Hiru kilometroko giza katea osatu dute milaka lagunek Mallorcan, PPk arriskuan jarri duen parke natural bat babesteko

  • Es Trenc-en bildutako manifestariek proiektu estrategikoak azkartzeko legea bertan behera uzteko eskatu dute. Lege horrek Balear Uharteetako ingurumen-balio handiko zenbait guneren arau aldaketak erraztu litzake, turismoagatik arras preziatuak baitira gune horiek.


2026ko uztailaren 6an - 12:37
Azken eguneraketa: 15:02
HIru kilometroko giza katea egin dute igande honetan, es Trenc babesteko. Som Països Catalans
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

10.000 pertsona inguruk hiru kilometroko giza katea osatu dute igande goizean Es Trenc hondartzako (Mallorca, Herrialde Katalanak) kostaldearen lerroan, Balear Uharteetako parke natural enblematikoenetako baten defentsan. GOBek, Terraferidak eta 'Menys Turisme, Més Vida' erakunde ekologistek deitu dute mobilizazioa, “Salvem es Trenc!” lelopean. Antolatzaileen erranetan, 10.000 pertsonak hartu dute parte giza katean.

PPk, Voxen babesarekin, Omnibus Legea aldatu du maiatz honetan, eta horren aurka protesta egin dute. Izan ere, lege horrek parkeko edozein arau aldatzeko bidea erraztuko du, ez baita, orain arte bezala, Parlamentu autonomikotik pasatu beharko.

Trenc-en kasuan, araudi berriak indarrean dauden debekuak kentzea erraztuko lukeela diote ekologistek; bertzeak bertze, azpiegitura energetikoei, linea elektrikoei, arrantzari, ehizari, ura erauzteari, hondarra ateratzeari, aparkalekuei eta parkeko habitatetan eta espezieetan eragin nabarmena izan dezaketen bestelako jarduerei dagokienez.

 Som Països Catalans

“Marko juridiko hau neurrira egina dago Es Trenc eraikuntzaz, apartamentuaz, hondartzako zerbitzuz eta mota guztietako erabilera turistikoz betetzeko. Mauka zabal pixka batekin eta borondate onarekin, apartamentuak, hotelak eta eskaintza osagarria iritsiko dira”, adierazi dute manifestariek, eldiario.es hedabidean Neus Bonacasak jaso duenez.

"Hegoaldeko Magalufa" 

Gainera, etorkizunean bertze naturagune babestu batzuei eragin diezaiokeela ohartarazi dute, haien ustez, lege horrek ingurumen esparru juridikoa ahuldu egiten baitu: "“Mallorcako lurraldearen %80 arriskuan uzten du”.

Aipatu hedabidearen arabera, antolatzaileen iritziz “irlaren hegoaldeko Magaluf bat” izan liteke emaitza: “Resort-ak izanen dira, beach club-ak izanen dira, rooftop-ak eta infinity pool-ak dituzten hotel boutique-ak izanen dira. Potxolada bat izanen da”, komentatu dute ironiaz. 

Horregatik guztiagatik, legea gibelera botatzeko eskatu dute, Balear Uharteetako Nekazaritza Legearen xedapen desarautzaileak geldiarazi eta kentzeko, eta landa-lurretan eraikitzea erabat debekatzeko.

 Som Països Catalans

Ingurumena kanalean gehiago
2026ko uztailaren 13
Goizean argi
Beroari aiene

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...