Israelgo armadak onartu du Hind Rajab eta haren familiaren aurka tiro egin zuela

  • Israelek 5 urteko haurraren eta bere familiako sei kideen erailketa aztertzeko barne ikerketa abiatuko du, onartu ondoren autoari eraso egin ziotela soldaduek. Orain arte ukatu egin dute. Bestalde, urrian egingo diren hauteskunde kanpaina hasi berri da, eta Israelgo Defentsa ministro ultraeskuindarrak palestinarrak urkatzeko kartzela eraikitzen ari dela esan du. Hura bisitatu du, eta propaganda egin.


2026ko abuztuaren 20an - 13:20
Hinden heriotza gaitzesteko protesta bat. EFE
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2024eko urtarrilean, Israelen erasoengatik ihesi, Hind Rajab eta bere familia Gazatik ihesean zihoan auto batean; israeldarrek ibilgailuari eraso egin eta barruko ia denak hil zituzten. Bizirik geratu zen bakarra 5 urteko alaba txikia izan zen, Hind. Zauritutako haurrak Palestinako Ilargi Gorriari deitu zion laguntza eske, baina, hiru orduz deian egon ostean, hil egin zen. Haurra erreskatatzera joandako anbulantziari ere eraso egin zion armada israeldarrak, bi mediku erailda. 

Hamabi egun geroago aurkitu zituzten gorpuak, Israelgo tropak bertatik joandakoan. Haurrak Ilargi Gorriarekin izandako deia grabatuta gelditu zen, eta nazioartean zabaldu. Munduari bira eman dio Hinden ahotsak, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren froga gordinetako batean bilakatu da.

Hinden heriotza gaitzesteko protesta bat. EFE

Grabazioetan argi suma badaiteke ere, orain arte Israelgo armadak ukatu egin du ibilgailuaren aurka eraso egin izana, argudiatuta tropak "ibilgailutik urruti" zeudela, nahiz eta ikerketek eta komunikabideek berretsi Israelgo tankeak izan zirela erasoari ekin ziotenak. Bi urte geroago heldu da armadako buruzagitzaren aitortza, eta jakinarazi dute barne ikerketa abiatu dutela haurraren eta beste familiako sei kideen erailketa ikertzeko. 

"Orain arteko ikerketak berrikusita, eta Ilargi Gorriaren anbulantziaren mugimenduaren koordinazioan ustezko hutsegiteak ikusita, erabaki da Polizia militarrak gertakariari buruzko ikerketa kriminala abiatzea", esan du asteazkenean Israelgo Gobernuak. Hori esatearekin batera, baztertu egin du urte berean eta froga argiekin zazpi langile hil zituzten World Central Kitcheneko furgonetaren aurka egindako erasoa ikertzea. 

Hind Rajab, pantaila handian

Iaz gertatutakoaren pelikula egin zuten, The voice of Hind Rajab, eta Hindek Ilargi Gorriarekin izandako benetako deia entzun zen zinematan. Nazioarteko hainbat sari eskuratu zituen pelikulak, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zenean zazpi minutuko txalo zaparrada jaso zuen. Horren ondoren genozidioa salatzeko manifestazio jendetsua egin zen hirian zehar, filmeko protagonistek pankarta eusten zutelarik. 

Israelen hauteskundeak, eta ultraeskuina indarrez

2023ko urritik, Israelek 72.000 palestinar baino gehiago hil ditu, beste milaka asko zauritu, eta milaka pertsona lekualdatzera behartu. 70.000 haurrek muturreko desnutrizioa pairatzen dute.

Genozidio betean, Israelen hauteskunde kanpaina hasi dute; datorren urriaren 27 izango dira lehen ministroa hautatzeko bozak. Ikusteko dago zer gertatuko den, baina azken egunetan zeresan handia eman dute Benjamin Netanyahuren gobernuko eskuin muturreko Segurtasun ministro Itamar Ben Gvir-en adierazpenek. Izan ere, ultranazionalistak berak zabaldutako bideo batean ikusten da kartzela bat eraikitzen ari direla palestinarrak urkatzeko, etxola batekin, "familiak heriotza ikusteko".

Segurtasun nazionaleko ministroak flotillako ekintzailek jazarri zituen orain hilabete batzuk, palestinarren aurkako heriotza zigorraren legea sustatzen ari da, eta berriki podcast batean eskatu du gauero 30-40 palestinar hil beharko lituzkeela Gazan. 


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...