Hiru mila lagun batu dira Berangoko hamasei auzipetuen epaiketa salatzeko

  • Ehunka herritarrek manifestazioa egin zuten zapatuan, maiatzaren 30ean, Algortatik Berangora, duela lau urte Ibai Aginaga preso politiko ohiari egindako ongietorriaren harira irekitako auzia salatzeko. Ekainaren 8tik 26ra bitartean epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, "terrorismoaren gorazarrea" egotzita, ongietorriko ekitaldian parte hartu zuten 16 lagun.

Ehunka lagunek egin zuten Algortatik Berangora bidea, ongietorriagatik auzipetutakoei elkartasuna adierazteko. © Berangokoekin Elkartasun Komitea

2026ko ekainaren 1ean - 18:01
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Mobilizazioan amnistiaren aldeko banderak, ikurrinak eta Palestinako banderak nagusi izan ziren, eta aldarrikapena preso politikoen auzitik harago zabaldu dute parte-hartzaileek. Antolatzaileek azpimarratu zuten prozesua "adierazpen askatasunaren eta militantzia politikoaren aurkako" erasoa dela, eta, horren aurrean, herri-erantzuna artikulatzeko deia egin zuten Algorta eta Berango lotu zituen martxan.

Berangon egin zuten amaierako ekitaldian, espetxetik bidalitako bertso baten audio-grabazioa entzun zuten manifestariek; Mikel San Sebastian preso politikoak bidali zuen, eta bertaratuek isilik jarraitu dute. Ondoren, auzipetutako bi lagunek hartu zuten hitza, txalo zaparraden artean, eta "ongietorri askeak" aldarrikatzeko beharra nabarmendu zuten, epaiketaren aurrean "ez makurtzeko" mezua zabalduz.

"16 auzipetu gara, orotara 36 urteko kartzela eskaerak ditugu, 171 urteko inhabilitazioak, eta 76.000 eurotako isunak. Auzi honen garaipen edo porrota ez dago epaitegi faxista batek ezarriko duen epaian, Herriaren erantzun politikoan baizik. Eta gaur ikusiotakoak sententzia argia erakusten du, hemen herri aske baten aldeko grina dagoela", adierazi zuten irakurketan.

"Eskerrak ematen jarraitu nahi dugu, lau urte hauetan zehar babesa eta elkartasuna adierazi diguten eragile guztiei. Baionatik Mutrikura, Gasteiztik Iruñera, Tafallatik Barakaldora, Euskal Herri osoa batuz", azpimarratu zuten Berangokoekin Elkartasun Komiteko kideek, jasotako babesa eskertzeko. Era berean, mobilizazioak lau urteotan jasotako babes-sarea agerian utzi zuela ere gaineratu zuten, eta epaiketari begira, datozen asteetan gertatzen denaren berri ematen jarraituko dute la ere iragarri zuten. 

 © Berangokoekin Elkartasun Komitea

Errepresioa kanalean gehiago
2026ko otsailaren 25
Bost emakumeren testigantzak
M3ko sarraskia eliza barrutik

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.