argia.eus
INPRIMATU
Beste preso bat hil da Zaballako espetxean: hilabeteko bigarrena, urteko laugarrena
  • Ziegan hilotz aurkitu dute 35 urteko gasteiztarra, Arabako Salhaketak jakitera eman duenez. Irailean bi preso hil dira Zaballan, 2020an lau momentuz, 2019an bost izan ziren. Heriotzak ezkutatzeko “politika sistematikoa” eta horiek ekiditeko ezer ez egitea leporatu die Salhaketak espetxe erakundeei.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 01a
Aurreko heriotza bat salatzeko kontzentrazioa. Argazkia: Salhaketa.org

Heriotzen segidak ez du etenik Arabako Zaballa makro-espetxean. Salhaketa-Arabak gaur jakinarazi du azkena, urteko laugarrena “gutxienez”, eta guztiak “arrazoi ez-naturalen” ondoriozko heriotzak direla azpimarratu du. Presoa hilik aurkitu dute bere ziegan, 35 urte zituen eta gasteiztarra zen. Ez dago datu gehiago.

Hain zuzen ere, espetxeetako heriotzak ezkutatzeko “politika sistematikoa” salatu du Salhaketak, COVID-19aren pandemia egoeran areagotu egin den jarrera. 2020an gutxienez 125 dira Espainiako Estatuko espetxeetan hil diren presoak. “Zer gertatzen da? Zergatik ezkutatzen dituzte heriotza hauek? Zergatik ez dira erantzukizunak eskatzen edo, gutxienez, ikertzen? Gauza bera gertatuko litzateke biktimak beste batzuk izango balira? Onar al daitezke heriotzak zigorgabetasunean gertatzea Estatuko erakunde batean, hau da, espetxe-erakundeetan?”, galdetu du espetxeen aurkako elkarteak. “Presozidio” baten aurrean gaudela salatu du, eta heriotza gehienak legea betetze hutsarekin saihestuko liratekeela azpimarratu du.

Salaketa mobilizazioa

Heriotza berria salatzeko kontzentrazioa antolatu du Salhaketak astearterako, eguerdiko 12:00etan Gasteizko Andra Mari Zuriaren enparantzan.