Orduñan aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak landa-eremuko gazteen emantzipazioaren inguruko Emantzipazioa Begiratzen ikerketa. Erkidegoko gazteen %51,9ak jaiotako eremuan emantzipatu nahi duela jaso du, eta %20,7ak inguruko eremuan edo antzeko ezaugarriak dituen batean.
Eusko Jaurlaritzak astelehenean aurkeztu ditu Orduñan Emantzipazioa Begiratzen ikerketaren emaitzak. Landa-eremuko gazteek emantzipazioaren inguruan duten irakurketa jasotzea eta erakundeek udalerriaren errealitatetik bideratutako oinarria eskaintzea da ikerketaren xedea. Azterketa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoen Sailak bultzatu du, Bitar-Bask-erekin lankidetzan. Datuak bildu dituzte, metodologia kualitatibo, kuantitatibo eta parte-hartzaileen bidez.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eman du datuen berri. Ikertutako gazteen %51,9k jaiotako landa-eremuan emantzipatu nahi duela adierazi du, %20,7k berriz, inguruko edo ezaugarri antzekoak dituen landagunean, eta %6,7 izan dira hirian emantzipatzearen alde agertu direnak.
Ikerketaren arabera 18 eta 34 urte tartean dauden gazteen %31 emantzipatu da, eta batez besteko emantzipazio-adina 29,8 urtekoa da. Gazteen %91,8k adierazi du emantzipatzeko nahia izan arren ez duela aukerarik, gazteen %70aren esanetan, egiturazko arrazoien eraginez. Melgosaren esanetan, "kontua ez da soilik gazteek geratu nahi duten, baizik eta geratzeko baldintza nahikoak dauden benetako aukera izan dadin".
Azterlanak “etxebizitzarako, enplegurako, mugikortasunerako, zerbitzuetarako eta konektibitaterako” baliabide materialen gabeziak emantzipazioa oztopatzen duela jaso du. Melgosaren esanetan, arazoak “akumulatzen” dira, norbanakoaren “autonomia mugatzen” dutenak. Horretaz gain, sailburuak emozionalitatea gehitu du oztopo gisa, gazteak ondo egon ezean, “ez dutelako autonomia aukerarik”.
Gainera, emantzipaziorako sostenguan familia jarri dute erdigunean gazteek, inkestatuen %27,4ak familiaren laguntza jasotzen baitu. Melgosaren esanetan, politika publiko-komunitarioen beharra dago eta familiak besteko garrantzia eduki beharko lukeela onartu du, familiaren laguntza-gaitasunek “desberdintasunak” sortu ditzaketelako.
Landa eremuan eta eremu urbanoan etxebizitzarako, enplegurako, mugikortasunerako, zerbitzuetarako eta konektibitaterako baliabide ezberdinak daudela jaso dute ikerketan, landa eremuko “abiapuntuko baldintzak, kostuak eta aukerak” desberdinak direlako. Horregatik, sailburuak hausnarketa politiko eta instituzionalaren beharra plazaratu du, emantzipazioa “etorkizuneko EAEko demografiarako beharrezkoa” delako. “Emantzipazio-politiketan aurrera egiten jarraitzeko, etxebizitza, enplegua, mugikortasuna, zerbitzuak, konektibitatea, ongizate emozionala eta gazteen parte hartzea” bermatu behar direla adierazi du, “politika publikoen helburua benetako aukerak zabaltzea” izan behar duelako.