argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza sare publiko bakarrerantz joateko bide-orria aurkeztu du Steilasek
  • EAEko hezkuntzan sare publiko bakarreranzko bidea egiteko eta “aukera berdintasuna bermatzeko” sei urrats jasotzen dituen dokumentua aurkeztu du Steilas sindikatuak. Eskola publikoarentzat finantzaketa lege bat ere eskatu du.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 18a

Besteak beste, honako neurriak proposatu dituzte: sare publikoak zonalde bateko matrikulazio osoa bere gain har dezakeenean, ikastetxe pribatuak ez ituntzea edo beharrezko gelak soilik ituntzea; ikastetxe pribatuentzat sare publikora pasatzea ahalbidetuko duen bide legala zabalik mantentzea; pribatu izaten jarraitzea erabakitzen duten ikastetxeetan, oinarrizko plantillaz gain gainerako langileak administraziotik hornitu ahal izatea; sare publikora pasatzea erabakitzen duten langileen lanpostuak bermatzea; ikasle guztiek sare publikoko ikastetxeetan ikasteko aukera izatea; 0-3 etapa hezkuntza publikoaren barruan txertatzea eta doakoa izatea.

“Hezkuntza publikoa hornituko duen diru funts iraunkorra behar dugu”

Finantzaketa lege bat ere beharrezkoa dela iritzi dio Steilasek. “Itundutako sarearen finantzaketa blindatuta dago hein handi batetan, eta finantzaketa kolokan duen sarea publikoa da”. Azken urteetako murrizketa politikek sare publikoaren ezegonkortasuna agerian utzi dutela-eta, argi du sindikatuak: “Sare pribatuaren finantzaketa eredua kolokan jartzeaz gain, hezkuntza publikoa hornituko duen diru funts iraunkorra behar dugu”.