HITZAURREA: Desazkunde baikorraren alde

Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko apirilaren 13an - 07:00
Azken eguneraketa: 09:49
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

***

Turismoari buruzko liburu bat egitera gindoazela komentatu izan dudanetan, parekoen begiradetan nabaritu dut errezeloa. Nolabait ere esanez, “turismoaren kontrako liburua izango da”. Edo “ARGIAko hauek ari dira berriz ere denaren kontra egiten”. Ez dakit ondo bietatik zein den zuzena, baina bietan errepikatzen da hitz bat: kontra. Horregatik, nire buruan irudikatutako balizko komentario horiei azalpen bat gehitu izan diet normalean: “Ez da turismoaren kontrako liburu bat; analisi bat da, eta bizitza eta antolaketa eredu justuagoen aldeko gogoetak egiten ditu”. Parekoen begiradak ez dira askorik aldatu.

Orduan ere ohartzen da bat zer barruraino sartuta dugun kapitalismoaren morala. “Han doa, turismoaren aurkako mobilizazio batean parte hartu duen hura, hegazkina hartu eta kostalde liluragarri batera bi aste tripaz gora pasatzera”. Agian mingainari kosk txikia eginda joan da oporretan, beharbada beste helmugaren bat hautatuko lukeelako gustura, edota, segur aski, urteko beste garai batean bidaiatuko lukeelako are gusturago, hain masifikatuta ez dagoenean, eta kontzientzia lasaiagoz. Baina ezin. Eta agian gaiaz sakon hausnartu du. Baina egiteko moduan dago gakoa, eta horretan datza liburu honen xedea.

Turismoa etengabe hazi da azken hamarkadetan, batez ere azken urte gutxian. Muga ugarirekin egin du topo, eta batik bat, agortu egin da herritar askoren orain arteko pazientzia. Izan ere, askoren bizimoduak errotik aldatu ditu turismoaren hazkunde bizkorrak, norbere bizileku, negozio eta harremantze moduak kaltetu baititu, besteak beste. Eta ez kasualitatez, erreakzioak eta erresistentziak sortu dira han eta hemen. Bistan geratu da ez dela ezer puntuala, baizik eta estrukturala.

Kontsumo-, gizarte- eta hiri-ereduak kritikatzen dituen ezker mugimenduaren erronkak dira kontzientziazioan eragitea eta alternatiba errealak proposatzea. ARGIAk ez ditu alferrik haizatzen krisi ekologiko, sozial eta kulturalei buruzko gogoetak, eta askotan, eta azken urteotan bereziki, mahai gainean ipini den gaia izan da desazkundearena. Desazkundea zentzu askotan: ekologikoki, energetikoki, teknologikoki... Eta turismoari dagokionean ere berdin. Hala egin genion enkargua Asier Basurto Arrutiri, Donostiako Bizilagunekin plataformako kideari. Desazkunde turistikoaren bidetik, hiri bizigarriago baten aldeko herri lanean ari diren heinean, idatz zezala turismoari buruzko oinarrizko liburu bat, egungo egoeraren analisia egin eta alternatiba bideak zabalduko zituena.

Kapitalismoaren zedarria da etengabe-etengabe hazten joateko joera. Hazten ez dena, gaizki doa. Propio hori bultzatzen du desazkundeak. Baina hautu kontzientea da. Helburua ez da jaistea jaisteagatik, baizik eta norabidez aldatzea, ezinbestekoa izango zaigulako denon bizitzak hobetzeko, denon bizitzak erdigunean jartzeko, aberastasuna ez dadin gutxi batzuen eskuetan eta gainontzekoon bizkar pilatu. Desazkundea, hortaz, begiraden errezeloak errezelo, positiboki eta baikortasunez planteatzen da.

Gauza bat argi geratu zait liburua irakurrita: garaiz gaude oraindik. Garaiz gaude trantsizio aldi bat abiatzeko desazkundea norabide hartuta, eta guztiok izan behar dugu prozesu horren parte, erakundeetatik hasi eta herri mugimenduetaraino.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea
ARGIAko kazetaria

***


Irakurri gehiago: ARGIA Komunikazioa Turismoa Ekonomia
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.