Aitzakia geneukan Aitor Montes Aramaioko familia medikuarekin hitz egiteko. Bat Soziolinguistika aldizkariaren 138. zenbakian Aitor Montes, Jon Zarate eta Eider Madinak egindako azterketa argitaratu dute, izenburu honen pean: Osasun arreta euskaraz: Aramaioko egoera. Atzera begirako azterketa deskriptiboa. Azterketa horrekin, egileek erakutsi nahi izan dute osasun zentroko profesionalen jarrera euskara erabiltzea bultzatzeko oso baldintzatzaile garrantzitsua dela.
Abiapuntu gisa hartu dugu Bat aldizkariko ikerlana; eta Montesen laguntzarekin, osasun zentroetan, eta zehazki, Osakidetzan, pazienteak euskaraz artatuak izateko gako batzuk errepasatu ditugu. Horretarako, Osakidetzaren euskara planetara jo du, eta batez ere, 1. eta 2. planen oinarria kritikatu du, bere ustez akats handia dutelako: osasun zentroa kokatzen den eremu geografikoan bizi den euskaldun kopurua hartzen du oinarri, eta horren arabera zehazten dute euskarazko errotulazioak zenbaterainoko hedapena izan behar duen eta zenbat lanpostuk eduki behar duten hizkuntza eskakizuna, besteak beste.
Errotulazioa eta hizkuntza eskakizunak, biak beharrezkotzat jo ditu Montesek, baina eremu soziolinguistikoaren arabera jokatzeak, medikuntzaren ikuspegitik, ez duela “ez hanka ez buru” dio: “Osakidetzan, eta udaletan ere bai, euskara plan asko oinarritu dira eremu soziolinguistikoaren ezaugarrietan, eta ez dira oinarritu jendearen beharretan”. Euskaldun kopuruaren arabera lanpostuetan hizkuntza eskakizunak ezartzeak esan nahi du, adibidez, zentro batean lanpostuen %60k edukitzea hizkuntza eskakizuna: “Horrela arreta ausazkoa da, hau da, agian langile euskaldunak artatuko zaitu eta agian ez. Hizkuntza eskubideak denok ditugu, baina sistema horrek ez du bermatzen eskubidea”. Areago, bere ustez hizkuntza eskakizuna edukitzeak ez du bermatzen pazientea euskaraz artatuko denik: “Gutxieneko bat gainditu duela frogatzen du, baina gehiago ez. Medikuntzako lizentziatura eskuratu dezaket, eta horrek egiten nau mediku? Denok dakigu ezetz”.
Montesek ideia hau bereziki azpimarratu nahi izan du: tokian tokiko euskaldun kopuruaren araberako planak egiten dira, hizkuntza eskakizunak ezartzen dira ehuneko horien arabera, baina kontsultan pazienteak eta medikuak euskaraz ari diren ez da neurtzen, alegia, erabilera neurketak ez dira egiten: “Euskara planak ebaluatzen dira, baina jendearen beharrak ez dira kontuan hartzen”.
Eta medikua bada euskara sustatzen duena?
Eremu soziolinguistikoa zein den, hizkuntza eskakizunak, errotulazioa… eta osasun langileen hizkuntzarekiko jarrera. Azken elementu hau euskararen erabileran baldintzatzaile oso garrantzitsutzat du Montesek. Debagoieneko ESI Erakunde Sanitario Integratuko esperientzia kontatu du eta bi adibide jarri ditu. 2015ean pazienteek lehentasunezko hizkuntza aukeratzeko erregistro-sistema jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzak. Montesek dio euskaraz erregistratu den herritar kopuruan zeresan handia duela herri horretako euskaldun kopuruak, baina argi du ez dela aldagai bakarra euskaldun kopurua, ez baita automatikoa euskaldunek euskaraz artatzeko izena ematea erregistroan. Adibidez, Montesek lehen unetik animatu zituen bere pazienteak euskara lehenestera eta emaitza izan zuen: 2023an Aramaioko pazienteen %68k zeukan euskara lehenetsita, %19k gaztelania eta %13k eskatu gabe. Debagoienan, datuak hauek dira hurrenez hurren: %43, %42 eta %15.
Profesionalen jarreraren eraginaren beste adibide bat hizkuntza erabilera-datua da. Aramaion egindako ikerketaren emaitzek diote osasun zentroko euskara-erabilera neurtu zen hilabetean erabilera altuagoa izan zela herriko ohikoa baino (kaleko erabilera %63,4 da). Profesionalen jarrerari lotuta, botere harremanen garrantziaz akordatu da Aramaioko medikua: “Gogoratu osasun zentroak botere gune izan daitezkeela, nahiz eta ez den lehen bezala, eta gainera, sektorea feminizatu denetik emakumeek egiten duten guztiari balioa kentzen zaio, baina oraindik ere kontsulta edo medikua botere gune bat da”. Hots, medikuaren hitzak garrantzi handia duela pazientearentzat.
Hizkuntza eskubideak eta kalitatezko arreta
Urteak daramatza Montesek pazientearen hizkuntzak kalitatezko osasun arretan duen rol zentralean azpimarra jartzen. Horregatik galdetu diogu ea profesionalek bi osagaien, hizkuntza eta kalitatezko arretaren, arteko loturaz jabetzen ote diren. Lehenago esandakoa azpimarratu du: euskara planak ebaluatu bai, baina kontsultan hizkuntzarekin zer gertatzen den ez da neurtzen: “Are gutxiago osasun jarduera bat ebaluatzen denean. Zuk uste duzu horrelako ebaluazioetan euskara kontuan hartzen dela? Ez daukate kontzientziarik, ez dituzte inondik inora lotzen kalitatea eta euskara”. Gogorarazi du Osakidetzako goi-kargu asko erdaldunak direla eta horrek ere ez duela bidea errazten. Laguntzak, baliabideak eta araubideak eskatu ditu egoera hori aldatzeko.