Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du etxebizitzaren negozioak eragiten duela etxebizitzaren arazoa. Higiezin-eskasia baino, etxebizitza lortzeko problema dagoela baieztatu du. “Negozioa egiteko erabiltzen dira etxebizitzak, eta ez behar sozialei erantzuteko”.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista bildu da Bilboko Zorrotzaurren etxebizitzaren problematika salatzeko "etxebizitzarekin negoziorik ez" lelopean. “Polarizazio ekonomikoa eta soziala eragiten duen elementu” gisa jo du auzia, gizartearen sektore batean “irabazi handiak sortzen dituen bitartean, geruza zabal batzuen pobretzea bizkortzen du beste aldean”. Sindikatuaren bozeramaile Karla Paisanok adierazi duenez, gai honek Euskal Herriko eta Espainiako Estatu “politika parlamentarioa polarizatzen du”, nahiz eta xehetasunak xehetasun, “errentatzaileen irabaziak bermatzeko eta langile-klaseko geruza zabalen pobretze-prozesua areagotzeko kontsentsu orokorra” dagoen.
Politikariek “inposatzen duten ulermen-markoa" salatu dute. Horren arabera etxebizitza eskasia dago, eta konponbidea estatuaren baliabideak erabilita higiezinen eskaintza handitzea litzateke, “lankidetza publiko-pribatua” izena hartzen duena. Sindikatuak etxebizitza lortzeko problema bat dagoela azpimarratu du alderdiek planteatutako “bestelako errealitatearen” aurrean.
Etxebizitzaren auzia konpon dadin hiru aldarri ipini dituzte mahai gainean; etxebizitzaren prezioen jaitsiera orokorra, hipoteka-interesen abolizioa eta pisu huts nahiz turistikoen desjabetzea. “Etxebizitza negozio izatea da etxebizitzaren arazoaren jatorria; hortaz, zentzugabea da pentsatzea bankuei, eraikuntza- enpresei eta era guztietako errentatzaileei diru eta botere gehiago emanez gero, desagertu egingo direla abusuak, prezio-igoerak, bazterkeria arrazista eta klasista eta etxegabetzeak. Konponbidea, ezinbestean, etxebizitza eskubide unibertsal bihurtzea da, doan eta kalitatezko baldintzetan ziurtatuz”. Sindikatuak, ezinbestean, “etxebizitza doakoa izatea helburu duen mobilizazio eta borroka prozesu handi bati ekitea” beharrezkoa dela berretsi du.
Errentapean bizitzeak belaunaldi-auzi izateari utzi dio
Gero eta jende gehiago bizi da alokatze-bizitokietan. Hala egiaztatu du Bartzelonako Ikerketa Urbanoko Institutoak gaur, asteazkenean, kaleratu duen De inquilinos a propietarios. Informe sobre la creciente desigualdad en el acceso a la propiedad txostenean. Ikerketaren arabera, alokairuan bizi den populazioaren %30ak soilik dauka noizbait jabetzan etxebizitza edukitzeko itxaropenik.
Errentariek biztanleriaren gutxiengoa izaten jarraitzen duten arren, 2007tik 2023.urtera %5,2 puntu hazi egin dira. Joera hau are eta nabariagoa da Madrilen eta Bartzelonan, errentariek populazioaren %23,7 eta %24,9 osatzen baitute. Bi hirietan ia bikoiztu egiten dute portzentaia: Bartzelonan alokairuan bizi diren etxeen ehunekoa % 44,1-era iritsi da.
Gisa berean, atzerritarren gehiengoa errentapean bizi da: EBko hiritartasuna duten atzerritarren %61,3 eta EBko hiritartasuna ez duten kanpotarren %71,6. Espainiako Estatuko maizterrak %9-tik %14 izatera pasa dira azken urteetan. Txostenean bildutako datuek erakusten dute errentarien populazioak tarte guztietan nabarmen egin duela gora, 64 urtetik gorakoengan izan ezik.
Datuek ezagutzera eman dute Madrileko 35 eta 64 urte bitarteko errentarien %75,2ak uste duela sekula etxebizitzarik erosteko ahalmenik ez duela izango.
Txostenak “errentarien belaunaldia” terminoa erabili izan du lehen aldiz populazioaren sektore handi baten “etxebizitza lortzeko baldintzen okertzea” azaltzeko. “Baldintza hauek errenta garesti eta arriskutsuen forma hartzen dute, aurreko belaunaldiek ez zituzten pairatu”, ziurtatzen dute. Azken hamarkadetako eraldaketen artean, alokairuak erritu izateari utzi dio. Errentapeko etxebizitzen batez besteko urteko soldata 22.183 eurokoa da, eta diru horren zati handi bat 46.725 euroko batez besteko soldata dutenei bideratzen diete. “Alokairuan bizitzea baldintza iraunkorra da, eta zahartzarora arte luzatzeko aukera handia dago”