argia.eus
INPRIMATU
Herritarren telefonoetako informazioa "helburu polizialetarako" erabiltzeko prest azaldu da Espainiako Gobernua
  • Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak asteleheneko prentsaurreko batean adierazi du, gobernuak ez duela baztertzen, mugikorretatik bildutako informazioa erabiliz, herritarren mugimenduen berri izatea eta horiek helburu polizialekin erabiltzea.  Koronabirusari aurre egiteko arauak ea betetzen diren egiaztatzeko dela gaineratu du.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 14a

Herritarren mugikorretatik bildutako datuak ea osasun-helburuekin ez ezik, Espainiako Gobernuak beste helburu batzuetarako ere erabiliko ote dituen galdetu diote Grande-Marlaskari astelehenean. Informazio pribatu horren erabileraren helburuak "zaintza, gainbegiratzea edota herritarrak zigortzeko" izan daitekezkeela argitu du barne-ministroak, Europa Pressek jaso duenez.

Datu horiek "erabili behar direnean, erabiltzen badira, legearen eta justiziaren babesean egingo dugu. gaineratu du Grande-Marlaskak. Ikusi Espainiako Osasun ministro Salvador Illa eta Grande-Marlaskaren prentsaurrekoa osorik:

 

Nola lortu herritarren informazioa?

Bi aplikazio nagusi garatu eta zabaldu ditu Espainiako Gobernuak alarma-egoera honetan. Asistenciacovid19 sintomak dituztenentzat eta bereziki DataCOVID, 40 milioi mugikorren informazioa jasotzeko asmoz sortutakoa, "urruntze sozialerako neurrien eragina" aztertzeko.

Moncloak aipatu duenez, indarrean dagoen legediaren arabera funtzionatzen du aplikazioak, eta ez du "pertsonen pribatutasuna urratzen", haien esanetan, herritarren mugikorretatik hartutako datuak "agregatuak eta anonimoak" direlako.

Espainiako Estatuan, Europako herrialde gehienetan bezala, telefonia mugikorreko antenek estalitako zonaldetan banatuta du eremua. Beraz, lekuz mugitzean, telefonoa beste antena batera konektatzen da, eta horrela, GPSaren beharrik gabe, zer eremutik zer eremura mugitu zaren jakin daiteke.

Datuak biltzeko, ohi legez, telekomunikazio-enpresa multinazionalek laguntza eskaini diete gobernuei. Horren erakusgarri, Apple eta Google elkartu dira telefono mugikorren Bluetooth-a erabiliko duen aplikazio bat garatzeko. Helburua da, haien esanetan, "gobernuei erraztea herritarrak norekin elkartzen diren jakitea, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko".