Hezkuntza komunitatea ere atera da kalera: “Zailtasun handiak dituzten familiekin lanean ari gara egunero”

  • Hezkuntza arloko langile nahiz ikasle mugimenduek nabarmendu dute greba orokorra jarraipen zabala ari dela izaten ikastetxe eta campusetan, hainbat zentrotako gaurko errealitatea azaldu diote ARGIAri eta azpimarratu dute aldarrikapena zergatik den funtsezkoa baita hezkuntzan ere. Argazkiak albiste bukaeran bildu ditugu.

Ikama

2026ko martxoaren 17an - 10:56
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Jarraipen handia, Hego Euskal Herri osoko eskola eta heziguneetan, halaxe errepikatu digute batzuek eta besteek. EAEn, datuak sektoreka eman dizkigu Pello Ruiz de Agirrek (LAB): haurreskoletan %80tik gorako jarraipena, zerbitzuetako langileen artean %65, irakasleen artean %60tik gora, eta EHUn jarduera akademiko “oso-oso murritza”. Heziketa Bereziko langileen kasua nabarmendu digute sindikatuek: gehiegizko zerbitzu minimoak ezarrita greba eskubidea oztopatzen zaiela kritikatu dute –beraien “antzeko pertsona batek” ordezkatu behar dituela dio aginduak– eta hala ere %50 baino gehiago greban direla gehitu du LABeko ordezkariak.

Miren Zubizarretak (ELA) EAEko ikastetxe ugariren errealitatea eman digu. Ikastetxe publiko gehienetan eragina izaten ari da greba, bereziki Gipuzkoan, eta horren isla, zenbait zentrotan zerbitzu minimoekin baino ez direla ari lanean. Besteak beste, honakoetan: Gipuzkoan, Urdaneta Ordizian, Egape Urnietan, Karmengo Ama Donostian, Garaikotxea Landaberri Lasarte-Orian; Bizkaian, Bengoetxea Galdakaon, Zamakola Juan del Mar Bilbon, Deustuko ikastola; Araban, Toki Eder eta Zabalgana Gasteizen, Laudioko institutua.

Heziketa Bereziko langileen kasua nabarmendu digute sindikatuek: gehiegizko zerbitzu minimoak ezarrita greba eskubidea oztopatzen zaiela kritikatu dute

Sukalde eta garbiketan, Zubizarretaren hitzetan, jarraipen altua, baita ere, bereziki sukaldeetan. Hainbat sukalde itxita egongo dira astearte honetan, hala nola Gipuzkoan Intxaurrondo, Ikasbide, Urdaneta, Domingo Agirre, Orokieta, Talaia; Bizkaian Mendia, Eretza, Gandasegi, Unkina, Zaldupe, Lekeitiokoa; Araban Gorbeialde, Aramaio.

Berdin haurreskoletan, handi asko gutxieneko zerbitzuetan baino ez dira ari: esaterako, Araban Arana eta El Pilar Gasteizen; Gipuzkoan Kiriketa Zarauzkoa eta Astigarragakoa; Bizkaian Etxeko Kuttuna eta Etxeko Seine Basaurin, Deustuko haurreskola Bilbon.

Eta itunpeko ikastetxeetan, azpimarratzeko batzuk: Santo Tomas Lizeoa Donostian, Beasaingo La Salle, Jado Erandion, Lautada ikastola Agurainen…

Nafarroan ere segimendu handia

Nafarroako irakaskuntzan, sektoreka, 0-3 zikloan jarraipen oso zabala izaten ari dela ziurtatu digu Hodei Tapiak (LAB), udalek kudeaturiko hainbat haurreskolak zuzenean itxi egin dute, Antsoainen eta Berriozarren adibidez, eta Iruñeko haurreskoletan %60-80 arteko jarraipena zenbatu dute; itunpeko ikastoletan, %70etik gorako jarraipena batez beste, batzuk baita %90ekoa ere, eta zerbitzu minimoak aktibatu behar izan dituzte gehienetan; Iruñerriko hezkuntza publikoan %80 ingurukoa da jarraipena.

Greba izaten ari den eraginaren isla, %100eko jarraipena zenbatu duten zentroak, hala nola haurreskoletan Egues, Berriozar, Izartegi (Iruñean); eskola publikoetan Amaiur, Auzperri, Ziga, Mendialdea II (Iruñea), Goizueta, Erratzu, Arizkun, Oronoz, Amazabal, Mendigoiti; eta itunpeko ikastoletan Baztan eta Ibaialde.

