Ostegunean ireki dute, Bilboko bihotzean, Hiribil Gunea. Zenbat Gararen ekimenetik sortua, Bilboko euskalgintzarentzako zein euskalgintza nazionalarentzako espazio izan nahi du, elkar eragiteko eta nazio mailako ekimenek Bilbon ere lur hartzeko.
Espazio bat Bilbotik eta Bilbon eragiteko. Hori izan asmo du Hiribil Guneak, Bilboko zein Euskal Herriko euskalgintzak antolatzeko eta elkarrekin partekatzeko izango duen txokoa. Eta Bilboko erdigunean, kokapena inoiz ez baita zalantzan egon: Zenbat Gararen filosofiatik, euskara Bilboko erdigunean kokatu nahi dute, “Euskal Herriko etorkizuna jokatzen den lekuan”, Liher Barrantes Hiribil Guneko kidearen hitzetan, metro gutxian baitaude botere faktiko guztiak, Albiako lorategiak zero gune gisa dituztela. Horrela, bada, txokoa publiko aurrean aurkeztuta, euskalgintzari gonbita luzatu diote Bizkaiko hiriburua kontuan hartu eta bertatik ere eragiten hasi daitezen.
Zenbat Gara elkarteak hamarkadak daramatza hiriko euskalgintzaren hauspo izaten, hamaika dinamika bultzatu dituzte –tartean euskarazko Bilboko hedabide bakarra, Bilbo Hiria irratia–, euskalgintza erdigunera ekartzeko. Enegarrena da ireki berria duten Hiribil Gunea, osteguneko inaugurazioaz geroztik publiko zabalari ireki diotena. Bilbotar eta euskal herritar askok ezagutuko duten Kafe Antzokiaren pareko espaloian aurkituko du euskalgintzak bere zoru berria, Bilbon bederen. 125 metro karraturekin, bi bilera gela eta lanerako mahaiak eskainiko ditu. Hiribil.eus webgunean erreserbatu daitezke espazioak.
Urte luzez egositako proiektua da bulego berria. Zehazki galdetuta, data finkorik ez badu ere, pandemia bueltan sortu zitzaien Zenbat Garako kideei mota horretako proiektu bat martxan ipintzeko gogoa, batez ere euskalgintza nazionalean nahiko bakarrik sentitzen baitziren. “Zenbat Garako kideok askotan izan gara euskalgintza nazionalean Bilboko, Bizkaiko edo mendebaldeko ordezkari bakarrak: sarritan esaten dugu Durangoko bidesaritik mendebaldera nahiko bakarrik sentitu izan garela”, azaldu du Barrantesek. Eta horregatik, “euskalgintza nazionalak Bilbon lur hartzeko espazioa” sortzearen inguruan hausnarrean hasi ziren. Plazara kooperatibak Baionan duen On gunea izan zen inspirazio iturri nagusi. “Ipar Euskal Herriko eragile garrantzitsuenak batzen dira, eta sinergietatik eta gurutzaketa komunetatik proiektuak jartzen dituzte martxan”, azaldu du Barrantesek, eta haren amuari kosk egin, eta Bilbora ere mota horretako proiektua ekarri behar zutela iritzi zioten.
Definizioz eta itxuraz, beraz, badirudi nolabait Euskal Herrian ere ugaritzen ari diren lanerako espazio moderno horien tankerakoa izango dela Hiribil Gunea, jendea bere ordenagailu eta aurikularrekin joaten dena lan egitera, parekoa besterik ez ikusita. Bertako kideek argi azaldu dute ez dela horrela izango. Hiribilek izango du, jakina, lanerako tartea, baina bere helburu nagusia da bertaratzen direnen artean sinergiak sortzea, antolaketa posibleak egotea; eta hortik proiektuak sortuko balira, bikain.
Gunearen eraketak badu, gainera, sinergia eta elkar ezagutzak bultzatzeko asmoa. Hiru erabilera mota aurreikusi dituzte: lehena bisitariarena da, bulegoak momentu puntual batean erabiliko dituena; bigarrena, bizikidearena, noizean behin bertatik lan egingo duena; eta hirugarrena, etxekoarena. Azken horren kasuan, ulertzen da Hiribil bere elkarte edo ekimenaren egoitza bihurtuko dela Bilbon, gehiago edo gutxiago bertaratuta ere gunearen parte dela. Etxekoen artean egingo da, hain zuzen ere, gunearen gobernantzaren zati bat. Markel Sanchez kideak azaldu gisan, hiru asterik behin-edo etxekoen arteko bilerak aurreikusi dituzte, Hiribili dagozkion antolaketa kontuez aparte, bakoitzak esku artean darabilena ere partekatu dezan. Elkarreragin dezaten, alegia.
Horrela, bada, egun Sanchez eta Barrantes ari dira bertatik lanean, Zenbat Garako kideak biak. Baina argi adierazi dute: Hiribilek bere ibilbide propioa egin dezan nahi dute, ez dute nahi elkartearen adar gisa ulertzerik, ezpada bertan arituko den elkarte eta ekimen bakoitzarena. Argi azaldu du Barrantesek proiektuak ez duela izango inolako menpekotasunik ezein alderdi edo erakunderekiko: librea izatea asmo du, euskalgintzatik eta euskalgintzarako.