Hezkuntza kanal berritua estreinatu du ARGIAk, ikas-komunitatearen jarraipena indartzeko

  • Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalaren eskutik. Astelehen honetan bertan bi sail berri estreinatu ditu kanalak: ikastetxeetako esperientzia onen bideo-erreportajeak eta eztabaida sustatzea helburu duen podcasta.


2026ko urtarrilaren 12an - 07:00
Azken eguneraketa: 16:28
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Martxan da ARGIAren Hezkuntza kanal berritua. Dagoeneko gaiari egiten diogun jarraipen zabalak segida izango du albiste, erreportaje, elkarrizketa eta zutabe ugariren bidez, diseinu ukitu bereziekin, eta aukera gehiagoz hornituta, hala nola artikuluetan eta sortzen diren gogoeta eta eztabaidetan iruzkinak utzi ahal izatea –komentarioak ikusgarri jarriko ditugu Iruzkinen txokoan, irakurleek iruzkinak utzi ahala–, hezkuntzaz ARGIAn publikaturiko guztiaren inguruan bilaketak egitea, eta heziguneetako proiektu interesgarriak edo bestelakoak partekatzeko hezkuntza@argia.eus emaila baliatzea.

Astero, Etxerako lanak

Hezkuntzari eta heziketari (eskolari nahiz etxeari) erreferentzia egiten dion podcast berriak galderak ditu abiapuntu eta ildo nagusi. “Etxerako lanak” du izena eta Mikel Garcia Idiakez kazetariaren gidaritzapean, astelehen goizero gai bati helduko zaio, eztabaida eta gogoeta pizteko asmoz. Gai jakin horretan aditu direnen iritziak eta proposamenak jasoko ditu Garcia Idiakezek, eta lagun berezi bat ere izango du alboan: Eider ikasle fina. 13 urteko orojakilea arbelera aterako da astero-astero, eztabaidagaiari buruzko pistak, datuak edota gakoak emateko.

Podcastaren lehenengo atala astelehen honetan bertan abiatu da eta sailaren titulua baliatuz, ikasleei bidaltzen zaizkien etxerako lanez aritzeko aprobetxatu du tartea kazetariak. Zertan dira lagungarri eta zertan ez? Ba al dute zentzurik? Auzi klasikoari tiraka, Lurdes Imaz guraso elkarteko koordinatzailea eta Iñaki Larrea irakaslea izan ditu bidelagun Garcia Idiakezek. “Etxerako lanak, zertarako?” lehenengo atala lotura honetan entzun dezakezu.

Suizidioa ez denean tabua

“Ikusi eta ikasi. Esperientzia onak partekatzen” bideo-erreportajeen saila ere martxan da. Hilero, asteko bigarren astelehenetan, ikastetxe batera egindako bidaia kontatuko dugu bideo-erreportaje bidez, martxan duten proiektu edota dinamika jakin bat ezagutzea helburu. Eskoletan egiten dituzten praktika onak jasotzeko eta partekatzeko apustua egin du ARGIAk. Sail honetan, ARGIAko Mikel Garcia Idiakez kazetariarekin eta Eneritz Arzallus Alustiza eta Manex Moreno Uharte ikus-entzun taldeko kideekin batera, Bira Produkzioak kooperatibako lagunek ere parte hartzen dute errodajeetan.

Lehenengo atala ikasleen ongizate emozionalari eta suizidioaren prebentzioari eskaini dizkiogu eta Abadiñoko Matiena institutura gerturatu da lantaldea, hezkuntzak gaur egun duen erronka potoloenetakoari nola heltzen dioten ikusteko. “Suizidioa ez denean tabua” izeneko bideo-erreportajea lotura honetan ikusi dezakezu.

Nobedadeak horiek izanik ere, hezkuntzaz diharduten ARGIAko kazetari eta kolaboratzaileek eskola munduko azken gertakari, eztabaida eta gogoetei eustea dute erronka, eta gogotsu heldu diote desafioari, orain gainera txoko berezia baitu ARGIAk horien guztien erakusleiho: Hezkuntza kanala.


Irakurri gehiago: Hezkuntza Gizartea ARGIA Komunikazioa
Utzi erantzuna

8 iruzkin

Lorena
2026-01-12 // 11:05
Zorionak Mikel eta zorionak ARGIA, erreferente zarete gai honetan.
Josu B.
2026-01-13 // 12:37
Albiste bikaina hezkuntza munduan gabiltzan profesionalontzat. Eskerrik asko!
Alo
2026-01-13 // 12:37
Eskerrik asko! Oso erabilgarria!
Xabier Arrondo
2026-01-13 // 12:38
Albiste bikaina! Eta eskerrik asko iruzkinak emateko aukera gehitzeagatik!
Antton eta Txaro
2026-01-14 // 09:22
Zorionak Mikel. Lan serioa, zehatza, bikaina hirea. Zorionak!!!
Agurne
2026-01-15 // 21:06
"Ikusi eta ikasi"ko esperientzia, oso interesgarria, ea ikastola guztietan edo gehienetan martxan jartzea duten. Orientatzailearen papera ere ezinbestekoa da, gazteekin konektatzea da garrantzitsua... Eta tamalez hori ez dute denek lortzen.
Itziar
2026-01-15 // 21:08
Ikusi eta ikasi👌🏼 oso interesgarria. Ze garrantzitsua horrelako lanketak egitea! ea eredua zabaltzen den!
Txaro eta Antton
2026-01-18 // 18:24
Zorionak, Mikel! Bizkaiko eskola bateko eskola-umeen emozioei (zentzu zabalean) eta berorien kudeaketari buruzko elkarrizketa eta azalpenei buruzko lana (lan-pilotua) bertako irakasleekin txoil serioa, zehatza, balio handikoa. Zorionak!!!
(eta bi iruzkingilek dioten bezala, ea eskola gehiagotan martxan jartzen duten, ea eredua zabaltzen den !!! )
Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.