Hezkuntza Ministerioak iragarri du baxoko berezitasun bat euskaraz egin ahal izango dela 2028tik aurrera

  • Baxoko berezitasun bat eta hari dagokion ahozko handia proba egin ahal izango dituzte euskaraz, 2028. urtetik aurrera. Seaskak adierazi du ministerioaren iragarpena “aldaketa handia” dela haren diskurtsoan. Dena den, ekainaren 12an matematikako azterketa euskaraz egiten uztea eskatu dute. Oraingoz, ekainaren 6ko manifestazioaren deialdiari eusten diote. Datozen ordu eta egunetan erabakiak hartuko dituztela adierazi du Seaskak.

Herri Urratsen ere ikasleek protesta oholtzara eraman zuten. Patxi Beltzaiz.

2026ko maiatzaren 25ean - 17:12
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ouest France Bretainako hedabidean maiatzaren 24an egindako elkarrizketan egin du iragarpena Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak, duela egun batzuk murgiltze ereduarentzako “lege-marko berria” izango zela aipatu eta gero. Zehaztasunak egin ditu orain. “Egiazko sekzio elebiduna” sortuko duela iragarri du ministroak, hizkuntza gutxituei eragingo liekeena, eta beraz, euskarari ere bai. Peio Dufau diputatuak Euskadi Irratiari adierazi dionez, “sekula ez da gertatu halakorik” eta ez zuen aurreikusten koadro berezi bat sortzea, ministroarekin izandako elkarrizketetan beste koadro batera egokitzea aipatzen zelako. "Aurrerapauso nagusi bat" dela adierazi du.

Iragarritako aldaketak esan nahi du ikasleek baxoan egiten duten azterketa idatzi bat, berezitasunetako bat, euskaraz egin ahal izango dutela, baita horren ahozko handia ere. Bost azterketa idatzi egiten dituzte baxoko ikasleek: frantsesa, matematika, filosofia, eta ikasleak hautatutako bi berezitasunak. Berezitasun bakoitzeko ahozko handia ere egiten dute.

Erik Etxart Seaskako eledunak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan aitortu du proposamen honek ministroaren diskurtsoan aldaketa ekarri duela, eta “aldaketa positiboa dela, dudarik gabe”. Azpimarratu du hautetsiek ikasleen alde egin duten lanak eta mobilizazioek ikaragarri eragin dutela. Albistea ona bada ere, 2028ra itxarotea arazotzat jo du: “2020az geroztik, euskarak gibelera egin du eta zortzi urte hori konpontzeko tarte luzeegia da”. Lehen urratsak aurtendanik emateko beharra “biziki inportantea” dela azpimarratu du, eta horretarako derogazio bidea edo esperimentazioaren aukera jarri ditu mahai gainean. Frantsesez egiteari uko egin eta hainbat ikaslek ekainaren 12an euskaraz egingo duten matematikako azterketak zuzentzea eskatu du eta ahozko handiari ere lekua egitea, “duela bi urte gertatu bezala”. Zerbitzu teknikoekin hitzordua eskatua dutela azaldu du Seaskako eledunak, “xehetasunez hitz egiteko eta aitzina egiteko”. Oraingoz desobedientzia ekintzari eta ekainaren 6ko manifestazioari eusten diete, eta adierazi du ondoko oren eta egunetan hartuko dituztela hartu beharreko erabakiak.

Ipar Euskal Herriko ikasleak 1990etik aurrera hasi ziren baxoan historia eta geografia euskaraz egiteko aukera baliatzen. 2012an matematika gehitu zitzaien. Baina 2019tik aurrera azterketa guztiak frantsesez egitera behartuak izan dira. Hainbat ikaslek ekainaren 12an matematikako azterketa euskaraz egitea erabakia dute, nahiz eta horretarako aukerarik ez izan.

 

 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.