Jaurlaritzak dio ikasgeletako kamerak ez direla “kontrolerako tresnak”, kritikak areagotu diren honetan

  • Eusko Jaurlaritzak web-kamerak instalatu ditu ikastetxeetan, baita horren kontra agertu diren hainbat eskolatan ere. Polemikak indarra hartu du berriro eta sinadurak biltzen ari dira. Hezkuntza Sailarekin hitz egin du ARGIAk.


2026ko ekainaren 10ean - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ikastetxeei galdetu zitzaien zein hornikuntza digital behar zuten, eta Next Generation funtsak erabilita bueltan etorri zaie eskatutakoa, sorpresa eta guzti: web-kamera eta mikroak osagarri. DBHko ikasgeletan jarri zituzten lehenik, Haur eta Lehen Hezkuntzako eskoletan ere instalatu dituzte ondoren. Irakasle klaustro batek baino gehiagok esan du ez duela kamerarik nahi, baina gainerako ekipamendu digitala nahi izanez gero, bai ala bai kamera instalatu beharra dagoela erantzun die Hezkuntza Sailak. Are, ikastetxeren batek ARGIAri kontatu dionez, hori ikusita ekipamendu digital osoari ezezkoa eman dio klaustroak, baina orduan ere, Eusko Jaurlaritzatik erantzun diete kamerak jartzea ez dela klaustroek erabaki dezakeen zerbait, baizik eta Hezkuntza Sailari dagokiola. LAB sindikatuak salatu du kamerak jarri ez dituzten zenbait zuzendaritzari espedientea jasotzeko mehatxua egin dietela.

Zergatik tematu da Hezkuntza Saila kamerak jartzen? ARGIAri erantzun dionez, “pandemiak erakutsi zigun oso garrantzitsua dela hainbat eszenatokitarako prest egotea (aurrez aurrekoa, hibridoa edo urrutikoa) eta behar denean hezkuntza-jarduerari jarraipena emateko baliabideak izatea”. Bideokonferentziak egiteko direla, helburu pedagogikoak baino ez dituztela eta berrikuntza pedagogikoaren esparruan kokatzen direla gaineratu du.

Kezka azaldu digu irakasle batek baino gehiagok: orain argudio pedagogikoarekin sartu dena hemendik urte batzuetara ez al da kontrolerako erreminta bihurtuko?

Hainbat klaustro, ikasle mugimendu, sindikatu eta guraso, baina, ez daude batere konbentzituta. Nahiz eta kameraren lentea kentzeko eta behar ez denean kamera itzaltzeko aukera dagoen, ikasgelan kamera instalatuta egoteak berak ezinegona eta kontrol sentimendua sor ditzakeela dio LABek. Ildo berean mintzatu zaigu STEILASko bozeramaile Haizea Arbide Aza: “Ikasle eta irakasleon konfiantzan eta egin ditzakegun akatsetan oinarritutako espazioa da ikasgela, eta mikro eta kamera hauek, nahiz eta grabatzen ez egon, denon jokabideak baldintzatu ditzakete; horrek ekar dezake parte-hartzea gutxitzea, modu naturalean ez aritzea, iritzi kritikoa murriztea eta kontrolpean gauden sentsazioa izatea”. Kezka bera azaldu digu irakasle batek baino gehiagok: orain argudio pedagogikoarekin sartu dena hemendik urte batzuetara ez al da kontrolerako erreminta bihurtuko?

Hezkuntza Sailak esan digu “lasaitasunerako mezua” zabaldu nahi duela: “Ez dira zaintza edo kontrolerako tresnak, irakaskuntza eta ikaskuntza laguntzeko pentsatutako hezkuntza baliabideak baizik. Horien erabilera ikastetxeen eta irakasleen kontrolpean dago, eta ikasleen eta profesionalen pribatutasuna erabat bermatuta dago”.

Hain justu, pribatutasun hori ere izan da kezka-iturri. Nola kudeatuko da datuen babesa eta ikasle eta irakasleen ahots eta irudiak erabiltzeko baimena? Europako eta Espainiako Estatuak datu babeserako araudi zorrotzak dituztela gogoratu du STEILASek: “Administrazio publiko batek oinarri juridiko argia behar du irudi zein datu tratamendua legitimoa izan dadin”. Hezkuntza Sailetik ARGIAri adierazi diote “ikastetxeetan erabiltzen den beste edozein tresna digitalekin gertatzen den bezala, datuen babesaren eta pribatutasunaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera” erabili behar direla kamerak ere.

Hezkuntza Saila: "Erabilera ikastetxeen eta irakasleen kontrolpean dago, eta ikasleen eta profesionalen pribatutasuna erabat bermatuta dago"

Batzuek negozioa ikusi dute atzean. El Diario Vascok emandako datuen arabera, ekipamendu digital honetako kosturik handiena pantailek izan dute, 24,5 milioi euro BEZa kontuan hartu gabe, web-kameretara 11 milioi euro bideratu dira eta ordenagailu berriak erostera 8 milioi euro. “Israelgo Estatuarekin lotura zuzena” duen Bechtle Direct enpresak 2 milioi eurotik gorako fakturazioa jaso duela kritikatu du LABek.

Kontuak kontu, prozesuaren aurka agertu diren gehienak kexu dira Jaurlaritzak aldebakarrez hartu duela erabakia, hezkuntza komunitatearen oniritzirik gabe.

Aurrera begira, zer?

Kanpaina abiatu berri du LABek. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio kamerak ikastetxetan derrigorrez jartzeko agindua bertan behera utz dezala eta klaustroari aukera ematea berauek instalatzeko eta desinstalatzeko, unean uneko beharren arabera.

Pantailek 24,5 milioi euroko kostua izan dute, web-kameretara 11 milioi euro bideratu dira eta ordenagailu berriak erostera 8 milioi euro

Ikasle Antolakunde Sozialistak berriz, agerraldia deitu du asteazken honetan, datorren ikasturtean ere kameren aurkako borrokan jarraituko dutela iragartzeko. Kamerak instalatzearen kontra 10.000 sinadura bildu dituztela eta “ikastetxe askotan” kamerak jarri ez daitezen lortu dutela gaineratu dute.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...