“Langileak euskalduntzeko baliabideak jarrita, hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak bateragarriak dira”

  • STEILAS, LAB eta ELA sindikatuek manifestazioa deitu dute maiatzaren 9rako, euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde mobilizatzeko. Euskararen eta euskaltzaleen aurkako kriminalizazio kanpainari aurre egiteko ordua dela dio Arbidek.

LAB, STEILAS eta ELAko ordezkariak maiatzaren 9ko mobilizaziorako deia egiten. Haizea Arbide Aza erdikoa da. STEILAS

2026ko maiatzaren 5ean - 07:00
Azken eguneraketa: 00:27
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zergatik deitu duzue mobilizazioa maiatzaren 9rako?

Ikasturtean zehar ere, egin ditugu hainbat mobilizazio euskararen oldarraldiaren kontrakoak, baina azkenaldian agertu diren berriak tarteko, euskararen eta euskaltzaleen aurkako kriminalizazio kanpaina bat ikusi dugu. Horri erantzuna emateko, maiatzaren 9ko manifestazioa deitu dugu. Hizkuntza eskubideak parekatzea eskatzen dugu, euskararen eta gaztelaniaren eskakizunak parekatzea. Hor aurrera egin behar dugu, euskara menpeko nahi dutenen aurka eragiteko. PSE-EEk testuingurutik atera du gaia [EAJri eta EH Bilduri Euskal Enplegu Publikoaren gaineko lege proposamenak erretiratzeko eskatu die, “milaka langilerentzat mehatxu direlako”], baina guretzat parekatzea da helburua, eta horretarako administrazio publikoan lan egiten dugun pertsona guztientzat euskalduntzeko baliabideak, denbora eta aukerak bermatzea. Horrela baino ez da lortuko hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak uztartzea.

Oldarraldi antolatu baten aurrean gaudela diozue, eta antolatuta erantzun behar zaiola. Nork antolatu behar du, eta nola?

Sindikatuez haratago doanaz ari gara. Ez dugu uste oldarraldia kasualitatea denik. Atzean eragile politiko, instituzional eta mediatikoak daude. Guztiok, euskaltzale oro eta komunitate osoa antolatu behar gara: sindikatuak, eragile sozialak, hezkuntza komunitatea, euskararen alde dagoen edozein herritar. Oldarraldiaren aurrean, euskararen normalizazioaren alde egiteko momentua da. Oldarraldiaren atzean daudenek normalizazioa oztopatzea daukate helburu, eta euskaltzaleak desprestigiatu eta deslegitimatzea.

Nola egingo dugu? Momentuz, kaleak hartuz, mobilizazio handi eta jendetsua eginez. Elkarlanean, noski; hiru sindikatuk deitu dugu mobilizazioa eta azken egunotan Euskalgintzaren Kontseilua ere batu zaigu. Guretzat oso garrantzitsua da maiatzaren 9ko mobilizazioa, baina baita ere Kontseiluak ekainaren 13rako deitua duena, hain zuzen erantzunak kolektiboa izan behar duelako.

Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko lege proposamenen epea bukatu da. Zer eskatzen diezue alderdi politikoei? Zer jaso beharko luke lege horrek?

Alderdi politikoei, hainbat gaietan eskatzen diegun moduan, erantzukizunez jokatzea eskatzen diegu; kasu honetan, hizkuntza eskubideen parekatzean benetako urratsak ematea. Ez dugu uste euskararen normalizazioa etengabe atzeratu behar denik; kasu batzuetan, alderdi politiko batzuen eskutik, beto politikoa jartzen zaio normalizazioari. PSE-EEk langileentzako mehatxu diren proposamenak salatu ditu, baina guk egindako proposamenetan ez da inoren lanpostua arriskuan jartzen, kontrakoa baizik. Trantsizio batean planteatzen bada euskararen normalizazioa, guztiek izango lituzkete aukera berdinak. Horretarako, hizkuntza eskakizunen legeak hiru oinarri jaso beharko lituzke: euskararen eta gaztelaniaren eskakizunen parekatzea, parekatzea gauzatzeko epe eta helburu argiak ezartzea, eta ezarritako epe horretan langile guztiei ikasteko baliabide nahikoa eta denbora eta bermeak eskaintzea. Horrela hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak bateragarriak izan daitezke.

Langileek euskara ikas dezaten baliabideak eskura jartzea eskatu duzue. Zein dira hartu beharreko neurri zehatzak?

Baliabideak egon badaude. Hezkuntzan, adibidez, badago proiektu bat bertan behera utzi nahi dutena [IRALEren R ikastaroez ari da]. Euskalduntzeak ez du zertan izan langileen borondatean edo norbanakoaren ahaleginean oinarritutakoak. Horregatik diogu baliabideak ezarri eta politika publikoak egin beharko direla. Sektore bakoitzean modu desberdinean ezarri beharko lirateke, baina guk neurriak zein izan beharko luketen badakigu: lanorduetan euskara ikasteko aukera, ikasten ari den langilea ordezkatzeko sistema bat zerbitzua ez kaltetzeko, doakoa eta kalitatezko eskaintza, ikasketa prozesuak planifikatzeko ibilbide argiak, eta baliabide ekonomiko nahikoak. Ardura administrazioak hartu behar du, eta euskara ikasi eta erabiltzeko baldintza errealak ezarri behar ditu.


Hizkuntza eskubideak kanalean gehiago
2026ko martxoaren 24
4. eta 5. egunak | KRONIKA
Euskaldunok, desobedientziara kondenatuta?

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.