2023ko irailaren 29an Iruñeko diskoteka baten kanpoaldean gazte bat jipoitu zuten lau gizonek, horietako hiru Espainiako armadako militarrak. Datozen hilabeteetan eginen den epaiketari begira, fiskalak eskatu du biktimari 120.000 euroko kalte-ordaina ematea.
Hiru eta sei urte bitarteko kartzela-zigorra eskatu dute duela ia hiru urte Iruñeko diskoteka baten kanpoaldean gazte bati jipoia eman zioten lau gizonentzat. Horietako hiru Espainiako armadako militarrak ziren garai hartan, Diario de Navarra egunkariak astearte honetan jaso duenez.
Datozen hilabeteetan Nafarroako Auzitegian izanen den epaiketari begira, fiskalak hiru urteko kartzela-zigorra eskatu du; akusazio partikularrak, berriz, sei urtekoa, lesio delitua eta "nagusitasun astungarria" kontuan hartuta. Era berean, eskatu dute lau akusatuek biktimari 120.000 euroko kalte ordaina pagatu diezaiotela modu solidarioan.
Erasoaren ondorioz, biktimak traumatismo eta haustura ugari izan zituen; are, fiskalak azaldu duenez, 417 egun behar izan zituen sendatzeko, eta lesio batzuek ondorioak eragin dizkiote.
Epaituko diren gertakariak 2023ko irailaren 29an izan ziren. Gazteak garagardo botila bat diskotekako barra gainean utzi zuen, eta, handik gutxira, akusatuetako batek mugitu egin zuen. Horrek eztabaida eragin zuen bien artean, eta akusatuak muturreko bat eman zion gazteari. Ondoren, fiskalak zehaztu duenez, behin eta berriz jo zuen biktima, hura lurrera erortzeraino.
Jarraian, bertze hiru akusatuak batu ziren, eta, gaztea lurrean zegoela, behin eta berriz kolpatu zuten, segurtasuneko langileek biktima lokalaren kanpoaldera atera zuten arte.
Akusatuek ez zuten etsi, ordea. Fiskaltzak azaldu duenez, auzipetuetako hiruk hainbat aldiz jo zuten buruan eta aurpegian, eta ostikoak eman zizkioten gorputz osoan, hormaren kontra inguratzen zuten bitartean.
Azkenean, biktima eskailera batzuetara bota zuten, baina, orduan, bertze pertsona batek esku hartu zuen, eta gazteak ihes egitea lortu zuen. Iruñeko Alde Zaharrean zegoen Espainiako Poliziaren patruila bati abisatu zion.
Ikerketa Foruzaingoak hartu zuen bere gain, eta, lekukoei deklarazioa hartu eta kameren grabazioak aztertu ondoren, agenteek lau erasotzaileak aurkitu eta atxilotu egin zituzten, hogei egunera. Lau akusatuak Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegira eraman zituzten, eta han, kautela neurri gisa, biktimarengana hurbiltzeko eta harekin komunikatzeko debekua ezarri zieten.