Enplegu Publikoaren Legea aldatuz hizkuntza eskakizunak babesteko EAJren eta EH Bilduren erreforma proposamenak daude Eusko Legebiltzarrean. EH Bildurena bertan behera gelditu da eta EAJrenak aurrera egin du EH Bildu abstenitu egin delako. Koalizioak adierazi du “akordiorik eza ez dela aukera bat”, eta “negoziatzen jarraitu ahal izateko” abstenitu da. Ez du argitu, ordea, ekainaren 25ean, EAJren proposamena osoko bilkurara iristen denean, zein jarrera hartuko duen.
EAJren eta EH Bilduren Enplegu Publikoaren Legearen inguruko ekimenak hizkuntza eskakizunen sistemaren gainekoak dira, administrazioei, oldarraldi judizialaren aurrean, segurtasun juridikoa emateko asmoz egindakoak. EAJren proposamenaren aurka egin dute PPk, PSE-EEk, Sumarrek eta Voxek. EH Bilduk, berriz, proposamenari bidea ematea erabaki du jeltzaleekin negoziatzen jarraitu ahal izateko. Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du EAJren proposamenarekin “kritikoak” izan direla, eta hala ere, “akordioaren alde egin beharrean” direla. Hala, abstenituta, negoziatzen jarraitzeko aukera izango dute bi alderdiek. Ekainaren 25ean, berriz, osoko bilkuran zein jarrera hartuko duten ez du argitu koalizioak. “Lanean jarraitzea tokatzen zaigu”, azaldu du Aztiriak.
Bi proposamenak
EH Bilduk irizpide orokortzat proposatu du lanpostu guztiei nahitaezko hizkuntza eskakizuna ezartzea. EAJk, berriz, derrigortasun indize orokorra kendu eta administrazio bakoitzari autonomia handiagoa ematea proposatu du. Azken txanpan, bi alderdiek egin dizkiete zuzenketak lege ekimen horiei. Iñigo Urrutia legelariak, Txillardegi Gogoeta Guneak eskatuta, bi proposamenak aztertu ditu. EAJren proposamenari dagokionez, Urrutiak zalantzak ditu proposamena gaur egungo ziurgabetasun juridikoa konpontzeko baliagarria izango den. Udalerrien gain “karga handiegia” jartzeko arriskua ere azpimarratu du. EH Bilduren lege ekimenari dagokionez, segurtasun juridikoaren ikuspegitik “proposamen sendoa” dela adierazi du Urrutiak. Bi lege erreforma proposamenak kontuan hartuta, legelariak uste du EH Bilduren proposamenak “aurreikusgarritasun handia” emango liokeela sistemari, arau nagusia legeak berak finkatzea proposatzen duelako, alegia, bi hizkuntzak jakitea.
Maiatza hasieran Hauek dira EAJren eta EH Bilduren lege proposamenak erreportajea argitaratu zuen ARGIAK eta bi proposamenak xehe azaltzeaz gain, Iñigo Urrutia legelariak bi proposamenez egindako balorazioak jaso zituen, baita hizkuntza eskakizunek segurtasun juridikoa lortu dezaten Urrutiak egindako proposamena ere.