Hesien gainetik, harrotasunez

  • Larunbatean iragan da Baionan Ipar Euskal Herriko lehen Harrotasun Martxa Erradikala eta jendetza batu da Gure harrotasuna borroka da! Kuir Oldarra!  leloa zekarren banderolaren gibelean. 

Duela zenbait hilabete sorturiko Ipar Euskal Herriko Transmaribibollo Kolektiboa aritu da antolaketa lanetan. @photolau64

2026ko irailaren 21ean - 13:14
Azken eguneraketa: 2026-09-23 09:24
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Purpurina edo pailletak, Palestinaren banderak, musuak, takoiak, mezu antifaxistak, makillajea, irriak, hesiak hausteko deiadarrak, DJen soinu dantzagarriak bafletik eta lelo antikapitaslitak bozgoragailutik... Irailaren 19an iragan da Ipar Euskal Herriko lehen Harrotasun Martxa Erradikala Baionan eta 400 lagun inguruk erantzun diote deiari. Sexu- eta genero-disidenteek hartu dituzte karrikak, harrotasunez, kolektiboak ematen dien indarrak lagunduta. Ondoan izan dituzte zenbait aliatu, lagun onak, senide estimatuak zein betiko militante sutsuak, elkartasunez bertaraturikoak. "Munduaren testuingurua hain da katastrofikoa, on egiten didala hemen dagoen urostasunak", zioen aliatu batek. Hala da: ohiko manifestazio baten kodeak hautsi ditu larunbat eguzkitsu horretako protestak, eta harrotasuna aldarri erradikalez mamituta, Miarritzeko LGBT Pride-a ere irauli du. Gure harrotasuna borroka da! Kuir Oldarra! eta Transmaribibollo faxisten aurka banderak lehen lerroan jarri eta abiatu dute martxa. Ez, Baionako Harrotasun Martxa ez da Miarritzeko Pride-a, inondik inora, eta batek baino gehiagok eskertu du mami politikoz jantzi izana martxa. 

Presondegi aitzineko plazan jarri dute abiapuntua eta sortu berri den Ipar Euskal Herriko transmaribibollo kolektiboak bertatik zabaldu ditu bere kexu, aldarri, grina eta ortzi-mugak. Hain justu, ikuspegi intersekzionalari segi, begirada zabaldu eta sistemak bizirauteko beharrezko dituen "hesi" guztiak salatu nahi izan dituelako: gorputz disidenteentzako armairuez gain, presondegiak, papergabekoentzako atxikitze zentroak, muga administratiboak eta ospitale psikiatrikoak. "'Desbideratuak', 'bitxiak', 'anormalak' eta 'munstroak' garela erratean, sistema heteronormatiboak bazterretara eramaten gaitu, ustez, gu ahulduz. Baina, kontrara, bazterretatik gure nortasun disidenteak eta erresistentziak indartzen ditugu!". Heteroaraututik at, bazterretan, periferietan, ertzetan gustura direla argi utzi dute antolatzaileek, –txalo eta oihuz manifestariek berretsi egin dutena–, eta nazioarteko kuir guztiei elkartasuna adierazi ondoren abiatu dira Baionako karriketan gaindi.

Musukaldia Katedralean

Nekez pasako ziren katedral ondotik ezer egin gabe. Poliziak ere aurreikusita du eta balekibale arkupean jarri dira lerroan, monumentuaren barna babesteko prest. Baina tapiza gorria lurrean ezarri eta bi Santa Maritxuk [Sainte Tafiole] hartu dute mikrofonoa, LGBT genealogiari begi-kliska eginda kissing edo musukaldi baterako gomita eginda. “Musukatu, besarkatu, milikatu edozein katu, beti ere errespetuan... DJ, maestra, jarri musika: 5, 4, 3, 2 1... musukatu!". Elizak ikusi nahi ez dituen musuek, besarkadek eta karesek hartu dute lekua tarte labur batez.

Berdin-berdin Santa Izpirituko zubian egin dute geldialdia, Baionako Herriko Etxeak gatazka sortu zuelako bertako nazioarteko banderen hautaketarekin –Palestinakoa faltan, ondotik jarrita, gero kenduta, Israelgoa aldiz hor utziz hastetik buru–. Baiona Palestinarekin taldeari mikrofonoa utzi eta Queers for Palestine kolektiboaren adierazpena zabaldu dute ozen-ozen.

Atharratzeri Baiona gehituta

Ipar Euskal Herriko sexu- eta genero-disidente orok nahi baino gehiago daki Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako errealitatea zein heinetaraino den heteroarautua. Poliki-poliki doaz mentalitateak aldatuz, ertzetatik eta transfeminismotik zabalduriko ekarpenei esker. Baina bertan gelditu eta identitate horri lekua egiteko dinamika kolektiboak loratuz doaz azken urteetan eta plazak, karrikak eta festa espazioak iraultzen dabiltza. Atharratzeko (Zuberoa) Bekat’Uros ospakizuna da duda gabe Ipar Euskal Herrian libre eta harro bizitzeko asmoz abiaturiko dinamika kolektiboaren lehen mugarria, lehen aldiz 2023an antolaturikoa. Ondotik etorri zen Bitxi-Bitxi kolektiboa Baionan dabilena, eta argiki larunbatean eman zen urrats esanguratsu bat gehiago: Harrotasun Martxa Erradikala. "Eredu bat defendatzen dugu, non loturak haustea eta giltzapetzea ez diren erantzun sistematikoak. Eredu bat, non norbanakoak aurrebaldintzarik gabe existitu daitezkeen, non nortasuna ez den patologizatzen eta non konplexutasun horiek parteka ditzakegun. Bizi baldintza duinen eta ertzetatik aske izatearen aldeko borroka da gurea".

Eskuin muturraren eta jarrera erreakzionarioen gorakadak ere hauspotu zien Harrotasun Martxa Erradikala antolatzeko gogoa. Ikusita 2027ko Frantziako presidentzialetarako aurreikusitako RN alderdiaren mehatxua, baita larunbatean sentituriko grina eta poza sentituta ere, ez litzateke harrigarria gelditzeko etorri izana kuirren hitzordu berri hori. Geroak erranen. 
 

Hemen argazki galeria:

"Gure harrotasuna borroka da! Kuir Oldarra!" mezua entzunarazi dute martxan ziren dozenaka lagunek. @photolau64
Martxa presondegi aitzinetik abiatu da eta bertatik zabaldu dute antolatzaileek beraien irakurketa politikoa. Julia Darrieumerlou
DJek eta batukada feministak berotu dute martxaren giroa. Julia Darrieumerlou
LGBTQI+ borroka antifaxismotik bideratzeko deia zabaldu dute antolatzaileek. Julia Darrieumerlou
Palestinaren kontrako genozidioa salatu dute, Queers for Palestine kolektiboaren adierazpen bat irakurriz. Julia Darrieumerlou
'Kissing' edo musukada kolektiboa, katedrala aitzinean. @photolau64
Festa giroan iragan da Ipar Euskal Herriko lehen Martxa Erradikala. Julia Darrieumerlou
'Pole dance' ikusgarriak eman dio bukaera martxari. @photolau64

 


Ipar Euskal Herria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.