Hiltzearen negozioa


2026ko apirilaren 20an - 15:41
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Goizeko 06:00ak dira, larunbata. Loari ezin eutsiz, aspaldian burutik bueltaka dudan gai baten inguruan idaztea erabaki dut. Amaren heriotza eta gero, ukitu gabeko ertz bat, tabu bat. Zauria itxi eta meloiak ireki. Hemen doa beste bat, dastatu nahi edo ahal duenarentzat: Hiltzearen negozioa.

Ez dakit nori eta zein unetan –Mendebaldeko gizon zuri hetero kapitalista bati seguruenik– gizakion momentu eta behar kritikoenaren aurrean negozio egitea okurritu zitzaion, baina bete-betean “asmatu” zuen. Gizartea geroz eta zaharkituagoa den honetan, etekin ekonomiko izugarriak sortzen dituen sektorea da. Biribila. Hego Euskal Herrian 114 milioi inguru fakturatzen duen industria (monopolio ezkutua) da, biztanleriaren erdiak heriotza-aseguru bat kontratatua duelarik.

Hileta zerbitzuen batez besteko kostua 3.800 eurokoa da eta hil ondorengo papeleoa –asistentzia legala eta ondasun edo zorren izen aldatze minutak– beste horrenbeste. Bada, 6.000-7.000 euro inguru kostatzen du hiltzea, lagunok. Ordaindu ahal duenarentzat behintzat.

Uste dut enpresa publiko batek kudeatu beharko lituzkeela gure gertukoak agurtzeko eta haien lekukoa hartzeko prozedura guztiak. Doako zerbitzu minimo eta duina bermatu beharko lukete instituzioek

Egoera hau oso larria iruditzen zait, baina oro har, isilpean daramagu. Bakoitzak ahal duen bezala, zaratarik atera gabe, hil denaren “bakea” profanatu ez dezagun. Izan ere, heriotza zerbitzuak erosten ditugunean –bai, erosi– gure egoera emozionala kolokan izaten dugu, arrazionalki pentsatu eta erabakiak hartzeko zailtasun nabarmenekin. Itsu-itsuan aurrean jartzen diguten guztia sinatu eta ordaintzen dugu, ahalik eta azkarren “tragoa” pasatzeko asmoz, mina noiz baretu itxaropenez. Eta hori guztia, zu eta kapitalismoa aurrez aurre, inongo babes administratiborik gabe, instituzioen utzikeria konplizearen biktima.

Kudeaketa horiek ez pentsa, gainera, gauetik egunera egiten direnik, nire kasuan behintzat urtebete inguru itxaron behar izan dut burokraziak bere lana guztiz bete dezan. Abokatu, katastro eta ogasunaren denborak zure denbora bitalaren kontra egiten du, doluaren orbaina noiz atera zain.

Nik zorte handia izan dut amak zentzu honetan aurreratutako lanengatik, ondoan izan ditudan senide eta lagunengatik... Baina egoera hau ez da berdin lehertzen etxe guztietan. Abagune askoz ere zaurgarriagoan dauden herritarrek honi guztiari nola egiten dioten aurre galdetzen diot askotan nire buruari. Lokatza.

Pertsona baten galera ezin da negozio bilakatu, momentu hain berezi eta konplikatuetan ezin du merkatuak agindu. Besteak beste, ez garelako denda baten aurrean askatasunez aukeratzeko gai den kontsumitzaile hotzak, psikologikoki baldintzatua eta gutxitua dagoen gizaki hauskorrak baizik.

Ezin dugu onartu. Honek guztiak goitik beherako eraldaketa behar du. Uste dut enpresa publiko batek kudeatu beharko lituzkeela gure gertukoak agurtzeko eta haien lekukoa hartzeko prozedura guztiak. Doako zerbitzu minimo eta duina bermatu beharko lukete instituzioek. Eta hortik gora, behar bereziagoak dituztenei, beren errenta eta ondasun ahalaren arabera kobratu. Eta beste guztia, legez kanpoko iruzurra. Punto.

Urtzi Ugalde

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.