argia.eus
INPRIMATU
2026ko azaroaren 2a
Bizitzaren garestitzea, gerrak, zerbitzu publikoen gabeziak... Europako hiriek bor-bor jarraitzen dute
  • Berriro ere, asteburuan milaka lagun atera da Europa osoan kalera, bizitzaren garestitzearen kontra egin edota zerbitzu publikoak hobetu daitezen eskatzeko. Halaber, gerraren aurkako aldarriek oihartzun handiagoa izan dute oraingoan, armagintzari ateak itxi nahi dizkioten portuetako zamaketarien greba dela-eta.

Porton (Lisboa), etxebizitza eskubidearen alde egindako manifestazioa. Diogo Baptista / Zuma Press / Europa Press

Frantzian, hirugarren larunbatez izan dira hainbat hiritan protestak, bizitzaren garestitzea eta zerbitzu publikoen egoera kaskarra salatzeko. Orotara milioi erdi pertsona atera dira kalera antolatzaileen esanetan –Barne Ministerioaren arabera 320.000–, eta Poliziak 700 pertsona baino gehiago atxilotu ditu. Ministerioak jakinarazi du baketsuak izan direla manifestazio gehienak, baina Parisen, Marseillan, Lyonen, Nantesen edota Tolosan istilu isolatuak piztu dira. Bestalde, ikasleen sindikatuek adierazi dute azaroaren 5erako deituta dagoen greba orokorrerako prestatzen hasiko direla orain.

Alemanian ere milaka gazte atera da kalera asteburuan. Aldarriak antzekoak dira leku guztietan. Bizitzaren garestitzearen kontra ari dira herritarrak protestan, baita hezkuntzan eta gizarte arloan dauden gabezien kontra ere. Manifestazioak baketsuak izan dira oro har, istiluak izan diren arren zenbait hiritan. Frankfurten, adibidez, 54 pertsona atxilotu ditu Poliziak. Protestekin loturik, Hesse estatuko Barne ministro Roman Poseck-ek egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte Alemanian, eskuin muturraren diskurtsoa hauspotu dezaketelako. Besteak beste esan du istiluetan parte hartu duten gehienek alemaniar nazionalitatea duten arren, jatorri immigrantea daukatela, eta gaiari “anbiguotasunik gabe” heldu behar zaiola.

Portugalen etxebizitza eskubideagatik ari dira batez ere protestan herritarrak. Igande goizaldean poliziak indarrez hustu ditu Portoko Joao I. eta Lisboako Pedro IV. plazetako kanpalekuak –hamairu lagun atxilotu ditu, eta ehun bat zauritu–, baina arratsaldean berriro jarri dituzte kanpin dendak. Antolatzaileek zein urrats eman erabakiko dute orain, Portoko alkate Pedro Duarte kontserbadoreak eta Etxebizitzarako Estatu idazkari Patrícia Gonçalvesek elkarrizketarako egin deiei heldu ala ez, tartean.

Suitzan, bestalde, Donostian, Gasteizen edo Bilbon deituak zeuden blocus mobilizazioen traza daukaten protestak egin dira asteburuan, Halloween festaren testuinguruan. Ehundaka gazte atera da kalera, mozorroturik, Nazkaturik gaude, Suitzan ere bai lelopean, sare sozialen bidez egindako deialdiari erantzunez, eta hainbat auzotan istiluak izan dira.

Portuetako zamaketariak, gerraren aurka

Italian, bizitzaren garestitzearen eta Europaren berrarmatzearen kontrako greba eguna egin zuten pasa den ostiralean. USB sindikatuak deitua, ikasle mugimenduek, pentsionistek eta portuetako zamaketariek ere babestu dute deialdia, besteren artean. Blocchiamo tutto (“Blokea dezagun guztia”) lelopean egin dute greba orokorra. Manifestazioak egin dituzte Erroman, Milanen, Torinon, Bolonian, Genovan eta Napolin, besteak beste. Gerraren aurkako eta Palestinaren aldeko oihuak bereziki ozenak izan dira asteburuko mobilizazioetan.

Italian bezala, Europa, Asia, Afrika eta Amerikako beste dozenaka portutan egin dute urriaren 30ean greba zamaketariek, portuak arma-komertziorako balia ez daitezen eskatzeko. Eskatu dute, besteak beste, portuak "base militar" moduan ez erabiltzeko, "palestinar herriaren kontrako genozidioa" eta oro har "gerra inperialista guztiak" amaitzeko, eta armagintzarako aurrekontua bideratzeko osasun-arreta hobetu eta soldata duinak bermatzera. Euskal Herriari dagokionez, Pasaian eta Santurtzin egin dituzte mobilizazioak.

Concentración de los estibadores del puerto de Pasaia, este viernes.
Pasaiako portuko zamaketariak, ostiralean egindako elkarretaratzean / LAB