Hitzak eta bizitza

  • Hitzak eta bizitza. Batzuk, Itxaroren poemategietatik atereak; besteak, Bordak propio idatzita kantu bilakatzeko. Ehunka dira bat egin duten hitzak eta melodiak, ehunka bizitza. Iragan larunbatean, horien arteko hogeitxo bat lagin emateko beste horrenbeste artista elkartu zituen Xiberoko Botzak “Itxaropena, Itxaro Borda kantatüz” izenburupean, oragarrearraren bizileku eta lanleku izandako Maulen.


2019ko urriaren 17an - 13:41
Hamabost emankizun, oro jatorrizko sortzaileekin: Maulen pasa den asteburuan ikusitakoa ezohiko zerbait izan zen (argazkia: Xiberoko Botza).

Itxaroren lehen irakurraldiari sarrera eman zion aurkezpen fin eta xume batek; xumeegia agian, eskertzekoa zatekeen artista bakoitzari sarreratxoa egin izana, entzuleok iparra ez galtzeko, eta kanten arteko derrigorrezko eten teknikoek sortutako hoztasuna apurtzeko. Hala ere, bizi-bizi joan zen emanaldia, gehienetan kanta bakarra eman baitzuen formazio bakoitzak: Otxalde taldeak Woody Guthieren akordeekin abiatu zuen emanaldiari (This land is your land). Zein ere bikoak ere amerikar sustraietara eraman zuen Eresia, baina zuzenago eta zakarrago joaz (“betiereko loak har gaitzan emaiguzue morphina”), eta pop-funkerantz Izarrak boskotea, Lourdes Iriondoren Gazte gara gazteren oinordea den Gazteak gara (nahiz eta ez lortu ahotsek guztiz bat egitea). Therry Biscaryk, ttunttuna eskuan eta arazo teknikoei aurre egiteko ofizio handiz, abesti epiko eta gaueko narratiboena: Manex eta Ñakosaren bizitzak. Hitzak eta heriotzak.

Gartxu eta zurrunen, Pier Paul Berzaitz (Labrit hondarren ametsa). Cyril Bayleren akordeoia lagun. Apalik, kantu bakarra eman zuen, baina berari zor zaizkio larunbateko beste bi une gogoangarri. Bata, 1997ko Atharratzeko jauregian pastoralerako idatzi zuen Habil hoa aitzina Atharratze, Basabürütarrak taldeko hamabost kideen artean ezkutaturik, edozein herrik nahiko lukeen ereserkia emateko. Bestea, emankizuna ixteko artista guztiek publikoarekin batera abestu zuten Lürralde zilarra, Mixel Arotzeren bakarlari lanak gidatuta.

Solemnidadearen bidea jorratu zuen Jojo Bordagaraik ere, Mark Tanburinegiren piano karabilkariaren gainean (Ez geldi), Barbararen ildoan. Kattalin Indaburuk, baina, Phillipe de Ezkurraren akordeoia izan zuen garraio, errusiar ukituz zipriztintzeko Ana Moscou kanta, sentikortasun eta erabakitasun handiz. Txomin Hegik, Bordaren 1981ean izkiriaturiko Testamentu punkari (Bizitza nola badoan sortan bildua) giro brassensdarra ezarriz, gaueko une gorenetakoan: Hitzen azpira erori diren puskak nork ditu alaino berriz bilduko, iraun dezadan datorren ekainaraino... No future, no fun. Hitzak eta bizitzak. Zeren gomendagarria baita testamentuak, omenaldiak, bizirik zaudela idaztea, jasotzea.

Eta Maddi Oihenarten ahotsak Jérémie Garaten akorde errepikakorretan flotatu zuen Denbora asko hipnotikoan, Ninano seaska-kanta lurruntsua a capela eta bi ahotsetan eman aurretik. Barkoxtarraren ahotsean sublimatu egiten dira Bordaren hitzak. Eta bizitzak.

A capela aritu ziren, orobat, Johañe Bordaxar (oin puntetan, apur bat deseroso, eman zuen Hur Geldiak kantu jostaria) eta melodia oro urre bihurtzen duen belusezko ahotsaren jabe den Mixel Arotze (Orain poemategiko Goiz hura).

Pantxix Bidartek gitarra elektrikoaz loop arabigoa egokitu zion –behar den bezala– Merguez Blues ozen eta basatiari. Gure karriketako maiatz ederrak aipatu eta tamainako ozentasunez erantzun zioten entzuleen esku-zartek.

Beñat Achiary donapaleutarrak Benoit Lamerain izan zuen ondoan, eta haren bouzoukiaren gainean joan zen ibilkatuz Izabatik Maulerainoko bidea, arrandiatsu baina neurriz, deseinuz, beste inor baino basahaideago, adierazkortasun berezia emanez hots eta hitz bakoitzari. Ainaren bizitza bakoitzari.

 

 

Hertzainak taldeko Gari eta Josu Zabala Mauleko oholtzan (argazkia: Ane Arana Etxebarria).

 

 

 

Hertzainaken ezusteko agerpenak (Bordak haientzat idatzi lau kantuetatik hiru eman zituzten) balio izan zuen taldearen paradoxarik handiena erakusteko: nola a priori kanta bihurtzeko zailenak dir(udit)en Bordaren zenbait hitz diren garun gehienetan iltzatu direnak (“gutizia oro jaten dizun xangre maltzurra zeluletan barna hedatzen balitzaizuke behintzat zoriontsu izango zinatekela asmatzen hasten baldin bazara bi minutuero herrimina”). Antzutu berri duten Atxuriko tren geltoki zaharreko irudi nahigabean nostalgikoaren pean dotore aritu ziren Josu Zabala hauspoetan eta Gari gitarran. Gau hartako txakur berde izendatu zuten beren burua, arrazoi askorik gabe, nire ustez: egoki eta beharrezkoa zen haien partehartzea. Eta areago, egin zuten bezala, zaratarik egin gabe, alegia.

Herriminik ez Maule Baita bete genituenongan: hamabost emankizun, oro jatorrizko sortzaileekin; gainera, elkarlan ugari horien aktore behinenak denak. Egungo zein aspaldiko kantuekin. Ez da erraza honelako ekimenik biltzea, eta ez da erraza izango. Baina erraza da hain oharkabean pasatzea.

Emanaldia amaitzeko, artista guztiak oholtzan zirela, Gonzalo Etxebarria bilbotar barkoxtartuaren grabatua jaso zuen olerkariak. Itxaro Bordaren hiru agerpenak, hiru olerkien irakurketak emanaldiko une gorenak izan ziren. Asko izan zuten musikatik, abiadura, ebaketa zaindua, eten egokiak, argitasuna. Bazuten hitza, bazuten bizitza. Poeta bizi eta jori batena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude