Hitlerri gorazarre eta gaztetxeko kideak mehatxatzen dituzten pintaketak egin dituzte berriz Lakaxitan

  • 2024tik etengabeak izan dira Lakaxita gaztetxearen kontrako pintaketa faxisten episodioak. Joan den martxoan salatu zuten aurreko erasoa, eta oraingo honetan, Lakaxita gaztetxeko hormetan Adolf Hitlerri gorazarre egiten duten mezuak, esbastikak, mugimendu antifaxisten kontrako mehatxuak, eta "Fuera sidosos", "Putos negros" edota "Putos rojos" bezalako mezuez josita topatu dituzte gaztetxearen kanpo hormak.


2026ko maiatzaren 11n - 16:30
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Lakaxita gaztetxeko hormak eskuin muturraren gorroto eta mehatxuen mihisea bilakatu da azken urteetan. Irungo Udalak, mezu politikoen aurrean udal ordenantza aplikatuta, espazio publikoetan Palestinaren aldeko sinboloak ezabatzeko agindua sistematikoki ematen duen bitartean, ez dirudi azken urteetan hirian ohikoak diren pintaketa faxistak agintari politikoak eta polizialak kezkatzen dituenik. Palmera Montero gunean iaz agertu ziren mezu arrazistak gaitzesteaz harago, Irungo zenbait kolektibok etengabe jasaten ari diren erasoak ez baititu inork salatzen eta ikertzen.

Ostiralean gaztetxeko kideek enegarren aldiz garbitu behar izan dituzte Lakaxitako hormak. Adolf Hitlerri gorazarre egiten duten mezuak, eswastikak, mugimendu antifaxisten kontrako mehatxuak, eta "Fuera sidosos", "Putos negros" edota "Putos rojos" bezalako mezuez josita topatu dituzte gaztetxearen kanpo hormak. Tamalez, normalizatu egin da. 

2024ko abenduaren 21ean, Santomas eguna zela probestuta, "Faxismoaren aurrean LAKAXITA tinko!" lelopean elkarretaratzea egin zuten Irunen, Lakaxita gaztetxeak hilabete hartan jasandako erasoak salatzeko. Aurreneko erasoa izan zen hura. Baina ez azkena. Lakaxita gaztetxeak ere, 2025eko maiatzean pintaketa nazi-faxistak salatu zituen berriz. “Stop LGTBI”, “Fuera degenerados” edota “No os dejaremos dormir” bezalako mehatxuak agertu ziren orduan Lakaxitako hormetan, diana baten marrazkiekin batera. Eta joan den martxoan bertan errepikatu zen episodio bertsua.

Martxoaren 19an Lakaxita gaztetxeko kideek salatu zuten «enegarrenez» eraso egin zutela gaztetxea faxistek, eta ekintza hauek salatzeko erabakia hartu zutela. Hartara, martxoaren 21ean (12:00etan) Sargia parkearen sarreran elkarretaratzera deitu zuten. 

 


Faxismoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.