II. pla-pla jaialdia
Non: Ondarroako frontoian (Bizkaia).
Taldea: Katiuskak.
Noiz: maiatzaren 2an.
-------------------
Mamarratxosnik bigarren urtez antolatu duen Pla-pla jaialdia dugu bi egunez Ondarroako frontoian, eta Maiatzaren Lehena dela aprobetxatuta zabaldu dute egitaraua Klase borroka transfeminismotik. Herrietan zer? erresistentziak eta bizirauteko estrategiak mahainguruarekin. Sexu genero disidenteentzako espazio autogestionatu faltaz, herri txikietan militatzeaz eta saretzearen beharraz hitz egin ostean, iritsi da Bizi-sintetikoak bikoaren txanda. Leire Vargas eta Jaime Nietoren proiektu erdi poetiko, erdi musikala. Bataren hitzek eta bestearen soinu elektronikoek harrizko pareta grisak kolpatu dituzte, are indartsuago itzultzeko gugana. Bortitzago, indartsuago, eta norbere deserosotasuna are gordinago.
Maiatzaren Lehenekoak bukatuta, ondo joan izanaren sentsazioarekin agurtu dugu elkar, jakitun ez dugula lasai lo egiteko tarterik izango, biharko egunak luze joko duela. Gainera, eguraldiaren aurreikuspenak estres maila beste puntu bat igotzeko baimena hartu du, euria etorri badator, baina zail da jakiten noiz hasiko den, eta zail da jakiten gauzak ondo ala gaizki irtengo diren aterperik gabeko frontoi honetan.
Eguraldiak eutsi dio egunaren lehen zatiari, baina igaro behar izan dugu arratsaldea, kable, altaboz eta mahaiak euritik babesten. Gaua egina zegoela oholtzaratu da Katiuskak hirukoa. Oholtzaratu dira, eta ez da gutxi, kontuan harturik euria ez dela gelditu azken bi orduetan, oholtzak irrist egiten duela, agertoki erdian haima biak batzen dituen zutabeak ez duela konfiantza gehiegi ematen. Autogestioa eta medio gutxi izatearen ajeak, finean.
Gogoan dut Kortak, Garazik eta Txinik Hiruputzu Gaztetxean (Zarautz, Gipuzkoa) jo zutenekoa; lehen kontzertuaren urduritasuna aspaldi alde batera utzi dutela nabari zaie gaur. Ibon RG-rekin grabatu berri dituzte hiru kantu, hiru aldarri punk, hiru katiuska portadan, eta hiru kolore lehen begi kolpera: horia, magenta eta zian. Kolore primarioak. Eta primarioa da ere egiten dutena, zentzun onenean: punk jarrera eta doinuak, une melodiko eta estribilo errepikakorrak. Mezuak argi, pegatinetan ondo funtzionatzen duten horietakoak: Heterosexualitatea Espainia bezalakoa da, fikzio politikoa.
Lehenengo lerroetan lagunen dantzatzeko gogoa nabari da, eta euria gelditu da; dena alde, beraz. Finean, giro bat sortu dute, komunitateak eutsita, frontoia dantzaleku bihurtu da. Pilota eta palaren ordez, mamarro eta mamarratxak dabiltza katiuskak jantzita dantzan, Pla, eta pla, eta pla, eta pla euriak utzitako putzuetako lurra gogor zapaltzen. Maitasuna eta dantzatzearen pla-zera gurutzatuta sortu den subertsio dosi kolektibo bat.
Batzuetan gutxi behar da zarata egiteko. Bi egun, bi pareta eta bi hitzezko aldarri bat: Pla-Pla.