Tapiaren hitzetan, zonaldeka, Baztan, Bortziriak eta Malerrekan ikastetxe askotan %100 edota zerbitzu minimoak aktibatu beharrean izan dira, Leitza, Goizueta inguruan ere oso altua da jarraipena, eta Pirinio aldean badira nabarmentzeko kasuak, Otsagabia, esaterako.

"Hezkuntza komunitateak langile ezberdin asko sortzen ditu, sukaldariak, garbitzaileak eta abar, eta ez hori bakarrik, hezkuntza komunitateko parte garrantzitsu eta oso handi bat familiak dira"

Elkartasunetik

Gutxieneko soldata duina aldarrikatzen duen greba orokor hau hezkuntza komunitatetik nola irakurtzen den galdetu diogu Haizea Arbide STEILAS sindikatuko ordezkariari. Hezkuntzan, grebak elkartasunetik asko duela adierazi digu, irakasleen soldata 1.500 horietatik gora egon arren, “aldarrikapena funtsezkoa delako”. Dena den, gaineratu du, “egia da baita ere hezkuntza komunitateak langile ezberdin asko sortzen dituela, sukaldariak, garbitzaileak eta abar, eta ez hori bakarrik, hezkuntza komunitateko parte garrantzitsu eta oso handi bat familiak dira, gure geletan errealitate zailak ikusten ditugu, zailtasun handiak dituzten familiekin lanean ari gara egunerokoan, eta eskola ezin da gelditu horrelako arazo batetik kanpo”.

Ikama: “Etorkizun duina bermatzeko, gaurtik egin behar dugu borroka”

Leioako campusean harrapatu dugu Aimar Loiti (Ikama ikasle mugimendua) eta azaldu digu oso ikasle gutxi gerturatu direla campusetara. EHU nahiz NUPeko campusetarako sarbideak mozten eta fakultateetako ateak blokeatzen aritu dira goizean goizetik, eserialdiak eta “klase pasada zaratatsuak” egiten, eta pikete politikoetan indar egiten, “ikasgelara gerturatu diren ikasle gutxi horien kontzientzia piztu eta borrokara batzeko”.

Loitik argi du zergatik mobilizatu diren ikasleak astearte honetan: “Gure hezkuntza ibilbidea kalitatezkoa izateko, ezinbestekoa da bizi eta lan baldintza duinak bermatzea eta azken urteetako gastu igoerak ikasleok ere bete-betean interpelatzen gaitu. Beharrezkoa da sistema kapitalista jo-puntuan jartzea eta aberastasuna banatzeko eta gizarte berdinzaleagoa erdiesteko neurriak aldarrikatzea, gutxieneko soldata duinaren gisan. Gazteak gara gizarteko sektore zaurgarrienetakoa, gure belaunaldiaren etorkizuna zapalkuntzak eta ziurgabetasunak ardazten dute, lan prekaritateak, eta etorkizun duina bermatzeko, gaurtik egin behar dugu borroka”.

"Gazteak gara gizarteko sektore zaurgarrienetakoa, gure belaunaldiaren etorkizuna zapalkuntzak eta ziurgabetasunak ardazten dute, lan prekaritateak"

Aldarrikapen propioari ere leku egin nahi diote greba orokor honen barruan: hezkuntza publiko eta komunitarioa, Euskal Herria izanik eraldaketarako eremua eta independentzia horretarako tresna.

IAS: “Langile klasearen eskubideen alde”

Beñat Astizek ere (Ikasle Antolakunde Sozialista) ziurtatu digu langile eta ikasle gutxi batzuk baino ez direla gerturatu astearte honetan campusetara. Fakultateetako ateak itxi dituzte, enpresa armamentistikoekin harremana duten fakultateak markatu, horma eta lurretan mezuak idatzi, ikasgeletako aulki eta materialarekin sarrerak itxi, eta esku-orriak banatu grebarako deialdia eta arrazoiak sozializatzeko.

“Langile klasearen eskubideen aldeko borroka den heinean, ildo berean ikasleok ere gure interes eta baldintzak borrokatu behar ditugu”. Sistema kapitalistaren aurkako greba dela garbi du Astizek eta ezinbestekoa dela sistema horren barruko produkzioa etetea, “langile klasearen baldintzak hobetzea eskatzeko”.

 Ikama

 Ikama
 Ikama
 IAS
 IAS
 IAS
Deustuko ikastola publikoan. "Ez dago apenas jenderik, grebaren jarraipen altuaren isla". ELA

Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

M17 Greba Orokorra kanalean gehiago
2026ko martxoaren 18
Goizean argi
Olatu urdina

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.