Heziketa neoliberala gizartearen ispiluan


2026ko otsailaren 20an - 09:53
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gaur egungo ikaskuntza proposamenak bideratzen ari diren diskurtsoetan neoliberalismoaren oinarrizko baldintzapena jartzen da jokoan: hezkuntza merkantilizatzeko joera. Ikaskuntza egitasmoen norabidea, arlo publikorako baliabideen esleipena murriztuz eta pribatizatuz gauzatzen denean, hezkuntza sistema merkatuko printzipio eta arauen arabera erregulatzen dela agerian jartzen da. Halaber, hainbat marketinerako teknika hezkuntza eremura zabaltzen direnean, optimizazioa, errendimendua eta arrakasta azkarra eskaini edo salduz, sailkapen eta ranking-en menpekotasuna, merkatu lehiaren mesedetan gertatzen da. Tamalez, ikaskuntza arautzeko egungo joera nabarmena da, saihestu ezineko zelai-jokoa, eta errendimendu ideologiaren isla.

Hain zuzen, ikaskuntza merkantilizazioa praktikan, hezkuntza jardunaren konplexutasuna hutsaltzeko eta hezkuntza despolitizatzeko interesaren emaitza dela onartu behar dugu. Egin daitekeen irakurketa bat honakoa da: hezkuntza beharrizanak eredu neoliberalaren aginduen menpe antolatuz gero, presio modu askotarikoak ezartzen dizkio jardun pedagogikoari. Sakonki aztertzen du gaia Teresa Maldonado irakasleak Pedagogismoaren gezurtapen bat (2025) liburu argitaratu berrian pedagogiaren gehiegikeria deiturikoaren ajeak, hots: jardun pedagogikoari ezarritako baldintzapen garaikideak.

Egungo Lan-nekearen gizartean (Byung-Chul Han) eta nolabaiteko desafekzioaren testuinguruan, akaso ulergarria izan liteke irtenbideak teknika salgarrietan bilatu nahi izatea, baina hezkuntza ez da merkatua. Hezkuntza praktika konplexua da, tokian tokiko lurraldean kokatua, bere tentsio etiko, politiko eta kulturalek zeharkatzen dutela. Hau da: hezkuntzaren jarduna praktika politizatua da.

Hezkuntza jarduna merkantilizazio esparru bihurtuz gero, emantzipazio tresna izateari lagatzen dio, pentsamendu askearen edo gaitasun sortzailearen kalterako

Diskurtsoa despolitizatzen denean, hezkuntzaren ikuspegi teknokratikoa gailentzen da kulturan. Alajaina, Paulo Freirerena bezalako ahotsak berreskuratzea zein mesedegarria litzaigukeen egungo aroan. Hark, hezteko prozesuan, kontzientzia kritikoa eta eraldaketa sozialarekiko konpromisoa ezinbestekotzat jo zituen. Hezkuntzak zeharkaturiko botere-egiturak zalantzan jartzeko, baina, marketinaren kulturatik eratorritako egokitzapen otzana baino, adorea eta kontzientzia kritikoa behar baitira. Ikuspegi teknokratikoak, ordea, jardun pedagogikoa merkatu legearen barruan diziplinatzea ekarri du, bikaintasuna ikurtzat harturik, errendimenduaren ideologia neutroa bailitzan saltzeko munduaren kultura bakar eta globalaren mesederako.

Ezagutza mardularen oinarria duen ikaskuntza baliotsua lehenesteko garaia da ordea, Gramsci-rekin (2023) batera, hezkuntza politika erradikal baterako mesedetan. Ez ote da ikaskuntzaren balio sakona eta kontzientzia kritikoa egungo aroaren ikuspegirik iraultzaileena? Politika erradikal batek eskatzen digu batez ere ezarritako mundua zalantzan jartzeko gaitasunari benetan heltzea, hezkuntza jarduna gizarte bideragarriago baten mesedetan urgentziaz jartzeko. Alabaina, adoktrinamendu globalaren eta ikuspegi indibidualistaren korrontearen aurka jardutea eskatzen du horrek, oldar neoliberalaren aginduei galga jarriko badiegu.

Hain zuzen, hezkuntza jarduna merkantilizazio esparru bihurtuz gero, emantzipazio tresna izateari lagatzen dio, pentsamendu askearen edo gaitasun sortzailearen kalterako. Batzuetan, ikuspegi teknokratikoa indartzeko; besteetan, giza autonomia galarazteko; edo tamalez, inposatu den mundukera globalaren ikuskera neoliberala erreproduzitzen duen makineria indartzeko.

Jexux Larrañaga Arriola

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.