea eta Pantailak Euskaraz.
Hiru sindikatu deitzaileek, halaber, Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean ekainaren 13rako deitu duen mobilizaziora joateko dei egin dute.