Mundu mailan inoiz erregistratu den abuzturik beroena izan da aurtengoa

  • Lurraren gainazaleko batezbesteko tenperatura 16,96 gradukoa izan da, 2023ko uztailean baino 0,01 gradu gehiago. Euskal Herrian inoiz izandako udarik beroena izan da aurtengoa. 1850 eta 1990 artean izandako batezbestekoen aldean, abuztua 1,65 gradu beroagoa izan da.


2026ko irailaren 10ean - 11:33
Azken eguneraketa: 13:08
Grezia erdialdean gertatutako sute bat, abuztu hasieran. Stelios Misinas / Reuters
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aurreikuspenak baieztatu ditu Copernicusek, Europako Batasunak klima aldaketa ikertzeko sorturiko programak. Haren arabera, muturreko tenperatura horiek bi arrazoi nagusiren ondorioz erregistratu dira: erregai fosilak eragindako klima aldaketa, eta, El Niño klima fenomenoa. Azken horren eraginez, besteak beste, itsasoaren eta airearen tenperaturak nabarmen berotzen dira.

Horren guztiaren erakusle, abuztuan airearen tenperaturak goia jo du, baita itsasoko urenak ere: Ipar eta Hego poloetako itsasoen tenperatura kontuan hartu gabe, itsasoaren tenperatura batezbeste 21,07 gradukoa izan da abuztuan.

Gainera, erregistroak daudenetik, Euskal Herrian inoizko uda meteorologikorik beroena izan da aurtengoa, baita Europa mendebaldean ere. Izan ere, 1991 eta 2020 artean izandako batezbestekoekin alderatuta, 2026ko udan Europa mendebaldean tenperatura 2,54 gradu beroagoa izan da. 

2015eko Parisko Akordioetan 2100. urterako lurrazaleko tenperatura orokorra 2 gradu ez igotzea helburu gisa ezarri zuten, 1850 eta 1900 bitartean izandako batezbestekoarekin alderatuta, eta, ahal dela, 1,5 gradura ez iristea. 1,5 graduko kalkulu hori hogei urteko batezbestekoekin kalkulatzen da. Halere, langa hori hurrengo urteetan gaindituko dela iragarri zuen aurreko astean NBE Nazio Batuen Erakundearen txosten batek.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.